Eguna etxean goxo-goxo geratzeko modukoa zen baina hala ere ez dira gutxi izan Okendo plazara bertaratu direnak gaur arratsaldean zehar. Aitzakia, Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako San Tomas eguneko azoka: talo, gaztain eta sagardoa, txerrama eta kumeak, zenbait eragileren postuak eta Xumela koruaren eta Oaintxe in deu! txarangaren emanaldi bateratua. Horrez gain, Faktoriako gazteek errifa mordo bat saldu dituzte eta urdaiazpiko eder bat zozketatu. 140. zenbakidun txartelaren jabea izan da irabazlea.
Hiru egun barru eguraldia hobea izango denaren esperantzarekin atseden hartzera joan dira antolatzaileak, ez dutelako nolanahiko harrera bat: Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira herrira eta goizean zehar izango dira hemen, opariak prestatzera joan aurretik. Antolatu duten egitaraua hauxe da:
- 11:00etan, kantu jiran ariko dira herriko ikastetxeetako ikasleak, trikitilariekin batera.
- 12:00etan, desfilea egingo dute Olentzero, Mari Domingi eta lagunek, Loidibarren frontoitik abiatuta.
- 12:30ean, Okendo plazara iritsi eta Porrotx pailazoarekin batera emanaldi koloretsua eskainiko dute.
- 13:00etatik 15:00etara haurren eskutitzak jasoko dituzte bi pertsonaiek Antonio Mercero aretoan. Herritarrek txartelak hartu dituzte eta txanda bakar bat ere ez dute hutsik utzi.