Nerabezaroa, gaztetxoekin lanketa emozionala egiteko "garai aproposa"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 18a, 10:12

'Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak' hitzaldia eman du Donna Apellaniz Nieto terapeuta emozional sistemikoak, gaztelaniaz. Lepo bete dute Antonio Mercero aretoa gurasoek, gaiak herritarren artean jakin-mina piztu duela erakutsita.

Nerabezaroan euren izaera lantzen ari dira gazteak, eta, "garai oso hauskorra" izan daitekeen arren, "aproposa" ere bada haiekin lanketa emozionala egiteko, Donna Apellaniz Nieto terapeuta emozional sistemikoaren iritziz. Dozenaka guraso izan ditu parean Antonio Mercero aretoan, Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak hitzaldia eman bitartean. Gaztelaniaz aritu da eta kontzeptu teoriko batzuk partekatzeaz gain adibide praktikoak jarri ditu eta galderak egin entzuleei, haiek ere solasaldian parte hartzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak prestatu duen Treba Gurasoak egitasmoaren barruko solasaldia izan da hori. Hauxe du helburu: gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuta, haur eta nerabeen bizi kalitatea hobetzea. Sustatzaileek nabarmendu dute "bizia eta malgua" dela ekimena, "unean uneko errealitate eta eskaeretara egokitu ahal izateko". 

Haurren eta nerabeen guraso guztiek, uneren batean, orientazioa behar dute hezkuntza prozesuan beren funtzioak "behar bezala" garatzeko. Hala ere, laguntza edo babes horren helburuak ez du erreparatzaile edo terapeutiko hutsa izan behar; aitzitik, prebentziozkoa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu behar du.

Ondorioz, gaur egungo aitei eta amei gurasotasun positiboaren ikuspegiak lagundu egin diezaieke euren seme-alaben heziketako eta hezierako jardunean. Gakoa ez da gurasoek autoritatea baliatzea haur eta nerabeen obedientzia lortzeko, baizik eta aginte hori arretaz betetzea; hau da, arduraz jokatzea gaztetxoen eskubideak babesteko, baina beraien eskubideak urratu gabe.