Bigarren postua eskuratu du Alboka abesbatzak Arnotegi lehiaketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 20a

Albokako eta Erketzeko kideak, 'Stella Splendens' abestian. Argazkia: Obanosko Misterioa Fundazioa.

Erdi Aroko eta Errenazimenduko musika lehiaketa nazionalean parte hartu du berriki Alboka abesbatzak, Nafarroako Obanos herrian. Bertako Misterioa fundazioak antolatu du ekitaldia. Iruñeko La Asuncion eta Madrilgo Salix Cantor taldeekin batera lehiatu dira herritarrak, eta bigarren postua eskuratu dute.

Taldekideak "pozarren" daude lortutako emaitzarekin eta azken hilabeteetan egindako prestaketa lanagatik. Era berean, eskerrak eman dizkiete Erketz EDT taldeko dantzariei, azken hilabetean emandako laguntzagatik. Errepertorioko lehen abestian dantzatu dute, Montserrat-eko Libre Vermelle-ko Stella Splendens izenekoan. Pieza horren bidez Erdi Aroko giroan murgildu dituzte ikus-entzuleak.

Ostean, XIV. eta XVI. mendeen arteko doinuak eskaini dituzte: Aita Donostiaren Virgo Dei Genitri; T. Tallis-en If ye love me; B. Carceres-en Sus, sus, sus (La Trulla); Bob Chilcott-ek moldatutako Juan de Anchietaren Con amores la mi madre; eta Juan del Encinaren Mas vale trocar zein Oy comamos y bebamos

Salix Cantor kamera abesbatzak irabazi du epaileen sari nagusia; zuzendari onenarena, La Asuncion taldeko Beatriz Agirrek; eta ikus-entzuleena, Iruñeko abesbatza horrek. 

Arnotegi lehiaketa atzean utzita, lanean jarraitzen du Albokak, esku artean dituen gainerako emanaldiak prestatzen. Ekainaren 24an aurrera eramango du horietako bat, ikasturte amaierako kontzertua hain zuzen.San Pedro Jaien aurrekarietako bat izango da.