"100 urte Lasarte-Oriarekin". Hitz horiekin eman dio hasiera Ramon Ormazabal, Ormazabal loradendako jabeak hasiera negozioaren ehungarren urteurrenaren berri emateko deitu duen agerraldiari. Hari beretik jarraituz, ospakizuna aurrera eramateko aukeratu duten leloa aurkeztu du: 100 urte zuekin. Zorionak eman dizkie urte horietan guztietan eurekin batera Ormazabal loradendak ibilbide hori egitea ahalbidetu duten herritarrei: "Zorionak guztioi; loradendari eta zuoi".
Azpimarratu du mende batek "askorako eman duela", eta ibilbide luzearen laburpen bat eginaz jarraitu du hizketan. Ehun urte baino gehiago egin du atzera; 1896. urtera hain zuzen. Lizarriturrienea haundi eta Izar Lizarriturrienea Txiki eraikinez hitz egin du. Azken horretan birraitonak zuen negozioaz hitz egin du: "Alpargatak egitea zen haren ogibidea, baina lan hori egiteaz gain, mertzeria, ehun denda eta taberna negozio bat ere bazuen eraikin horretan. Bizarra mozteko lekua ere bazen, eta gasolina hornigailua bat ere bazegoen. Etxe horretako senide Javier Ormazabalek (Ramonen aitona) Lizarriturrienea Handi erosi, eta martxan jarri zuen gaur egunera arteko bidea egin duen lokala jarri zuen martxan, nahiz eta, garai hartan, bizarra mozteko negozioa eta taberna izan".
Urteak aurrera egin ahala, 50. hamarkadan Ramonen gurasoek hartu zuten lokalaren kudeaketaren ardura, eta eraberritze lanak egin ostean, jangaien negozio gisa abiatu zuten. Eta, gurasoen bideari jarraiki hasi zen Ramon Ormazabal familia negozioan. Hamasei urte zituen orduan, eta, bere emazte Cororekin ezkondu ostean, abiatu zuten, elkarrekin, gaur egun ezagutzen den lora eta opari denda. Hiru belaunaldiren ibilbidea ekarri du gogora.
Lasarte-Oria aldizkaria
Lasarte-Oria aldizkariak egiten duen "lan interesgarria" balioan jarri du Ormazabalek: "75. urteurrena bete genuenean bezala, oraingoan ere publikazio ederra egin digute". Jesus Mari Egizabal izan du, bereziki, gogoan, aipatu aldizkarian egiten duen lan nekaezinagatik.
Irudi korporatiboa
Urteurrena aitzaki, irudi berria izango du aurrerantzean Ormazabal loradendak. Asier Esparzak egina da, eta xehetasun gehiago ere eman ditu. Azaldu du, adibidez, hizkiak "euskaldun estilokoak" direla, eta koloreek "alaitasuna eta esperantza " erakusten dutela. Kontatu du baita ere logo horretan agertzen den 100 zenbakia lurretik hazten dela; komertzio bat garatzeak eskatzen duen "indar eta lana" erakutsi nahi izan dute horrekin.
Elastiko batzuk ere prestatu dituzte, eta, horiei, eurentzako garrantzitsua den esaldi batekin apaindu dute: Izan garelako oraindik, ere bagara, beti izango gara.
Herriko merkatariak, ondoan
Aterpea merkatarien elkarteari ere eskaini dizkio hitz batzuk. Gogoratu du duela 30 urte abiatu zuela bere bidea, eta, orduz geroztik, herriko komertzioaren alde lanean ari dela. Aipatu elkarteko zenbait ordezkari ondoan izan ditu Ormazabalek urteurren aurkezpenean.
Otsailaren 17a
Otsailaren 17a izango da ospakizun egun nagusia. Mezarekin emango diote hasiera egunari; Ama Brigitarren komentuan dagoen Kontsolamenduaren Ama Birjinari 100 urte hauetan jaso duten laguntza eskertzeko egingo dute elizkizuna, Brigitarren komentuan, 11:00etan.
Ostean, ekitaldi nagusia aurrera eramango dute. Antonio Mercero gunean izango da hori, eta, iragarri dutenez, loradendaren ibilbide luzearen gainbegirada labur bat egingo dute bideo proiekzio baten bitartez; Isaac Farre argazkilariak izan du hori egiteko ardura. Horrez gain, txistulariak, Alboka abesbatza, Zero Sette akordeoi taldea eta Erketz Euskal Dantza Taldeen emanaldiak ere izango dira.
Egun zehatz horretan egingo dituzten jarduerez gain, urtean zehar gehiago ere izango direla iragarri du Ormazabalek. Loradendak Korrikarekin bat egin eta bertan parte hartuko duela ere jakinarazi du. Hala, urteak ekarriko dituen sorpresak ere eskuzabalik jasoko dituela nabarmendu du.