Montse Latorre: "Maila oso ona emateko gai garela sinetsi behar dugu"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko urtarrilaren 12a

Montse Latorre, Errenterian lortutako diploma eskuetan. Argazkia: Alboka Abesbatza.

Alboka Abesbatzak berriki Errenteriako Gabon Abesti lehiaketa irabazi izana baliatu du TXINTXARRI-k herriko eragile horren zuzendariarekin elkartzeko, Montse Latorrerekin. Hamasei urte daramatza herritarrak Alboka Abesbatza zuzentzen, horietatik hamabi, bakarrik. "Oso azkar" pasa zaio denbora, "asko" gustatzen zaiolako egiten duena: "Nire saltsan nago".

Bikain itxi zenuten 2023a, Errenteriako Gabon Abesti lehiaketa irabazita. Egun batzuk geroago, nola baloratzen duzu lortutakoa?

Oso esperientzia aberasgarria eta positiboa izan da, lan izugarria egin genuen lehiaketa hori prestatzeko. Gure lehen helburua ahalik eta emanaldi onena egitea zen. Horrela egin genuenez, emaitzak eman zituztenean ez nengoen urduri ere, oso-oso pozik baizik. Hirugarren sariduna iragarri zuten, bigarrena... eta lehenengoa guretzat zela jakin genuenean ba taldekideak oihuka, elkar besarkatzen... Kristorena izan zen, egindakoaren fruitua.

Lan izugarria egin zenutela esan duzu. Noiz hasi zineten prestatzen?

Ekain amaieran proposatu nien parte hartzea eta denek esan zuten baietz. Irailean hasi ginen bi abestiak prestatzen, Birjiña maite eta Bi Eguberri Kanta. Oso sakon landu genituen entseguetan eta kide bakoitzak bere etxean.

Abeslariek etxerako lanak izaten dituzte batzuetan, beraz.

Abestiak nik kantatu eta audioak bidaltzen dizkiet etxean ikas dezaten. Lana aurreratzen dugu horrela eta entseguetan elkartzen garenean errazagoa da dena bateratzea. Lantzen ari garen obra ongi interpretatzea da kontua, ez soilik letra atera eta horri nota musikalak jartzea; askoz gehiago dago atzetik.

Zer gehiago?

Abestiak eman nahi diguna. Askotan esaten diet: 'Bueno, bale, ongi irakurri dituzue letrak eta notak, baina, honekin zer?'. Melodiak landu behar ditugu, kontuan izan behar ditugu obrak idazten dituztenek zer komunikatu nahi diguten guri eta guk zer esan nahi diegun ikus-entzuleei.

'Birjiña maite' eta 'Bi Eguberri Kanta' abestiak nolakoak dira?

Birjiña maite nire gabon kanta gustukoena da baina egia da teknikoki zaila dela. David Azurza musikagile tolosarrak egindakoa da. Zailtasun kutsu hori bilatua izan da, lehiaketetan garrantzitsua delako horrelako piezak abesteko gai zarela erakustea.

Bi Eguberri Kanta-ren kasuan, Javier Busto egileari eskatu nion guretzat moldatzeko, abesbatza misto batean egiteko moduan. Birjiña maite lasaiagoa, intimoagoa da, eta azken hori, berriz, alaiagoa; bukaera indartsua du. Kontraste hori bilatu dugu.

Nolakoak izan ziren Errenterian abestu aurreko minutuak? Urduri zeundeten?

Soinu froga bat egin genuen hamar bat minutuz eta gustura geratu ginen, kiroldegi bat izan arren nahikoa ongi entzuten zelako. Bestalde, hasi aurretik hitzalditxo moduko bat eman nien. Zazpi talde izan ginen guztira eta guri seigarren aritzea egokitu zitzaigun, ba taldekoei esan nien hori zela txanda onena eta disfrutatu egin behar genuela, beti irribarre batekin.

Taldea motibatzea da, hortaz, zuzendariaren lanetako bat. Eta gainerakoak?

Oro har, nire zeregina taldea gidatzea eta dinamika mantentzea dela esango nuke, ez lehiaketa edo bestelako emanaldietan soilik, baita entseguetan ere: ez zait gustatzen alferkerian egotea, baizik eta dugun denbora ahalik eta gehien aprobetxatzea. Zuzendari batek jakin behar du musikaz, jakina, baina nire ustez garrantzitsuena pertsona multzo bat eramatea da. Horrez gain ba partiturak aukeratzea eta denen atseginekoak izatea, programazioa antolatzea, eta abar.

