Elkarretaratzea eta liburu aurkezpen bat egingo dituzte Mendebaldeko Sahararen alde

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ots. 21a, 19:45

Askatasunaren parkean egin dute egitaraua aurkezteko agerraldia.

Hilaren 27an 48 urte beteko dira Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik eta urtemuga horren bueltan zenbait ekimen antolatu ditu Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileak. Batetik, Mendebaldeko Saharako herritarren aldeko elkarretaratzea deitu dute, egun horretan bertan, 19:30ean, Okendo plazan. Maroko Saharatik at, independentzia! izango da leloa. Bestetik, bi egun geroago, Kristina Berasain Tristan kazetariak Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztuko du Jalgi kafe antzokian, 19:00etatik aurrera. Aipatu taldeko kideek jarduera horietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Bestalde, joan den urtarrilaren 27an Kalbario bideko SuperBM saltokiaren atarian egindako janari bilketa baloratu dute. Eskerrak eman dizkiete herritarrei ekimenarekin bat egiteagatik eta jakinarazi dute 700 kilo pasatxo kontserba, lekale, azukre, olio eta konpresa bildu zituztela. Produktu horiek guztiak Donostiara bidali zituzten, bertan sahararrei bidaltzeko presta zitzaten. Martxoaren 9an abiatuko dira herrialderantz.

Eskertzekin segita, hilaren 8ko udalbatzarrean aurkeztu zuten mozioaren alde egin zuten alderdien babesa estimatu eta adierazpen horren aurka botoa eman zuen PSE-EEren jarrera gaitzetsi dute. "Ez dugu ulertzen, kontuan izanda oso baldintza gogorretan bizi direla errefuxiatuen kanpalekuan nahiz lurralde okupatuetan", azaldu du Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeko kide Tomax Arrutik. "Marokoko poliziak ia egunero atxilotzen ditu sahararrak, eragile politiko eta bestelako elkarteek nahiz komunikabideek zailtasun handiak dituzte lurralde horietara sartzeko". Horren aurrean, adierazi du sahararrek "oso argi" dutela zein den irtenbidea: erreferendum bat aurrera eramatea. Nazio Batuen erakundeak eskubide hori aitortzen duen makina bat ebazpen plazaratu baditu ere, oraindik ez dute gauzatu, estatu okupatzailea den Maroko eta herrialdearen administratzaile izaten segitzen duen Espainiak ez dutelako onartzen.

Oporrak Bakean egitasmoa

Pandemiagatik ezinezkoa izan zen urteetan salbu, beste askotan haur sahararrak etorri izan dira Lasarte-Oriara, bertako harrera familiekin udara igarotzera. Aurten ere egitasmo horretan parte hartzeko asmoa azaldu du Arrutik, eta jakinarazi aurkezpen ofiziala larunbat honetan egingo dutela, Donostian. "Informazioa bildu ostean herrira ekarri eta xehetasunen berri emango dugu".

Proiektu horren nahiz Mendebaldeko Saharako herritarren alde antolatutako egitarauaren berri emango du TXINTXARRI-k datozen egunetan. Horren erakusgarri, ostiral honetako zenbakian argitaratuko duen elkarrizketa, Sahara, herri bat erresistentzian liburuaren egile Kristina Berasain Tristani egindakoa.