Olentzerori eta Mari Domingiri harrera goxoa egin diote lasarteoriatarrek

Maitane Aldanondo 2023ko abe. 24a, 16:39

Olentzero eta Mari Domingi lasarteoriatarren etxetara etorriko dira gaur gauean, baina ordu batzuk lehenago iritsi dira herrira. Okendo plazan Xixukok jasotako marrazkiak ikusi eta beraien gutuna postontzian uzteko aukera izan dute haurrek, kantu jira hasi aurretik. Trikiti eta pandero doinuek lagunduta, erdialdeko kaleetan barrena zabaldu dute giroa, nagusiki, Gabon kantak abestuta. Hala iritsi dira Loidibarrengo frontoira, eta hantxe zeuden Olentzero, Mari Domingi, Xixuko, Mari Teilatuko eta Galtzagorriak desfilerako prest. Igo dira ibilgailuetara eta hasi dute Okendora bidea. Galtzagorriek eta animaliek konfetia bota dute, pertsonaia mitologikoek, berriz, goxokiak. Plazara heltzean, Olentzero eta Mari Domingi nahastu, eta udaletxeko balkoira joan dira; Mari Teilatuko eta Xixuko oholtzara joan diren bitartean. Akatsa konpontzeko denbira izan zezaten, Jalguneko lagunek dantzatu dute. Iristean, oholtzatik hitz egin diete opari banatzaileek plazan bildutako denei, eta dantza egin dute desfilean parte hartu duten zenbait pertsonaiekin. Amaieran, txanda hartua zutenek, bertatik bertara agurtu dituzte Olentzero edota Mari Domingi eta berandu dabiltzanek gutuna ematea ere izan dute.