"Epaitu ahalko gaituzte berriro, baina duela 11 urte akusazio bezala zegoena, errealitate bihurtu da"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 19a, 14:14

Larunbat eguerdian dozenaka herritar elkartu dira Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune kasuko auziperatuak berriro epaitzeko erabakiaren aurkako elkarretaratzean.

Aste honetan ezagutarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune kasuan auziperatutako bost lagunak, tartean Rafa Diez lasarteoriatarra, berriz epaitzeko erabakia. Eguerdian dozenaka herritarrek bat egin dute deialdiarekin eta Okendo plazan elkartu dira Demokrazia BateraAurre zioen pankarta atzean. Lehen lerroan, Diez bera zegoen, Lasarte-Oriako EH Bilduko zinegotziekin batera.

Ordu erdi inguru igarota, Estitxu Garmendiak hartu du hitza idatzi bat irakurtzeko. Gorenaren erabakia espero ez bazuten ere, ez ditu gehiegi harritu. "Hamarkada askotako esperientzia metatuta daukagu eta ederki dakigu nolakoa den Espainiako Justizia, egun batetik bestera frankista izatetik demokratikoa izatera pasatu zena".

Indar politikoa gainditzen duen erasoa dela uste dute "Euskal Herrian demokraziarako eszenatoki berri bat ahalbideratu duten pertsona batzuen kontra", baina ez haien aurkakoa bakarrik, "gu denon kontrakoa da. Herriaren kontrakoa". Ebazpena estatuko "looby faktiko eta erreakzionarioek" osatutako logikan kokatu dute: "trifatxitoa, militarren adierazpenak, monarkia ustela, IBEX usteltzailea, komunikabideak eta abar". Horien aurrean bide bakarra "aniztasunetik indarrak batzea" eta "inteligentzia eta irmotasunez erasoei aurre egitea" da.

Ondoren, Diezek egin du adierazpena. Lehenik, eskerrak eman dizkie bertaratutakoei eta urte guztiotan babesa erakutsi diotenei, euren berotasunagatik.

Gorenaren erabakiari dagokionez, zer gertatuko den ikusteko badago ere, "oso arraroa den arren, Espainiako justizia tartean dagoenean edozer gauza izan daiteke posible". Epaiketa errepikatuta ere, Diezek argi du helburua erdietsi dutela."Epaitu ahalko gaituzte berriro, posible da, baina duela 11 urte sustatu genuena, duela 11 urte akusazio bezala zegoena, errealitate bihurtu da. Hori da gure garaipena eta beraien ezina. Hori ezin izango dute ezabatu berriro Madrilera eramango gaituzten arren".

Justiziaren halako "hanka sartze" baten aurrean, herritarrak eta eragile politiko nahiz sozialak demokrazia eske atera behar direla uste du Diezek, gaur plazan aldarrikatu duten bezala.