Lasarte-Oriako Udalaren aurrekontua 42.174.649 eurokoa izango da datorren urtean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 27a, 10:12
Agustin Valdivia alkatea eta Jon Antxordoki jeltzalea, PSE-EEk eta EAJ-PNVk lortutako akordioa irudikatzen. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJ-PNV alderdien botoekin aurrera atera da 2024ko aurrekontuen proposamena. EH Bilduk eta ELOPek osoko zuzenketa bana aurkeztu diote txostenari hainbat aspekturekin ados ez daudelako eta PPk ere emendakin ugari egin dizkio. Horiek guztiak baztertuak izan dira. Diruaren herena inbertsioetara bideratuko du udalak, batez ere, Michelinen kiroldegi berri bat eraikitzera: 8.972.101 euro.

"Inoiz baino harroago eta kontentuago nago aurrekontuak dagokion garaian onartu izanagatik, 2007tik generaman hori egin ezinik. Udal langileek dagokien denbora izango dute proposamenean jasotakoak garatu eta gauzatzeko", nabarmendu du Agustin Valdivia alkateak, pozik. Eskerrak eman dizkie kontu hartzaile eta idazkari berriei, aurrekoak ez bezala, "lanera etorri direlako eta ez politika egitera". 

Udal Gobernua PSE-EEk eta EAJ-PNVk osatzen dute legealdi honetan eta ados jarri dira aurrekontuen proposamenari hamar aldeko boto emateko. Udal korporazioa hamazazpi lagunek osatzen dutenez, gehiengo hori baliatu dute proiektua onartu ahal izateko. Oposizioko alderdien babesik ez dute lortu, ordea: aurka egin dute EH Bilduk eta ELOPek, egitasmoari osoko zuzenketa bana aurkeztuta, eta abstenitu egin da PP, 11 emendakin partzial pleno aretora eramanda. Horiek guztiak baztertuak izan dira bozketetan nahikoa babes lortu ez izanagatik.

Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdiko bozeramaile Miguel Angel Tolosaren esanetan, aurrekontuen proposamena "ezegonkorra" da eta "eremu gris" asko ditu. Udal gobernuak jaso dituen inbertsioak "gehiegizkoak" direla iruditzen zaio eta "zuhurtzia" irizpidea erabili behar duela lanak gauzatzeko, "ezinbestekoak" direnak aurrera eraman eta epe luzeagokoak aurreragorako utzita. "Txostenean jasotako guztia gauzatuz gero, udalaren egoera finantzarioa oso justua izango da etorkizunean".

Esan bezala, EH Bilduk ere aurkako botoa eman du, besteak beste, bere lan ildo (etxebizitza parke publikoa sustatzea, mugikortasuna edota herriko espazio publikoak hobetzea) eta proposamen zehatz bakar bat ere kontuan izan ez duelako udal gobernuak. "Ekarpenak egin eta negoziatzeko prestutasuna izan dugu baina entzungor egin diguzue", leporatu die PSE-EE eta EAJ-PNVri koalizio subiranistaren bozeramaile Esti Garmendiak. "Egoerarekin eta zuen lan egiteko moduarekin kezkatuta gaude".

PP abstenitu egin da, batetik, ez dagoelako "erabat ados" plenoan eztabaidatu duten proposamenarekin, eta, bestetik, alderdi horrekin bilerarik ez duelako egin udal gobernuak. Alderdi popularraren bozeramaile Manuel Palaciok zehaztu du 11 emendakin partzial aurkeztu dituela 380.000 euroko balioa duten zenbait proposamenekin, hala nola, aparkalekuak aztertu eta hobetzeko ikerketa bat egitea edota tokiko komertzioa hobetzeko ekintza plan bat garatzea. Zuzenketa horiek guztiak baztertuak izan dira nahikoa babes izan ez dutelako bozketetan.

Herena, inbertsioetara

Udal gobernuaren botoekin onartutako aurrekontuetan 14.527.069 euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Erdia baino gehiago, 9.972.101 euro, Michelinen kiroldegi berri bat eraikitzen hasteko izango dira. Horrez gain, Manuel Lekuona Kultur Etxea eraberritu eta kafetegia zen espazioan kultur elkarteentzako gune bat sortzea aurreikusi dute, 1.100.000 euro gordeta horretarako. Beste esku hartze aipagarri bat Atsobakarren egingo duten aterpe klimatikoarena da, 854.000 euro balioko duena. Energia eta Klima Planean jasotako obretako bat da hori. 

Aurreko urtearekin alderatuta, Zerbitzu Publikoen sailaren kostuak igoko dira gehien. Departamentu horrek 11.174.415 euro kudeatuko ditu eta 1.526.027 euro erabili kale garbiketarako, 1.669.181 euro zaborra bildu eta tratatzeko eta 1.167.884 euro ur hornidura eta hondakin uren saneamendurako. 

Berrikuntzetako bat Muittu Manttangorri hiribusaren zerbitzua da, ibilgailu elektriko batekin egingo baitute hori. Ordutegia asteburutara zabalduko dute eta garraio hori Zatarain auzora ere joango da. 236.480 euro erabiliko dituzte horretarako. Bestalde, 298.000 euro inbertituko dituzte Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzua (SAC) eratzeko.