Lekuko osagaiekin ospatu dute Andaluzia Eguna

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 3a, 13:07

Iparraldeko neguko giroa izan arren, Semblante Andaluzek hegoaldeko doinu eta aireekin berotu du igandea. Osteguna, otsailaren 28a, izan zen Andaluzia Eguna eta hura omentzeko jarduerak, ohi bezala, astearen bukaerarako utzi dituzte: Meza, bazkaria eta dantza. Hori da jaiaren hirukoa eta funtzionatzen jarraitzen duela dirudi.

Zumaburuko Arantzazuko Ama elizan hasi dute egitaraua. Elkarteko kideez gain, Agustin Valdivia alkatea, Nuria Fernandez alkateordea, Jon Antxordoki eta Ainara Elicechea zinegotziak ere bertan izan dira. Meza rocieroa Semblante Rocierok girotu du, liturgiako kantak abestuta. Gaur beste bat gehitu diote bertan zen Virtudes Campillo herritarrak 95 urte betetzen dituela-eta, apaizak hala eskatuta. Horrelakoei dagokien Zorionak zuri (gazteleraz) abestu diote, Salve rociero-aren aurretik. Eskaintzak irakurri eta eman dituen Duende laukoteak egindako dantzarekin amaitu da ospakizuna. 

Ordu eta erdi geroago hitzordua zuten Atsobakarreko elkartean, bazkaritarako. Otordurako minutu gutxi falta zirela azken ukituekin ari ziren eta mahaien inguruan esertzen joan dira bazkideak. Mahai nagusiko gonbidatuak sartu direnean, elkartearen izenean Jose Mari Melladok agurtu ditu bertaratutako guztiak eta ondoan zuen alkateak ere hitz batzuk esan dizkie. Mahaikide izan ditu Fernandez, Antxordoki eta Elicechez gain, EH Bilduko Estitxu Garmendia eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemoseko Miguel Angel Tolosa. Bazkariari ekin aurretik, zutik jarrita Andaluziako ereserkia abestu dute. Hitzak ez zekizkitenentzat, haiek zituzten papertxo zuriak eta berdeak utzi dituzte mahaietan. Lagungarriarekin edo gabe, denek kantatu dute.

Bazkalostea amaituta, abesteko txanda Semblante Rocierok hartu du. Ordubetez aritu dira kantuan eta dantzan jarri dituzte hainbat bikote sevillanen txanda heldu denean. Beste batzuek, aulkietan eserita entzun eta abestu dute koruaren errepertorioa. Emanaldiak gustatu zaien seinale taldeak jaso duen txalo zaparrada. 

Erlazionatuak