Errenteriakoa ez zen iazko lehiaketa bakarra izan. Arnotegi Erdi Aroko eta Errenazimenduko Musika Lehiaketa Nazionalean aritu zineten apirilean.

Hori izan zen gure lehenengo txapelketa urte askoren ostean; 25 bat, gutxi gorabehera. 2022ko azaroan Erriberrin izan ginen bertako koruak gonbidatuta eta oso kontzertu ona eman genuen, amaitu eta gero lore asko jaso genituen, tartean, David Azurza musikagile tolosarrarenak. Arnotegiko lehiaketan aritzeko proposatu zidan eta handik hilabete barru, abendu amaieran, taldekideei eman nien aukera horren berri. Denek esan zuten baietz eta martxan jarri ginen.

Lau hilabete polit eta lan askokoak izan ziren, esango nuke klik moduko bat egin zuela taldeak. Iruditzen zait horrelako erronkak jarri behar dizkiogula gure buruari zer egiteko gai garen sinesteko. Herriko abesbatza bat gara, ez erdi profesionalak beste batzuk bezala, baina barneratu egin behar dugu oso maila ona emateko gaitasuna dugula. Lana eginez gero, zergatik ez?

Zenbat kide zarete gaur egun?

40 pertsona gara ni ere zenbatuta. 

Zenbatero elkartzen zarete entseatzeko?

Astean bitan, astelehen eta ostegunetan. Ordu eta erdiz aritzen gara Mirentxun, 20:00etatik 21:30era.

Noiztik zara zuzendari?

Albokan 1996. urtean sartu nintzen eta orduan hasi nintzen txikien taldea zuzentzen. Helduena gidatzeari 2008an ekin nion Kristina Perezekin batera, eta, 2012tik aurrera, ni bakarrik ari naiz.

Badira urte batzuk... Azkar pasa dira?

Bai, oso azkar. Esperientziak asko eman dit, ez du zerikusirik kargua hartu zuen Montsek gaur egungoarekin. Gogoratzen dut txikiak zuzentzen hasi nintzen egunean tila bat hartu nuela, lasaitzeko! Oso lotsatia naiz baina proposatu zidatenean baietz esan nuen, eta, berehala, hau: 'Ai ama, baina non sartu naiz ni...'. Hala ere, aurrera egitea erabaki nuen, asko gustatzen zaidalako hau, nire saltsan nago. Egun batzuetan neka-neka eginda joaten naiz lanetik entseguetara, baina martxan jarri eta minutura sekulako energiarekin sentitzen naiz berriro eta amaitutakoan oso gustura joaten naiz etxera. Gustuko toki batean zaudenean...

Zein da zure lanbidea, Montse?

Irakaslea naiz.

Irakasle zarenean erabiltzen duzun teknika edo egiteko moduren bat baliagarri zaizu zuzendari gisa jarduteko gero?

Batean zein bestean pertsonekin lan egiten dut, talde bat eramaten dut. Eskolatik entseguetara eramaten ditut gauzak eta alderantziz, beti nago anekdotak kontatzen, ‘koruan hau eta hau…’, ikasleek begiak zabal-zabalik jartzen dituzte.

Urte berrira begira, zer duzue esku artean?

Aukera eta proposamenak baditugu baina zehaztu gabe ditugu oraindik, gure artean hitz egin behar dugu. Aurreratu dezakegu Ordiziako Emotio koruarekin hasi genuen elkartrukearekin segi eta haiengana joango garela abestera eta apiril amaieran San Salvatore abesbatza etorriko dela Italiatik Lasarte-Oriara. Horrez gain, Ormazabal loradendaren 100. urteurrenean parte hartuko dugu, otsailean. Horri lotuta, hemengo eragile bat garen neurrian, beti gaude prest herriko ekimenetan parte hartzeko.

Esan duzu gaur-gaurkoz 40 pertsona zaretela Albokan. 40 kide, 40 ahots. Zeintzuk dira ezaugarriak?

Emakumeetan, sopranoak iristen dira tonu altuenetara eta kontraltoek ahots grabeagoa dute. Gizonetan tenoreak, baritonoak eta baxuak daude. Mailakatze horiek ahotsaren tesituraren arabera egiten dira, hau da, abestu bitartean noraino irits zaitezkeenaren arabera.

