Cantala izeneko pintxoa, itsasoa eta lurra fusionatzen dituen bieira gratinatua alegia, izan da Roberto Garcia sukaldariari (sari profesionala nori eman berak erabaki du) eta herri epaimahaia osatu dutenei (Arrieskalleta, Semblante Andaluz, Palomo Linares, Lasartearra eta Virgen de Guadalupe Extremadura Etxea elkarteko kide bana) gehien gustatu zaien jakia, horrek irabazi baititu Aterpea elkartearen IX. Pintxo Bideko bi sariak. Araeta sagardotegiko Carlos Huapaya sukaldariaren elaborazioa da eta berak jaso ditu garaikurrak, iazko aldiko sari profesionalaren alboan jarriko dituenak. Eskerrak eman dizkie antolatzaile eta gainerako parte hartzaileei: Arima, Buenetxea, Plan B eta Herriko Etxea.
Aterpeako lehendakari Mabel Pedreirak jakinarazi du Lasarte-Orian "oso harrera ona" izan ohi duela egitasmo gastronomiko horrek eta aurtengo bost parte hartzaileek 700 pintxo inguru saldu zituztela azaroaren 24tik 26ra bitartean.
Lasarte-Oriako Udalak babesten duen jarduera izaki, Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandez ekitaldian izan da. Aterpeako lehendakariorde Ana Laureanorekin batera, pintxo bidean parte hartu dutenen artean zozkatutako sariak banatu dituzte biek: Pili Lizardi eta Susana Cabezudok 250na euro jaso dituzte erosketa txarteletan, herriko komertzioetan gastatzeko.