Mikel Ibarguren: "Gurea ez da heroien pelikula bat, on eta txarrena"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko mar. 8a, 08:00

MIKEL IBARGUREN NEGU KOLEKTIBOKO KIDEA

Aktore izatea ogibide duenak zuzendu ditu 'Negu hurbilak' filmean lan hori egin duten pertsonak. Prozesu horretan "asko ikasi eta desikasi" duela nabarmendu du.

Manuel Lekuona Kultur Etxean izana da lehendik ere berriki Lasarte-Oriara bizitzera etorri den Mikel Ibarguren zestoarra. Behin behintzat bai: 2022ko azaroan Formol Laborategiaren Album antzezlanaren emanaldia egitera igo zen oholtza gainera Intza Alkain herritarrarekin batera. Igande honetan ikus-entzuleek euren eserlekuetatik ez dute Ibarguren bera ikusiko parean, beste hiru lagunekin batera zuzendu duen Negu hurbilak filma baizik. 19:30ean hasiko da. Sarrerak salgai daude 6 eurotan.

Otsailaren 23an estreinatu zenuten 'Negu hurbilak' Euskal Herriko zinema aretoetan. Zer-nolako harrera izaten ari da?

Espektatiba handiak ez genituen pelikula takillero askorekin konpetitzen ari garelako, baina, lehen asteetako datu batzuk pasa dizkigute eta jo, Espainiako zazpigarren film ikusiena izan da, Donostiako SADE zinemetako lehenengoa... Harrera beroa izaten ari da eta ibilbide polita. Hori esanda, badakigu epemuga laburra izango duela, dinamika hau sostengatzeko dirurik ez dugulako.

Zure ustez, zeintzuk izan daiteke harrera bero horren arrazoiak?

Ez dakit zein izan daitekeen interesa sortu duen faktorea... Izan daiteke arrazoietako bat pelikula bat euskaraz ikusi ahal izatea zinema areto batean, adibidez. Pantailak Euskaraz eragileko kideek datu batzuk pasa zizkiguten urtarrilean, erakusten dutenak euskal produkzioen portzentajea oso baxua dela. Hausnarketagai bat badago hor, zineman horren euskara gutxi egoteak zenbat ate itxi eta aldi berean irekitzen dizkizun... Negu hurbilak egin dugunon berri jende gutxik du, ia inork ez gaitu ezagutzen eta zentzu batean zoragarria da aurretik eraikitako espektatibarik gabe ikusten dutelako ikus-entzunezkoa. Bestalde, zalea denak eta jaialdiak jarraitzen dituenak ikusi du nazioartean izan dugun harrera eta horrek erakar dezake.

Bestalde, euskal gatazka politikoaren gaiak ere badu pisua, noski. Uste dut badagoela behar bat hor, modan dagoelako horri buruzko fikzioa egitea baina kanpotik datozen produkzio handien bidez, eraikitzen ari dira errelato bat ikuspuntu eta interes jakin batzuetatik. Zentzu horretan, afera honekiko militantzia bat badago gure aldetik.

Lasarteoriatarrek igande honetan izango dute filmaz gozatzeko aukera. 'Spoiler'-ik egin gabe, zer aurrera diezaiekezu? Zergatik joan 'Negu hurbilak' ikustera?

Sinopsi labur bat eginda, 2011ko udazkenean kokatuta dago; ETAk iragarri berri du armagabetzea. Euskal gatazka politikoaren barruan, ihesaldiarena izan da hasieratik jorratu nahi izan dugun ideia, asko inspiratu gaitu. Neska gazte batek (Jone Laspiur) ihes egin nahi du eta muga zeharkatzeko bidean Zubietara (Nafarroa) iritsiko da.

Hasieran pelikula narratiboago bat egitea genuen buruan. Izan zezakeen akzio, abentura gehiago, baina filma prestatzeko dokumentazio lana egiten hasi ginenean erabaki genuen zerbait humanoa egin nahi genuela, oso barrukoa, detaile txikiei garrantzi handia emanda. Buelta eman diogu pastelari, gurea ez da heroien pelikula bat, on eta txarrena. Egiazko zerbait eraiki nahi izan dugu. Itxaroteari eta zain egoteari buruz hitz egiten du, gauza asko kolokan jartzen ditu eta galdera asko egin ikus-entzuleei. Publikoak ibilbide bat egin beharko du protagonistarekin batera, bakoitzak berea. 

