Oihanetik irten eta itsasoaren hondoan murgildu dira herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 13a

David Sanchez Carretero eta Jesus Mari Egizabal, atzoko proiekzioaren aurretik zikloari buruzko azalpenak ematen.

Atzo arratsaldean hasi zen XVI. CIMASUB Itsaspeko Zinema Zikloa. Udal ordezkariek hilaren 29ra arte irekita egongo den argazki erakusketa inauguratu zuten aurrena eta ondoren hilabete honetarako antolatu dituzten hiru proiekzioetako lehenengoa aurrera eraman zuten ekimenaren antolatzaileek. Herritar ugari bertaratu ziren kultur etxeko auditoriora.

Hiru proiekziok, herriko ikastetxeetako ikasleekin egingo duten Txikizikloak eta argazki erakusketa batek osatuko dute itsaspeko zinemari buruzko aurtengo jardunaldia, Real Sociedad taldearen urpekaritza sailak aurrera eramaten duena, erakundeen eta Danok Kide elkartearen laguntzarekin. Etorkizun urdin bat eraikitzen izango da leloa: "Horren bidez, gogorarazi nahi dugu denon ardura dela itsasoko ekosistema zaindu eta, batez ere, berreskuratzea, gaur egungo egoera zein den kontuan izanda", nabarmendu zuen antolatzaileetako bat den David Sanchez Carreterok, egitasmoaren aurkezpen prentsaurrekoan.

Atzo arratsaldeko proiekzioak herritarren jakin-mina piztu zuen.