Kirola eginez eta umorez, urte amaierara bidean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 31a, 17:39

Seigarrenez  San Silvestre lasterketa egin dute Lasarte-Orian. 313 partaidek zeharkatu dute Okendoko helmuga eta batzuek egindako ahaleginari saria jaso dute. Gorputzarekin egindakogatik, kategoria bakoitzeko azkarrenek lortu dute eurena, mozorroa asmatzeko irudimenari finen eragin dieten ere zegokiena. 

Ordutegia aldatu du 2022an, baina gidoia oso antzekoa izan da gaur ere. Eguraldi atsegina, laino ilunen batek euria ekarriko zuela bazirudien ere, larunbata eta urte amaiera. Ondo pasatzeko gogoz bete da plaza. Bertaratutakoek, lehenik, Porrotx eta Jalguneko kideekin dantzan eta kantan ibiltzeko aukera izan dute. Eguerdiko 12:00etan, haur kanpaikadak egin dituzte, Jalguneko lagun batek dunbalari joaz egin ditu hamabi soinuak eta txikienek banatu dizkieten goxokietako bat jan behar zuten bakoitzean. Tamalez, batzuek probako kontaketa zela pentsatu eta ez dituzte jan. Berandu bada ere, gauerdian aukera berri bat dute. Jarrain, beroketa egin nahi zutenek Saito gimnasioko monitore batek egindakoa jarraitu ahal izan dute; eta Jalguneren aldeko pintxo solidarioa dastatzeko parada ere izan dute. 

Kirolarekin lotura zuzenik ez duten horiek utzita, 313 izan dira lasterketan parte hartu dutenak. Korrika, patinetan edo ipar martxa eginez. Gehien-gehienak mozorrotu egin dira, eta aukerak askotarikoak izan dira. Batzuk, ariketa fisikorako batere aproposak ez diruditenak: ezkontza soinekoa edo igerileku bat barne hartzen duen edozein, esaterako. Argi dago, ordea, halakoak aukeratu dituztenek markaren gainetik jarri dutela jostaketa. 

Agurra dantzatu diete denei, eta suziri baten ondoren hasi da lasterketa bakoitza. Irteten lehenak, patinatzaileak izan dira. Bi besterik ez dira izan, aire-serpentinaz jantziak biak ala biak. Hurrengo eztandaren ondotik korrikalariak irten dira. Lehen metroak buruan egin dituzten biek berdin amaitu dute, bata bestearen aurretik izan bada ere. Haien atzetik, hamaika mozorro, eta denen atzean, elur-orein sudurgorriek tiraka zeramaten Olentzero eta Aita Noel zeramatzan lera. Bide pixka bat egin dutenean, azken sustoa, eta abiatu dira ipar martxakoak, lehen ilaretako gehienak San Fermineko entzierroa egiteko apropos jantziak. Erratz autoaren aurretik,  10. Euskararen Maratoiko zortzikotea zihoan, lasterketaren aurtengo omenduak.

Azken korrikalaria iritsi denean, sari banaketaren txanda heldu da. Zortzikotea izan da oholtzara igotzen lehena. 1 zenbakidun dortsal bana jaso dute eta hitz batzuk esan dizkiete Okendon zeudenei. Julen Ormazabal izan da lasterketako azkarrena, Nerea Arteaga lehen emakumezkoa, Esther Marin ipar martxako lehen emakumezkoa, helmuga eskutik zeharkatu du lehen gizonezkoarekin, Iñaki Guijarro. Patinetan bi lehiakide bakarrik izan dira eta hauek ere elkarrekin bukatu dute proba, beraz, txapel bana jaso dute: Iratxe Urkia eta Garazi Alkorta. Beteranoena, aldiz, 89 urteko Luis Tapia. Hunkituta jaso ditu txapela eta kopa eta bertsotan saiatu da. Mozorro onenen sariak hauek izan dira: Igeriketa sinkronizatua, burbuilak eta kopak; Olentzero eta Aita Noelen lera, futbolin jokalariak eta mamu ehiztariak.

Erlazionatuak