Uler dezaket agian batzuei astunagoa egitea baina narratiboa da, eta, haria, jarraitzen erraza. Gaur egun dena abiadura bizian doan honetan agian arraroa dela gurea bezalako talde gazte batek lan pausatuago bat egitea. Negu hurbilak-ek stop esaten dio dinamika horri eta beste erritmo bat du.

Tarte bat hartu eta hausnarketa egiteko aukera ematen diguten jarduerak luxuzkoak bilakatu al dira?

Kultura eta artea kontsumitzeko ohiturak aldatu egin dira eta publikoa ere bai. Adibidez, nork hartzen ditu orain 40 minutu CD bat entzuteko? Hasiera Bat lana argitaratu du berriki Gorka Urbizuk eta horren apologia egiten ari da... Zaila da horrelako zerbait eskatzea, ulertzen dut. Zentzu horretan, iruditzen zait oso apustu indartsua egin dugula, ikus-entzuleei eskatzen diegulako denbora hartzea eta protagonistarekin batera bidaiatzea. Eta aizu, baten batek emanaldi erdian altxa eta etxera joan nahi badu, ba egin dezala!

Agian zaharrunoa da hau esatea baina erromantizazio bat dago egiteko modu horretan, galtzen ari den alderdi humanoari eta iraganari begirada bat. Analogikoan filmatu izanak ere ematen dio kutsu hori. 

"Iruditzen zait oso apustu indartsua egin dugula, ikus-entzuleei eskatzen diegulako denbora hartea eta protagonistarekin batera bidaiatzea"

Hori da arreta deitu didan gauzetako bat, pelikula analogikoan filmatu izanak, 16 milimetrotan. Zergatik erabaki duzue hala egitea?

Analogikoan grabatzea apustu garrantzitsu eta arriskutsua izan da aldi berean. Zinta jakin batzuk genituen errodatzeko eta grabatzen zoazen heinean amaitzen direnez, planoekin oso kontuz ibili behar genuen, gaizki ateraz gero kanpoan geratzen zirelako; oso gutxi errepikatu ahal izan ditugu. Presioa eragiten du horrek, noski, baina, aldi berean, sekulako konexioa izan dugu ekipoko kide eta aktoreek, ikaragarri kontzentratu behar genuelako lan egin bitartean. Nire ibilbidean ez dut halakorik bizi izan inoiz. Ekoizpen konbentzionaletan behin eta berriz errepikatzen dituzu eszenak zuk nahi duzun hori lortu arte, hamabi orduz egon zaitezke baina egiazkotasuna galdu egiten duzu bidean, aktoreek bizioak hartzen dituzte... Hori ez da gure egiteko modua.

Bestalde, denborari dagokionez nebulosa, nahaste moduko batean sartu nahi genuen, iaz egindako film bat 2011n dago kokatuta baina izan zitekeen 1980. urtea ere. Horretan lagundu dute formatu analogikoko pikorrek.

'Negu hurbilak' filmeko fotograma bat. Argazkia: Negu Kolektiboa.

Ekipoaz ari zarenean, zenbat kidez ari zara? Lau pertsonaren artean zuzendu duzue filma.

Negu Kolektiboa hamar bat pertsonak osatzen dugu. Gezur handi bat kontatuko nuke horizontaltasunaren halako apologia bat egin eta den-dena modu asanbleario batean erabaki dugula esango banu, baina, talde oso osatua da, lehendik ere gauzak sortzetik datorrena. Bakoitzak du bere funtzioa baina denok ematen dugu iritzia guztiari buruz: gidoia, argiztapena, irudia... Erabaki batzuk hartu behar dira eta ez dira denen gustukoak izaten baina iruditzen zaigu badela zinema egiteko beste era bat, bide berriak esploratu eta gauza konbentzionalak kuestionatzekoa. Ildo horretatik, neurri batean badagoen arren, hierarkizazioari aurka egin eta den-dena zuzendari baten figuran biltzeari aurre egin diogu. 

Uste dut belaunaldi berrietakoak garenok badugula nahia gauzak beste era batera egiteko. Buruko mina ematen du batzuetan horrela lan egiteak baina kristorena dela uste dut, errespetu handia dago gure artean.

Aktoreak zuzendu dituzu, Mikel. Nolakoa izan da lan hori, kontuan izanda profesional bakarra Jone Laspiur dela eta gainerakoak Zubietako herritarrak?

