Sexu heziketa, etxeko elkarrizketa edo eskolako programa bat baino gehiago

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 22a

'Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote?' hitzaldia aurrera eraman zuen atzo Eider Goiburu psikologo eta hezitzaileak kultur etxeko hitzaldi aretoan, Treba Gurasoak egitasmoaren barruan. Gai horri buruzko azalpenak eman zituen hizlariak bai eta bertaratu zirenen iritzi eta ekarpenak jaso ere.

Kultur etxeko hitzaldi aretora joandako gurasoen zain zegoen Eider Goiburu psikologo eta hezitzailea. Kontu tekniko guztiak prest izan zituenean gonbidatu zituen sartzera eta aulkiak jarrita zeuden moduagatik, igartzen zen adituaren eta ikus-entzuleen arteko harremana ez zela norabide bakarrekoa izango. Izan ere, borobilean jarrita zeuden eserlekuak, gutxinaka-gutxinaka gurasoek bete zituztenak, lantzera zihoazen gaiarekiko interesak erakarrita: Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote? zen euskarazko solasaldiaren izenburu iradokitzailea.

Bere burua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak sustatzen duen Treba Gurasoak egitasmoa aurkeztuta gaiari heldu zion Goiburuk, "beti" egin ohi duen moduan, galdera bat botata parean zituenei: "Zer da sexualitatea?". Hasierako lotsa kenduta, gurasoak hasi ziren apurka-apurka iritziak ematen eta adituak proposatutako dinamikan sartzen. Definizio orokorra, hizlariaren arabera, hauxe da: "Izaera sexuala bizitzeko modua da". Kontzeptu horrek hiru printzipio orokor dituela azaldu zuen segidan: gizaki guztiak garela sexuatuak baina denen sexualitatea ez dagoela errekonozituta gizartean; bizitza osoan zehar dugun ezaugarri bat dela; eta sexualitate anitzak ditugula.

Sexu heziketa

Sexualitateari buruz hitz egiteko teknika bera aurrera eraman zuen Goiburuk sexu heziketaren bueltan jarduteko: gurasoei galdetu zien ea eurentzat hori zer den. Ideia pare bat entzun eta gero honakoa esplikatu zien: bidelaguntza prozesu bat dela sexualitatea garatzeko, norberaren bizitzako aro bakoitzean kontuan izan eta jorratu beharrekoa. "Jaioberri batek sexualitatea du, heldu batek berdin, eta 90 urteko agure batek ere bai". Alor horretako formakuntza fase desberdinen multzoa izanik, azpimarratu zuen ez dela nahikoa etxean seme-alabekin elkarrizketa bat izatearekin edota eskolan bi orduko jarduera bat egitearekin. "Hori ongi dago, jakina, baina gehiago egin behar dugu".

Hauek dira sexu heziketaren hiru helburu nagusiak, Goibururen esanetan: autoezagutza, "lehen pausoa"; onarpena; eta adierazpen askea. Jarraian, gurasoei galdetu zien ea uste duten familiek gaur egun gai hori lantzen duten, eta orotarikoak izan ziren partaideen erantzunak: "Keba" esan zuen batek, baietz beste batek, haurrak zirenean beraiek jaso zutena baino gehiago lantzen saiatzen direla beste batek, hitz egiten saiatu bai baina gaztetxoak direla ixten direnak, gizarteak ezartzen dizkien mugengatik...

Aipatutakoari buruz jardun eta gero hasi ziren pornografiaz eta beste kontu batzuez hizketan, azalpenak eta bertaratutakoen ekarpenak uztartuta.

Eskualdeko martxoko hitzorduak

Treba Gurasoak egitasmoak herrietan harrera "ona" izan duela ikusita, Buruntzaldeko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak erabaki dute ekimena indartzea, 21 hitzaldi aurrera eramanda. Hauek izango dira martxokoak: 

Martxoaren 5ean, asteartea, Urnietan, 18:00etan: Harreman osasuntsuak lagun artean, Nerea Mendizabalen eskutik.

• Martxoaren 13an, asteazkena, Andoainen, 18:00etan: Osasun mentala eta nerabeak, Estibaliz Ansotegiren eskutik.

• Martxoaren 14an, osteguna, Usurbilen, 17:30ean: Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote?, Eider Goibururen eskutik.

• Martxoaren 21ean, osteguna, Usurbilen, 18:00etan: Komunikazioa familian. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen, Leyre Canoren eskutik.

Lasarte-Orian aurten aurrera eramandako beste saioa Donna Apellaniz terapeuta emozional sistemikoak gidatu zuen joan den urtarrilaren 17an. Nerabeen emozioen kudeaketaz jardun zen.