Andaluziako ereserkia abestu ondoren ardo beltzarekin nahiz txuriarekin edota sagardoarekin freskatu zuten eztarria ekitaldira bertaratu ziren 50 bat lagunek. Horren aurretik, kargua utzi berri zuen Jesus Mari Adanek nabarmendu zuen "plazera" izan dela Semblante Andaluzeko lehendakari izatea eta lekukoa pasa zion presidente berriari, Jose Mari Melladori. Besarkada estu batekin irudikatu zuten botere eskualdatzea.
Edalontzi guztiak bete, Andaluziagatik topa egin eta kontu kontari aritu ziren ohorezko ardoaren ekitaldira joandakoak. Txorizoa, saltxitxoia eta gaztarekin lagundu zuten edateko zutena.
Andaluzia eguna asteazkena izan denez aurten, ospakizun jarduera nagusiak igande honetarako utzi dituzte. Hauek izango dira:
- Arantzazuko Ama parrokian, 11:30ean, meza rozieroa egingo dute.
- Semblante Andaluz elkartearen egoitzan, 14:00etan, bazkide eta agintariekin bazkalduko dute.
- Semblante Andaluz elkartearen egoitzan, 17:30ean, emanaldia egingo du Semblante Rociero koruak.