Gero eta erabiltzaile gehiagok saio ugariago hasten dituzte www.txintxarri.eus atari digitaleko edukietan barrena nabigatu eta orrialdeak bisitatzeko. TXINTXARRI-ren lantaldeak 2023ko datuak errepasatu eta aurreko urteetakoekin alderatu ditu. Hona hemen lagin bat: bisitak %5,6 hazi dira aurreko urtearekin alderatuta, eta, 2017tik, %58. Bestela esanda, duela sei urte kontsumitzen zituzten edukien bikoitza baino gehiagotan barrena nabigatzen dute orain irakurleek.
Atari digitalaren trafikoak hazten jarraitzen du urtez urte eta ez bisitatutako orrialdeetan bakarrik. 58.867 erabiltzailek saltseatu zuten TXINTXARRI-ren webguneko edukietan, 2022an baino %10 gehiagok (52.843 izan ziren orduan). Duela sei urte 24.989 izan ziren.
Herri aldizkariak bere atari digitalera igotzen dituenak irakurri, ikusi eta entzun ahal izateko, saioak hasi behar izaten dituzte erabiltzaileek. Datuak eskuetan, iaz baino gehiago ez dituzte inoiz zabaldu: 149.312. Konparaziorako, 2022an 134.805 ireki zituzten, ia %10 gutxiago, eta, 2017an, 62.816, 2023koen erdiak ere ez.
Mugimendu gehieneko hilabetea, ekaina
Iazko ekainean erregistratu zituen webgunean bisita gehien, 50.888. TXINTXARRI aldizkariak hilabete batean egin duen markarik onena da gaur-gaurkoz. Eragin berezia izan zuten horretan herriko jaiek, sanpedroek, baina baita Zabaletako festek edota eragileek antolatutako jarduerek. Lasarte-Oria urte osoan zehar izan ohi da oso aktiboa, baina hilabete mugituenetan mugituena ekaina izan ohi da historikoki.
Eduki gehienak, artikuluak
TXINTXARRI-ko lantaldeak 2.500 eduki baino gehiago ekoiztu eta igo zituen atari digitalera joan den urtean. Horietatik gehienak, ia lautik hiru, artikuluak (albisteak, kronikak, elkarrizketak edota erreportajeak) izan ziren, %73. Gainerakoak multimedia edukiak izan ziren, argazki galeriak (428, guztien %17) edota bideoak (268, guztien %10) hain zuzen ere.
Urteko hamar ikusienak
Esan dugu lehen ekaina izan zela trafiko gehien mugitu zuen hilabetea, sanpedroen hilabetea. Hori kontuan izanda, ez da kasualitatea urteko hamar eduki ikusienetatik herenak festa horiekin zerikusia izatea. Horrez gain jakin-min ugari piztu dute irakurleengan Lasarte-Oria Bai! krosak, ikastetxeetako danborradek, inauteriek, Imanol Lizardiren heriotzak edota udal hauteskundeetarako EH Bilduk aurkeztutako hautagai zerrendak.