CIMASUB Itsaspeko Zinema Zikloa hamaseigarrenez etorriko da Lasarte-Oriako ibaiertzera. Argazki erakusketa datorren astelehenean inauguratuko dute, 17:00etan, eta bi ordu geroago hasiko da lehen emanaldia. Bi jarduera horiek kultur etxean egingo dituzte. Carreterok jakinarazi du beste bi pase gehiago egingo dituztela, 19an eta 26an, toki eta ordu berean. Sarrerak doakoak izango dira. Bestalde, itsasoarekiko maitasuna eta hura zaintzearen garrantzia belaunaldi berriei transmititzea "funtsezkoa" delako, Txikizikloa egingo dute 19an, Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberriko 5. eta 6. mailako ikasleekin, kultur etxean, 10:00etan.
Hiru proiekzio horietara 23 film labur eta hiru dokumental ekarriko dituzte. "Indonesia izango da aurtengo herrialde protagonista, eta, itsasoaren edertasuna erakusteaz gain, ekosistema hori zaindu egin behar dugula helaraziko diegu ikus-entzuleei", azaldu du Carreterok. "Fikziorik ez dago lan hauetan, planetaren errealitatea erakusten dute".
"Oso pozik" zikloaren bilakaerarekin
Lasarte-Orian egindako agerraldia baliatu du Carreterok zikloaren garapenari buruz hitz egiteko. Antolatzaileak "oso pozik" daude egitasmoaren bilakaerarekin, gero eta jende gehiagorengana iristen baita transmititu nahi duten mezua. Iaz, esaterako, 44 emanaldi aurrera eraman zituzten 21 herritan, 14.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten antolatutako ekimenetan eta Txikizikloetan 27 hezkuntza zentrotako ikasleek parte hartu zuten.
Amaitu aurretik, herritar guztiak gonbidatu ditu Carreterok aurtengo zikloko ekimenetan parte hartzera.