Egun berezi hori herriko txistularien taldearen doinuekin hasiko da, 09:30ean, denda ataritik. Erdigunea zeharkatu eta gero Ama Brigitarren komenturantz joango dira 10:45 aldera, ordu laurden geroago hasiko den mezaren tokira. Bertan, Pozaren Amari eskerrak emango dizkiote "mende honetan jasotako laguntzagatik". Elizkizuna amaitu ostean Antonio Mercero aretora joango dira, egitarauko ekitaldi nagusira: Zero Sette orkestrak eta Alboka Abesbatzak parte hartuko dute, loradendarekin harremana duten eragile eta erakundetako ordezkariak izango dira, senideak ere bai, Isaac Farre argazkilariak egindako dokumental bat proiektatuko dute, saltokiaren 100 urteko historia errepasatzen duena... Bestela esanda, gogotik ospatuko dute urtemuga berezi hori. Hori da larunbat horretako "programa ofiziala", nolabait esatearren, Ramonek usaintzen baitu sorpresaren bat edo beste jaso dezaketela. "Ez dakit zehazki aurreikusitakoa baino gauza gehiago egingo dituzten ala ez, baina batarekin eta bestearekin hitz egiterakoan hori pentsatzera eraman nauten detailetxo batzuekin geratu naiz".
Etorkizunerako erronkak
Kazetaria beti kazetari, eta honakoa galdetu behar: zein da Ormazabal loradendaren etorkizuna? Ramonek eta Korok ez dute jubilatzeko asmorik, oraingoz behintzat: "Ez dugu aukera planteatu ere egin". Hori esanda, argi dute negozioak aurrera jarraitzea nahi dutela beraiek erretiratu eta gero ere. Sareko salmenten eta salgaien distribuzio kate handiek tokiko establezimenduei eragiten dizkieten kalteei erantzutea ez ezik, erronka "handiena" belaunaldiarteko erreleboa bermatzea dela nabarmendu du Ramonek, negozio txikietako dendariak ez ezik eragile eta elkarteetako kideak ere kezkatzen dituena, "arazo orokorra" baita.
Horri guztiari aurre egiteko "ezinbestekoa" izango da "herritar, eragile eta erakundeek elkarlanean jarraitzea", Ramonen iritziz. Zentzu horretan, Ormazabal loradenda Lasarte-Oriaren bizitzaren parte aktiboa izan da eta izaten jarraitzen du, herrigintza bultzatzen, orotariko ekimen sozioekonomiko edota kulturaletan parte hartuta.
Betidanik, "alpargaterikuak"
Etorkizunaz ez ezik, iraganaz ere hitz egin dute TXINTXARRI-rekin. Ramonek gogoratu du 16 urterekin hasi zela orduko horretan jangaien denda zenean, San Pedro Jaien ostean. "Argi nuen familiaren negozioarekin jarraitu nahi nuela".
Urte eta belaunaldietan atzerago eginda, gogoratu du betidanik izan direla "alpargaterikuak" ezizenez ezagunak, Pedro birraitonaren ogibideari erreferentzia eginda. "Alpargatak egiten zituen baina mertzeria, ehun denda eta taberna bat ere bazuen Lizarriturrienea Txiki izeneko eraikinean. Horrez gain, gasolina hornigailu bat ere bazegoen".
Hari horretatik tiraka eta Jesus Mari Egizabalek Lasarte-Oria aldizkariaren 88. zenbakirako idatzitako De Alpargategi-Berri a Ormazabal Loradenda... artikulua erreferentziatzat hartuta, Ormazabaldarren negozioaren historiako zenbait mugarri ekarri ditu TXINTXARRI-k artikulu honetara.
1896. URTEA
Javier Ormazabalen (Ramonen aitona) gurasoek Lizarriturrienea Txiki eraikina erosi eta negozioari ekiten diote: alpargatak eta ehunak saltzen dituzte, bizarra moztu eta taberna nahiz gasolina hornigailu bana jarri.
1924. URTEA
Juana Mendizabal emaztearekin adosten du Javierrek Lizarriturrienea Handi erosi eta bizartegia hara eramatea, beste taberna bat irekitzearekin batera. Hor hasiko da aurten 100 urte beteko dituen lokalaren historia, Urnietako Udalaren (garai horretan Lasarte ez zen udalerri independentea eta Kale Nagusiko nahiz Goikaleko zati hori Urnietak kudeatzen zuen) irekitzeko baimena jaso zuenean.
1956. URTEA
Ordurako Javier eta Juanaren semeetako bat, Pedro, arduratzen zen familiaren negozioaz, Maria emaztearekin batera. Hiru seme izan zituzten: Pello, Jesus Mari eta Ramon, gaur egungo jabea. Urte horretan denda sakonki berritzea erabakitzen dute eta janaria saltzen hastea, burdindegi bat jartzearekin batera.
1977. URTEA
Javier eta Juanaren semeetako bat, Ramon, familiaren dendan lanean hasten da 16 urterekin. Gaztea izanagatik ideiak oso garbi ditu eta hau da bere asmoa: elikagaien saltoki eta burdindegi dena loradenda eta oparitzeko artikuluen negozio bihurtzea.
1987. URTEA
Asmo hori hamar urte geroago gauzatuko du Ramonek, Koro Ortega emaztearekin batera. Komertzioaren izena aldatu zuen orduan, gaur egunera arte iraun duena: Ormazabal loradenda.
1997. URTEA
Lasarte-Oria gogor kolpatu zuen uholdeak eragindako kalteei aurre egin behar izan zien loradendak ere. Izerdi asko botata, baina negozioarekin jarraitu ahal izan zuten.
1999. URTEA
Familiaren negozioaren 75. urteurrena ospatu zuten maiatzaren 16an, giro ederrean. Erromeria, bertsolarien emanaldia eta erakusketa batzuk egin zituzten, lore lehorrena adibidez.
2010. URTEA
Eraikinak eta loradenda berritu zituzten orduko beharretara egokitzeko.