Festa giroko ekimen bat izateak ez du esan nahi edonork edozer edonola egin dezakeenik. Aurkezpen prentsaurrekoan behin eta berriro errepikatu dute antolatzaileek 16 urtetik gorako pertsonek soilik parte har dezaketela, hiru modalitate hauetakoren batean: patinak, lasterka edota ipar martxako makilekin. Lehen biek seina kilometro burutu beharko dituzte, eta hirugarren multzokoek, berriz, lau. Okendo plazatik irten eta helmugaratuko dira denak.
Gutxieneko adin tartearenaz gain beste ohar batzuk egin dituzte: batetik, partaideek ezingo dutela animaliarik sartu probara eta, bestetik, dortsalik ez duen parte hartzailerik ez dutela onartuko.
Yerai eta Txema
Parte hartzera animatzen direnez gain bi protagonista nagusi izango ditu aurtengo lasterketak: Yerai Rodriguez gaztea eta Txema Valles kazetari beteranoa. Lehenengoari eta familiari pintxo pote solidarioan bildutako dirua emango diote hesteetan duen gaixotasuna tratatzeko hazkunde hormona ordaintzen laguntzeko, eta, bigarrenari, 1 zenbakidun dortsala, El Diario Vasco egunkarian lau hamarkadaz Lasarte-Oriaren berri ematen egindako lanagatik.
Izena emateko epea irekita dagoela gogorarazi dute antolatzaileek. Hilaren 28a baino lehen apuntatuz gero 7 euro ordaindu beharko dituzte, 29an edo 30ean eginez gero, 10, eta 31n, 15. Sarean edota presentzialki inskribatu ahalko dira. Bigarren aukera horren alde egiten dutenek 29an, 30ean (11:00etatik 13:30era edo 17:00etatik 19:30era) eta 31n (10:00etatik 11:00etara) Antonio Mercero aretora joan beharko dute. Urtero legez, lanerako boluntarioak behar dituztela gogorarazi dute antolatzaileek, haiek gabe "ezinezkoa" delako proba aurrera eramatea. Udalari eta herriko komertzioei emandako laguntza eskertu diete.
Egitaraua
- 11:00etatik 14:00etara, pintxo pote solidarioa. Bildutako dirua Yeray Rodriguez gazteari eta bere familiari emango diote, nerabeak duen hesteetako gaixotasuna tratatzeko hazkunde hormona ordaintzen laguntzeko.
- 11:00etatik aurrera, LOZET elkartearen buruhandi eta erraldoiak.
- 12:00etan, kanpaikadak Porrotx pailazoarekin batera.
- 12:15ean, lasterketa hasi aurreko beroketa musikatua.
- 12:30ean, lasterketa. Hasierako txupinazoa jaurti aurretik 1 zenbakidun dortsala emango diote Txema Valles kazetariari.
Proba amaitu eta gero sari ugari banatuko dituzte antolatzaileek, partaideen mozorroetan arreta berezia jarrita.