Ba jo, pila bat ikasi dut eta aldi berean desikasi ere bai. Aktorea naiz ni eta beldurrak izan ditut gauzak nola egin erabakitzerakoan, izan ere, emaitza jakin bat duzu buruan eta ulertu behar duzu pertsona horiek beste toki batzuetan daudela, ez delako haien lana. Maitemindu egin ginen Zubietarekin eta gure berrien aurrean gertatzen ari ziren egiazko gauza horiek islatu nahi genuen, beraien eguneroko bizitza. Eskerrak, benetan, eskerrak, bertakoak ez diren antzezleak ez genituela ekarri hori guztia irudikatzeko; oso inozoak izango ginateke.

Jakina, buruan garbi genuen zer nahi genuen eta jarraibide orokor ematen genizkien, 'eszena hau hemen hasiko da' eta horrelakoak, baina, gero, aske uzten genituen euren eguneroko zeregin eta hizketaldietan. Aktore moduan aritu diren herritarrek inozentzia puntu bat bazuten, ez zekitelako zer zen grabaketa bat. Ez ziren kontziente atzean zegoenaz eta horrek toki batera eraman gintuen non oso handia izan zen gure sormen maila. Ez genuen asko entseatu, hori egiten genuen bakoitzean bizioak hartu eta egiteko modu jakin batzuk irudikatu nahi zituztelako. Horrek erakusten du kaka galanta direla intseguritateak eta gauzak egiteko modu eta jokabide konkretu batzuk islatu nahi izateak. Horrek guztiak egiazkotasuna kentzen zion lanari eta justu horixe nahi genuen jaso guk. Zentzu horretan, Jonek parte hartu du prozesuan eta ez ditu egoerak behartu edota bere pertsonaiaren ezaugarrietara ekarri; eszenen tokiak eta uneak errespetatu ditu. 

Lehen esaten nuenaren haritik, hor badago zinema egiteko modu berri bat. Anita izeneko 80 urteko emakume batek bere burua pelikula batean ikustea, Locarno-ko jaialdian esatea guri pertsonaia hori ikaragarria dela, ea nondik atera dugun eta guk 'ez ez, benetako pertsona bat da egunero bere tailerrean lan egiten duena'. Zoragarria izan da.

Aktoreei munduko errespetu handiena izanda esaten dut hau guztia e, ni neu antzezlea naiz baina iruditzen zait behar dugula zerbait berria, oso ohituta gaudelako ikustera betiko pertsonaiak betikoa egiten.

"Eskerrak, benetan, eskerrak, ez genituela Zubietakoak ez diren antzezleak ekarri bertako bizimodua irudikatzeko; oso inozoak izango ginateke"

Zuzendarietako bat izan den Ekaitz Albite eta zuri Lander Arretxeak 'Argia'-rako egindako elkarrizketako esaldi bat asko gustatu zait: "Zinegileak ulertzen duenean bere begien aurrean gertatzen dena interesgarriagoa izan daitekeela buruan duena baino, mundu berri bat zabaltzen zaio". Zaila al da norberak bere baitan duena alde batera utzi eta egoera berrira moldatzea? Egoak-eta sar daitezke hor jokoan...

Zenbait kasutan behar duzu egitura jakin bat eta ongi iruditzen zait, baina gure egiteko moduan ez bagaude gure aurrean gertatzen ari denari adi... Proiektuari ekin genionean gure planteamendua azkenean izan dena baino estrukturalagoa zen baina dokumentazio lana egiten hasi ginenean ikusi genuen ez genuela hori nahi. Guay dago zure begien parean pasatzen ari denari erreparatzea, benetakoa den horri. Errodatzen hasi aurretik egindako lana oso garrantzitsua da noski, baina ufa, horretara mugatzen bazara alde egingo dizute une askok. Norabidea argi genuen baina ez zen zurruna, bizitzeko modu batekiko oso desmontagarria baizik. Horrelakoa izan da Negu hurbilak

Zubietan filmatzen ari ginen egunetan gertatutakoez hitz egiten genuen denok gauean, bileretan. A zer modu ederra gidoi bat egiteko, beraien bizipenak entzutea. Bizpahiru detaile ateratzen bagenituen, ba horiek nekatu arte esploratzen genituen.

Zergatik aukeratu zenuten Zubieta herria?

Mugan dagoen herri baten bila ari ginen, Baztan aldean hasieran, baina gero Malerreka eskualdean jarri genuen fokua, eta, bereziki, Zubietan. Zubi bat igaro behar duzu bertara sartzeko, sartzen zara eta erdi-erdian frontoi bat dago... Denboraren nebulosa hori irudikatzearen ideiarekin konektatu genuen pila bat.

