Orea nola jo ikasi dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 20a, 10:36

San Tomas Eguna eta Gabonak ate joka ditugu, eta, urtero legez, aurten ere taloak nola egin ikasi dute herriko haur eta gazteek,  Ttakun Kultur Elkartearen eskutik. Trebetasun handia erakutsi dute arto-irinez egindako ore artean

Talo ederrak egin dituzte herriko gaztetxoek Ttakun Kultur Elkarteak aurrera eraman duen jaki horiek egiteko ikastaroan; Ttakunenea Elkartean batu ziren ia ehun lagun, atzo arratsaldean. Bi txanda ezberdinetan antolatu zituzten parte hartzaile guztiak; 17:00etan hasi zen lehena, eta, 18:30ean, berriz, bigarrena. 
San Tomas azokako talogileen pausoak jarraituz ikasi zuten guztiek taloak nola egin. Talogileek orearekin egindako bolatxoak prestatu eta ikastaroko parte hartzaileek hori joz, taloari forma eman zioten. Ederki pasa zuten arratsaldea. Eta, nola ez, saioari behar bezalako amaiera emateko, prestatutako taloak jan zituzten. Horretarako, taloak sutan egin eta txokolatez bete zituzten. 
San Tomas azoka
Hilaren 21ean aurrera eramango du kultur elkarteak San Tomas azoka. 17:00etan hasiko da, Okendo plazan, eta taloak zein sagardoa dastatzeako aukera izango dute bertaratzen direnek. Xumela korua eta Oaintxe in deu txaranga ere bertan izango dira, arratsaldea girotzeko asmoz.