Lasarte-Oriak "herritar guztien ongizatea bermatuko duten aurrekontuak" behar dituela azpimarratu du EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 21a, 14:41

Ezker-eskuin: Oihan Agirretxe, Uxue Loinaz, Asier Gorostegi, Esti Garmendia eta Sandra Barkaiztegi. Argazkia: EH Bildu.

EH Bilduren herriko taldeak iragarri duenez, asteon jaso du Udal Gobernuaren 2024rako aurrekontuen proposamena. "Zehaztasunez" aztertu eta datorren asteetan negoziatzen hasiko direla iragarri du, gainerako oposizioko alderdietako kideekin batera. Etxebizitza, herri kohesioa, mugikortasuna eta espazio publikoak hobetzea izango dira koalizio subiranistaren lan ildo nabarmenetako batzuk.

"Gure herriak dituen beharrei ahalik eta modu efektiboenean erantzuteko, eskura ditugun baliabide eta tresnak modu eraginkorrean bideratu behar ditugu", adierazi dute EH Bilduko kideek. "Herritar guztien ongizatea bermatuko duten aurrekontuak behar ditugu". Hori erdieste aldera, alderdiak lan ildo zehatz batuk landu eta aurkeztu ditu. "Proposamen hauek udal gobernuarekin eta oposizioarekin partekatuko ditugu, irekita baikaude beharren analisi partekatu batean oinarritutako herria eraikitzen jarraitzeko eta herritarren interesen alde beharrezkoak diren pausoak emateko".

Azpimarragarrienetako bat etxebizitzarena da, izan ere, "Lasarte-Orian bizi proiektu bat garatu nahi duten herritar askorentzat gero eta zailagoa bihurtzen ari da horretarako oinarria, etxebizitza, eskuratzea". Hori aurre egiteko, EH Bilduk proposatuko du "ahalik eta etxebizitza parke publiko handiena" sortzea udalak, horren prezioa ez dadin "merkatu librearen eskuetan geratu". Norabide horretan, Kotxeras eremuan eraikiko dituzten bizilekuak alor sozialera (alokairua, etxebizitza komunitarioak edota sozialak...) bideratzea defendatuko eta horri ekiteko neurriak proposatuko dituzte, hala nola, beharraren eta bizitoki hutsen gaineko azterketa egitea.

Azpiegiturekin jarraituta, udal taldeko kideek uste dute "beharrezkoa" dela Askatasunaren parkean aterpe bat eraikitzea, "espazio publiko gehiago eta hobeak" izateko bidean.

Herri kohesioa "sendotu"

Behin eta berriro adierazi izan du EH Bilduk "herri anitza" dela Lasarte-Oria. "Komunitate kohesionatuago bat" lortzea helburu, izaera hori defendatu eta sendotzeko konpromisoa hartu du, honako neurri hauek proposatuta: batetik, herrira etorri berrientzat harrera protokolo eta plana definitu eta osatzeko diagnostiko bat martxan jartzea; eta, bestetik, herriko norbanakoek, eragileek nahiz elkarteek haien jarduna aurrera eramateko erabilera anitzeko espazioaren proiektua gauzatzea, udal espazioen azterketa bat eginda horretarako.

Beste lan ildoetako bat mugikortasunarena da. "Hamar minutuko hiria" deritzonaren baitan, elkar konektatuak egongo diren auzoak eta herria nahi ditu EH Bilduk, "lehentasuna oinezko, bizikleta eta hiribusari emanda". Proposamen zehatzetara joanda, hauek aipatu dituzte: bizikleta eta patineteentzako aparkaleku seguruak ezartzea, eta, horrez gain, "autoak aparkatzeko arazoei konponbidea emateko", erdigunetik gertu, "parking disuasorio bat" kokatzearen aukera aztertzea.

Gizarte Zerbitzuetako arreta "hobetu"

Koalizio subiranistak udalaren Gizarte Zerbitzuetako itxarote zerrendak murriztu eta atentzio integrala hobetzeko programak sortu nahi ditu, lasarteoriatar guztiek dutelako "bizitza duina" izateko eskubidea: "Adineko, emakume, migratzaile edo adin txikiko, guztion bizitzak bizigarriak izateko ezinbesteko baliabideak eman behar dizkie udalak". 

Lehen aipatutakoaren ildotik, autozaintza publiko komunitarioa indartuko dute, "bakardade egoera hauskorrean dauden adineko pertsonen bizi kalitetea hobetzeko". Bestalde, gizarte langile gehiago kontratatzea defendatuko dute, eta, gizarteratzearen eremuan, Buruntzaldean eguneko eta gaueko zerbitzu bana sortzeko urratsak egingo.

Azkenik, udalak bere baliabideen "kudeaketa arduratsua eta parte hartzailea" burutu behar duelakoan, lehentasunetako bat errekurtso horiek "optimizatzea" izan behar du, "herritarrekin harreman zuzena mantenduta". Ideia hori gorpuztu nahi dute herritarren udala izateko leiho bakarraren sistemaren bidez. "Horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak jarriko ditugu, auzotarrak erakunde horretara sartzean beren eskaerak bideratzeko jarraibideak emango dizkien pertsona batek harrera egin diezaien".