Rafa Diez herritarra ez dute berriro epaituko 'Bateragune auziagatik'

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 17a

Rafa Diez, 2017ko abuztuaren 17an Lasarte-Orian egin zioten ongietorri ekitaldian.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak amaitutzat eman du 'Bateragune auzia' eta ez ditu berriro Madrilera eramango 2011n epaitutako bederatzi pertsonak, Rafa Diez lasarteoriatarra horien artean. Epaimahaiko 11 magistratuetatik zazpik egin dute afera hori ixtearen alde.

Auzitegi Nazionaleko orduko epaile instruktore Baltasar Garzonen aginduz, 2009ko urriaren 13an polizia operazio bat aurrera eraman zuen Espainiar Estatuak eta honako pertsona hauek atxilotu zituen, Ezker Abertzaleak bere estrategia aldatzeko prozesua abiatu berri zuenean: Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Amaia Esnal, Mañel Serra, Ainara Oiz, Txelui Moreno eta Rafa Diez herritarra. 2011n epaitu zituzten eta lasarteoriatarra hamar urteko espetxealdira zigortu zuen Angela Murillo buru zuen Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak. Beste horrenbesteko zigorra jaso zuen Otegik eta zortzina urtekoa Zabaleta, Jacinto eta Rodriguezek. Gainerakoak absolbitu egin zituzten. Kartzelaratutakoei egotzi zieten ETAren aginduetara egotea eta erakunde terrorista horretako kide izatea.

Diez, hortaz, kartzelaratu egin zuten, eta 2017ko abuztuaren 17an askatu. Ongietorri beroa jaso zuen orduko horretan jaioterrian, Lasarte-Orian. Libre geratu eta gutxira elkarrizketa bat eman zion aldizkari honi. Hiru urte geroago, 2020ko abenduan, Auzitegi Konstituzionalak jakinarazi zuenean Bateragune auziagatik epaitutakoak berriz Madrilera eramateko asmoa zuela, Lasarte-Oriako EH Bilduk antolatutako protesta ekintza batean parte hartu zuen, eta urte horietan guztietan herritarrek emandako babesa eskertu, 2009an egiten hasi zirenaren eragina aldarrikatzearekin batera: "Epaitu ahalko gaituzte berriro, posible da, baina duela 11 urte sustatu genuena, duela 11 urte akusazio bezala zegoena, errealitate bihurtu da. Hori da gure garaipena eta beraien ezina".