Errenteriako Gabon Abesti lehiaketa irabazi du Alboka Abesbatzak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urtarrilaren 3a

Albokako kideak, Errenterian. Argazkia: Alboka Abesbatza.

Alboka Abesbatzak urte bikain bat biribildu zuen joan den abenduaren 30ean, Errenterian aurrera eramaten duten Gabon kanten lehiaketaren 77. aldia irabazita. Eguberriak amaitu aurretik beste emanaldi bat egingo du hilaren 6an: Arantzazuko Ama parrokiako meza girotuko du 11:30etik aurrera.

Beste sei talderekin batera aritu zen Alboka txapelketa horretan, Galtzaraborda kiroldegian: Errenteriako Garrintzi, Gazte Kemena eta Galtzagorri; Irungo IGA; Soraluzeko Ezoziko Ama; eta Iruñeko Gizonok. Lasarte-Oriako eragile horretako kideek David Azurzaren Birjiña maite eta Javier Bustoren Bi Eguberri Kanta (Alimu, alimu! eta Zapata txuriak) abestiak eskaini zituzten. 

Emanaldi hori izan zen epaimahaia osatu zuten kideei (Francisco Escudero kontserbatorioko irakasle eta konposatzaile Eva Ugalde, Ametsa Txikiko nahiz Orfeoi Gazteko zuzendari Leticia Vergara eta Oñatiko Ganbarako nahiz EHUko abesbatzako zuzendari Aitor Biain) gehien gustatu zitzaiena. Soraluzeko Ezoziko Ama taldeak eskuratu zuen bigarren postua, eta, hirugarrena, Errenteriako Galtzagorrik. 

Sari berezi hori jasotzeaz gain, Albokako zuzendari Montse Latorrek partaide guztiek elkarrekin abestu zuten Ator, ator pieza gidatu zuen. 

Albokako zuzendari Montse Latorre, saria eskuetan duela. Argazkia: Alboka Abesbatza.

Amaiera ezin hobea 2023ari

Amaitu berri den urtea oparoa izan zen Albokarentzat sariei dagokienez, izan ere, Errenterian eskuratutako lehen postuaz gain bigarren izan ziren apirilean jokatutako Arnotegi Erdi Aroko eta Errenazimenduko Musika Lehiaketa Nazionalean. 

Eguberriak biribiltze aldera, larunbat honetako Arantzazuko Ama parrokiako meza girotuko du herriko abesbatzak, 11:30etik aurrera.