San Tomas eguneko azokarekin hasiko da Ttakun KEren Gabonetako programazioa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abenduaren 15a

Ate joka ditugun Gabonetara begira makina bat jarduera antolatu ditu Ttakun Kultur Elkarteak, euskaratik eta euskaraz, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean. San Tomas azokarekin hasiko dituzte ospakizunak hilaren 21ean, ostegunarekin, 17:00etatik 20:00etara azoka jarrita Okendo plazan. Bertaratzen direnek aukera izango dute talo, txistorra eta gaztainak dastatzeko, txerria ikustekoa eta zenbait emanaldiz gozatzekoa: Xumela korukoek euskal kantak abestuko dituzte eta Oaintxe in deu! txarangakoek, berriz, kaleak girotu. Antolatzaileek feriaz gozatzera eta baserritar jantzita joatera gonbidatu dituzte lasarteoriatarrak.

Ekimen horretarako motorrak berotze aldera, taloak egiten ikasteko bi saio antolatu ditu euskara elkarteak, hilaren 19an. Lehenengoa 17:00etatik 18:30era izango da (honezkero toki guztiak hartuta daude) eta bigarrena 18:30etik 20:00etara. Izena eman nahi dutenek kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi edo 695 78 53 89 telefono zenbakira deitu behar dute ahal bezain lasterren.

Olentzero eta Mari Domingi

San Tomasetik hiru egunetara etorriko dira herrira Olentzero, Mari Domingi eta lagunak. 12:00etan desfilatuko dute herriko kaleetan barrena eta 12:30ean ikuskizun koloretsu bat emango dute Porrotx pailazoarekin batera, Okendo plazan. Horren aurretik, herriko ikastetxeetako haurrak kantu eskean ibiliko dira erdigunean barrena, 11:00etan hasita. Desfilearen eta emanaldiaren ostean, haurren eskutitzak jasoko dituzte Okendon bertan eta Antonio Mercero gunean, 13:00etatik 15:00etara.

Ekitaldi horretara joan nahi dutenek txartelak eskuratu behar dituzte Ttakun KEren bulegoan (Geltoki kalea 4, behea), hilaren 19an eta 20an, 09:00etatik 13:00etara edota 16:00etatik 18:00etara.

Bestalde, Xixuko ahatea ariko da lanean Olentzero eta Mari Domingi etorri aurreko egunetan, izan ere, Garaikoetxea-Landaberriko haurren marrazkiak jasoko ditu 18an eta Sasoetakoenak 20an.