Ekitaldia hasi baino hiru ordu laurden lehenago Xumelako lagunak Okendo plazan batu dira. Hiru abesti eskaini dituzte gitarra eta eskusoinuaren doinuak lagunduta, eta ondoren, kultur etxera bidea hartu dute, kantuan. Saioa hasi baino ordu laurden lehentxeago iritsi dira aretora eta lehen ilaretan eseri dira argiak itzaltzeko ordua heldu den arte. Eszenarioa argiztatu dutenean, altxa, eta Behin betiko kantatu dute.
Ondoren, agurra dantzatu dute Erketz EDTko bi dantzarik, txistulariek lagundura. Haien lekukoa, Earra bertso eskolako Oihan Navarrok eta Maddi Lasa Ormazabalek hartu dute. Bertso bana kantatu du bakoitzak, Navarro hasita:
Laurogeigarren urtean Oñatitikan hasita,
hogeita laugarrenean mantentzen dugunez zita.
Irunen hasi ondoren, Baionara irrintzika
helduko zaigu bizipoz eta kolorez jantzita
Nola Lasarteri ere egingo dion bisita,
euskararen geroaren atzetik goazen Korrika.
Euskararen geroaren atzetik goazen Korrika.
Oraindik badugulako guztiok zer aldarrika
Ondoren, Lasak:
Nahiz hasieran ekimenek sorrarazi mila duda,
orain Korrikan euskara indartzea da ohitura
Jarrai dezagun zabaltzen hizkuntza eta kultura
ekiditeko eraiki den sarearen haustura.
Har dezagun lekukoak berekin duen ardura.
Harro herriz herri eman indarra eskutik eskura
Harro herriz herri eman indarra eskutik eskura
Jarrai dezagun zabaltzen euskara orain mundura
Maider Segurola kazetariak aurkeztu du ekitaldia. Iruñean atzerapena pilatu arren, aurreikusitako denboran doala azaldu du, eta ekimen hau, motorrak berotzeko elkargune eta topagune izateaz gain, festa izatea nahi dutela; Harro herri leloari helduta, harrokeriarik gabe, harro daudela esan nahi dutelako. “Harro egoteko motiboak izatea harrotasunerako giltzarri delako”. Lehen Korrika xumea gogoratu du eta izatera iritsi dena arrazoi horietako bat da.
Herriaren babesa
Sorrerari buruzko zenbait kontu kontatu ditu eta antolaketan aritu eta ari diren ehunka pertsonen ezinbesteko lana nabarmendu du. Muntteri AEKk ere laguntza eta herriaren berotasuna “bete-betean” nabari duela adierazi du, eta horren erakusgarri, ekitaldian parte hartu duten talde eta elkarteak. Jarraian, beste bi aritu dira. Jalguneko lagunek zenbait abesti zati dantzatu dituzte, eta Kukukako kideek Korrika kantaren koreografia eta beste pieza bat eskaini dituzte.
Aurtengo omenalduez hitz egin du Segurolak berriro agertokira irten denean. Ipar Euskal Herriko Azterketak euskaraz kolektiboa da, kolegioa edo lizeoa amaitzen egin beharreko azterketa euskaraz egiteko eskubidea izan dezaten borrokan ari diren gazteak. 35 urtez borrokan daraman taldeari aitortzak bere egoera ezagutarazi nahi du.
Baionan amaituko da Korrika datorren igandean eta hara “dotore” joateko proposamen gisa, aurtengo arroparen desfilea egin dute. Herriko AEKn jada ez dago salgai, baina Donostiako Parte Zaharreko dendan eskuragarri dago.
Gauerako motorrak berotzeko (eta bide batez, goputza) astearterako prestatutako jarduera zerrendaren berri eman du Segurolak, Alboka eta Erketzen emanaldien aurretik. Bina piezaren emanaldia egin du talde bakoitzak bakarka. Dantzariak joan direnean, Isa Fernandezek 22. Korrikako argazkiekin osatutako bi bideoak proiektatu dituzte, Korrika Txikikoa, lehenik, eta nagusikoa, ondoren.
Harrotasunerako zergatiak
Peto banaketari ekin aurretik, Lasarte-Oriako Korrikako arduradun Amaia Lopez de Luzuriagak hitz batzuk esan dizkie bertaratutakoei:
"Harro herri. Euskaraz jakin zein ez, har dezagun dimentsio orotan eragiteko konpromisoa; herria batuta, harrotasunez. Konplexuak gainetik kendu, mugi dezagun euskararen herria ingurua mugiarazi arte. Harro hadi Kantauri itsasoa, Arabako mahats, Bardeako buztin, harro zite Pirinioetako elur, Meatzaldeko burdina. Elkarrekin nahi ditugu pausoak egin, espazio berriak irabazi eta hitzez zein ekintzez, aldarri egin. Gauden harro garenaz eta egiten dugunaz, bete ditzagun etxe eta kaleak euskaraz. Harro plazan, online zein kanpoko bizitzan. Harro herri eta harro Korrikan!".
Korrika Kulturalaren barruan, ostegunean egindako solasaldian parte hartu zuten zazpi lasarteoriatarrei aipamena egin die. Txikitan euskararik ez bazuten ere, orain euskaraz bizi dira eta harro daude egindako bideaz. Lopez de Luzuriagaren esanetan, haien testigantzek "oso argi islatzen dute" Korrikan zabaldu nahi duten mezua. "Uste dut Lasarte-Oriak badituela motiboak harro egoteko eta harro herri izateko". Amaitzeko, eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei.
Kilometroz kilometro deitu dituzte haiek erosi dituztenak eta euskaltegiko irakasleek banatu dizkiete petoak. Batzuek aurrez jaso dituzte, beste batzuek ezin izan dute galan egon eta datozen egunetan eskuratuko dute. Edozein modutan, horiek banatuta, astearterako atzera kontua abian da.