Ahots mota edo tonu batzuk 'garrantzitsuagoak' dira besteak baino? Bestela esanda, gehiago baloratzen dira batzuk besteen aldean?

Hala izaten da, bai, baina ahots bat ez da bestea baino hobea, bakoitzak ditu bere ezaugarri propioak: tonu altu batzuk jasanezinak egiten zaizkit niri eta aldi berean gustuko ditut grabeak direnak ere, oso politak izan daitezke. Ahotsaren tinbreak, koloreak du garrantzi gehiago, polita duzun ala ez.

“Ahotsaren kolorea”. Oso kontzeptu interesgarria iruditzen zait.

Gauza bat da ahotsaren tesitura, agudoa edo grabea den, eta bestea zer-nolako kolorea, testura duen. Ahots grabe asko egon daitezke abesbatza batean baina guztiak dira desberdinak.

Ahots horiek guztiak bateratu eta pieza armoniatsuak interpretatzea ez da lan makala izango, ezta?

Hori da gure zeregina, guztiak bateratzea. Horretarako garrantzitsua da, kantatzeaz gain, entzuten jakitea, hori esaten diet taldekoei. Modu berezi batean kantatzen ikasi behar da hori egiteko gai izateko.

Nondik abesten duzue? Nondik irteten da ahotsa?

Airea biriketatik igarotzen da, baina sabeletik igotzen da: arnasketak oso sakona izan behar du. Ohituta gaude hori azkar egitera eta ez da batere ona, saiatu behar dugu mekanismo hori sakonago gauzatzen. Horrekin batera, garrantzitsua da aurpegiaren jarrera edo kolokazioa, nola jartzen dugun, aho barruan dugulako erresonantzia. 

Horrelakoak azaltzerakoan, kontzeptu oso teknikoak bainoago, eguneroko adibideak ematea gustatzen zait. Kasu honetan, adibidez, taldekideei esaten diet imajinatzeko leiho baten aurrean daudela eta hori irekitzean aire freskoa sartzen dela, ea zer-nolako aurpegia jarriko luketen: alaia, irribarretsua, irekia… Horrelako sentsazioekin egiten dugu lan. “Imajinatu” hitzarekin dena aldatzen da, soinua bera ere bai, ezin dugu edozein eratara abestu. Adierazteko modua lantzea eta erakustea atsegina da abeslarientzat eta baita parean dauden ikus-entzuleentzat ere, hala iruditzen zait niri. Gainera, soinua asko aldatzen da. Are gehiago, horrela abestea pixka bat terapeutikoa ere badela esango nuke.

Koronabirusa, kutsatzeak, musukoak... gaurkotasunaren lehen lerrora itzuli dira. Nola eragin zuen pandemiak zuen jardunean?

Beste guztiek bezala egoerara moldatu behar izan genuen, ez genion elkartzeari utzi, bakoitza bere etxetik sarera konektatuta ere. Elkarrekin abestu, bideoak grabatu... mobida polita izan zen. 

"Normaltasunera" itzuli ginenean asko kosta zitzaizuen martxa berrartzea?

Batere ez, aukera izan bezain laster itzuli ginen entseguetara, hasieran musukoekin eta gero gabe. Gogo izugarria genuen berriz elkartzeko!

Esaten ari zarena entzunda, taldean giro ona duzuela dirudi.

Bai, talde kohesionatu bat dugu, nahiz eta, abesbatza jendetsuetan normala den moduan, gero azpitaldeak eratu. Esan bezala sorreratik ari dira batzuk, beste batzuek 27 urte daramatzate, hogei, hamar... Ez da txorakeria bat. Era berean, lortu dugu nolabaiteko oreka bat, belaunaldi desberdinetako kideak elkartzea.

Pertsona multzo guztietan bezala egon dira arazotxo eta gauzatxoak baina beti jarraitu dugu aurrera, gogoz eta osasuntsu. Amaitu aurretik, eskerrak eman nahi dizkiet gure emanaldietara etortzen diren ikus-entzule fidelei, Albokako bazkideei, egiten dugunari oihartzuna ematen diozuen komunikabideei... Barruan gu gaude, abesbatzako kideak, baina inguruan ditugunengatik ez balitz ezingo genuke egiten duguna egin.

Erlazionatuak