Garzonen bihotzaren taupadek Ecuadorreko eta Euskal Herriko erritmoa dute, erdi eta erdi. Hego Amerikako herrialde horretatik Gipuzkoara etorri zen duela bi hamarkada pasatxo, nora eta Tolosara, giro oso euskalduneko udalerri batera. Bertan ezagutu zuen bikotekidea eta hasieran gaztelaniaz hitz egiten zuten. Pixkanaka-pixkanaka euskararen unibertsoan murgiltzen hasi zen eta urrats bat gehiago egitera animatu zen familia izatea erabaki zutenean, haurrek "integratuta" egotea nahi zutelako: "Horretarako garrantzitsua zen euskara ikastea, hizkuntza horretan hezi nahi genituelako umeak. Zortzi urtez aritu nintzen euskaltegian".
Denbora horretan guztian buru-belarri aritu zenez euskara ikasten, burua eta gogoa freskatzeko tarte bat hartzea erabaki zuen. Indarberrituta, bideari berrekin zion, garbi izanda mintzamena praktikatzea zela ikasteko gakoa: "Gaizki ala ondo hitz egin, lotsarik ez nuen". Prozesua ez du erabat bakarrik egin, bidelagunak izan dituelako inguruan, hala familia nola lagunak eta bere haurren ikaskide direnen gurasoak.
"Bide luzea izan da eta kosta zait. Adibidez, sentitzen nuen ez nuela ezer aurreratu euskarazko abesti baten letrak esan nahi zuena ulertzeko gai ez nintzenean. Egun batean klik egiten duzu eta hori gertatzen denean sentitzen duzu mundua jaten ari zarela, beste hizkuntza berri bat ulertzen duzulako eta hitz egiteko gai zarelako".