Rural Kutxa bankuak babestu du sari profesionala eta Lasarte-Oriako bulegoko zuzendari Mikel Cortak banatu. Epaimahaia hauek osatu dute: Biyak Bat egoitza, Erketz EDT dantza taldea, Amaia Gonzalez Caballero akademia eta Rural Kutxak berak. Bigarren postuan berdinduta geratu dira Ormazabal loradenda eta Izaguerri loteria administrazioa eta hirugarren tokia Mabel modarentzat izan da. Lehia estua izan da, irabazleak bozen %12 pasatxo eskuratu dituelako, bigarren tokian geratu direnek %10 eta "podiuma" osatu duenak %9.
Aterpeako kide Arantza Aldaik adierazi du antolatzaileak "pozarren" daudela, iazko lehiaketan baino bezero dezente gehiagok eman dutelako iritzia aurten: boto ia hirukoitzak zenbatu dituzte, 1.500 guztira. Euren iritziz Ventanas Alcar-ek prestatu du erakusleiho dotoreena eta atzetik sailkatu dira Mabel moda eta Ormazabal loradenda. Ohi bezala, herritarren parte hartzea saritu du merkatarien elkarteak: 300 euroko bi bono irabazi dituzte Jon Cortazarrek eta Arantxa Ruizek.
Agustin Valdivia alkatea ere ekitaldian izan da udalak egitasmoa babestu duelako eta udaletxera bertaratu diren guztiei Eguberri zoriontsuak igarotzeko desiratzeaz gain, balioan jarri du Aterpeak tokiko merkataritza sustatzeko eta Gabonak girotzeko urtero egiten duen lana.