Tokia izugarria da, eta, bertan bizi diren herritarrak, zer esanik ez. Maitemintze handi bat izan dugu, lanean hasi eta beraien etxe eta bihotzak ireki zizkigutenean... elkarri esan genion han zegoela kontakizuna. Guretzat desberdina den bizimodu bat ezagutu dugu, galtzen ari dena. Horri keinu bat egin diogu, azken finean hortik gatozelako. Badirudi 80 urte egin dugula atzera.

Emakumezko iheslari bat da protagonista. Apropos bilatu duzue hori?

Militantzia desmitifikatu nahi izan dugu, egiturak zalantzan jarri eta kritikatu. Neurri batean, antolaketa modu horren porrotaz hitz egiten du Negu hurbilak-ek, munduko estruktura sendoena izanik ere zer-nolako bakardadea sentitzen duzun ihes egin behar duzunean. Barruan goxo zaude, baina, kanpora joan behar duzunean sekulako hotza egiten du. Protagonistak begirada deseroso eta barruko bat izatea nahi genuen eta Jonek badu hori, ezagutu genuenean ikusi genuen.

Asko ikasi dugu horri buruz dokumentazio lanerako egin genituen elkarrizketetan, iheslariekin. Emakumezkoak izan ziren gehienak eta horietako batek kontatu zigunak markatu zuen filmaren norabidea: 'Hemen dago pelikula', esan genuen. Figurak, batetik, hauskorra behar zuen izan, eta, bestetik, indartsua, kontakizunaren zama osoa bere bizkar gainean eraman zezan.

'Negu hurbilak'-eko protagonista gorpuztu du Jone Laspiur aktoreak. Argazkia: Negu Kolektiboa.

Bartzelonako ESCAC zinema eskolako ikasle batzuen gradu amaierako lan gisa jaio zenak bilakaera nabarmena izan du, nazioarteko zenbait jaialditan saritua izateraino.

Korto bat egitea aurreikusten genuen hasieran, hogei minutura iritsiko ez zena. Gure taldeak erabaki zuen formatu jakin horretaz ez hitz egitekoa eta 2022ko urtarrilean zortzi egunez grabatu genuen, bi urteko dokumentazio lanaren ostean. Ordu eta zerbait irauten duen metraje batetik itzuli ginen Zubietatik. Urtebeteko tarte bat ireki zen orduan eta 50 minutuko lagin bat erakutsi genuen jaialdiek dituzten laborategi batzuetan, kritikari ugariren aurrean. Bi ekoiztetxek (Maluta Films eta Cornelius Films) proiektuan sartzea erabaki zuten eta iazko urtarrilean hiruzpalau egunez errodatzeko diru pixka bat lortu genuen. Gure aurrekontuarekin berez horrelako zerbait egitea ezinezkoa den arren, produzitu egin genuen, bi etxe horien eta industriako profesional handi batzuen laguntzarekin: Alejandro Castillo, Luna Saenz, Xabier Erkizia... Sorkuntza lana bagenuen aurretik baina noski, produzitzerakoan industria eta bere dinamikak sartzen dira jokoan: itsaso zabal bat da, marrazo asko daude eta batek hozka eginez gero bide erdian utzi zaitzake. Ez zen hala izan.

Guretzat ametsetakoa den nazioarteko jaialdi batetik deitu ziguten Negu hurbilak estreinatzeko, Suitzako Locarno-kotik, autore zinemari buruzko munduko onena denak. Iazko abuztuan izan ginen han eta zoramena izan zen: aretoa beteta, euskarazko film bat ikusten, Epaimahaiaren Aipamen Berezia eman ziguten. Horrek ate asko ireki dizkigu geroztik, asko interesatu dira gure taldearengan eta etorkizuneko egitasmoengan.

Horrek erakusten du industriako eragileek nola zaintzen duten euskal zinema: kanpoan egin behar izan dugu bidea, nazioartean oihartzuna lortu, Euskal Herriari oso lotuta [gaia, kokapena, hizkuntza, produkzioa...] dagoen lan batek hemengoen interesa pizteko. Begira zenbat denbora pasa zen lana Locarnora eraman genuenetik hemen estreinatu ahal izan dugun arte.

Oso Euskal Herriko lana izanik, nola ulertu dute filma nazioartean?

Ikus-entzuleek asko konektatu dute kontakizunarekin. Zoritxarrez, ihes egin beharrarena gai unibertsala da, mundua osoan gertatzen den zerbait, kasu bakoitza bere ezaugarri eta testuinguru propioekin.