GREBA FEMINISTA OROKORRA

Ehunka herritar batu dira "bizitza duinen aldeko borrokara"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 30a, 14:08

Elkarretaratze jendetsua aurrera eraman du greba feminista orokorraren Lasarte-Oriako batzordeak eguerdian, Okendo plazan. Bertako kideek nabarmendu dute lanuztea ez dela helburu nagusia, zaintza sistema publiko komunitario baterantz mugarri bat izatea baizik. "Denok izango gara noizbait zainduak eta guztioi dagokigu zaintzaren ardura modu kolektiboan hartzea; bizitza duinen aldeko borroka da hau". 

Goizeko ekimenak agerraldi batekin itxi ditu batzordeak. Lehenik eta behin, Earra bertso eskolako bi bertsolarik zaintza ardatz izan dituzten koplak bota dituzte, ikus-entzuleen txalo artean. Ostean, gaurko jarduerak antolatu dituen eragileko bi kidek manifestu bat irakurri dute, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Zaintzaren problematika "erdigunean" jarri nahi dutela zehaztu dute, "historikoki emakumeak izan direlako horren pisua eraman dutenak eta inoiz ez delako lan gisa aitortua izan". Are gehiago, zeregin horiek "ikusezinak eta gutxietsiak" izan dira politikoki, sozialki eta ekonomikoki.

Horren harira, azpimarratu dute "gizarte osoaren ardura" dela "zaintza eskubide kolektiboa borrokatzea", bai eta "gaur egungo sistema pribatizatu eta merkantilista" mantentzen dutenei "ardura eta erantzukizuna" eskatzea. Koronabirusaren garaia oroitu dute, gaixotasun horrek eragindako "askotariko krisiak" sostengatzeko "zaintza lanak ezinbestekoak direla" erakutsi zuena. "Edonola ere, aitortu gabe segitzen dute lan horiek Euskal Herrian, eremu pribatura mugatuta eta inolako aitortza sozial eta ekonomikorik gabe". Bidenabar, alor horrekin lotura zuzena duten lanpostuen baldintzak "prekarioak" izaten segitzen dute, eta "are okerragoak" dira orain, erakundeen "pribatizaziorako joera" tarteko. "Arrazista, kapitalista eta heteropatriarkala den sistema honetan, gainera, arrazializatu eta migrante diren emakumeei eragiten die batik bat indarkeriazkoa eta esklabutzako egoera horrek". Hori horrela izanik, haien lanak gauzatzeko "alde batera" utzi behar dituzte beraien bizitzak. 

Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko "apustua"

Egoera horren aurrean, "zaintza eskubide kolektiboaren aldeko apustua" egiten dute elkarretaratzea deitu dutenek, hau da, "pertsona guztiek, bizitza osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz" arreta hori eman eta jasotzearen alde. Hori nola gauzatu? "Mendekotasun egoeraz harago, zenbateraino, nola eta nor zaindu nahi dugun erabaki ahal izatea, eta, zenbateraino, nola eta nork zainduak izan nahi dugun erabaki ahal izatea". Hori guztia "kolektiboki eta emakumeak zaintzeko betebeharraren izenean" ulertu behar du gizarte osoak, gizonek batez ere, ardura "modu kolektiboan" hartu behar dutelako pertsona guztiek.

Ildo horretatik, Lasarte-Oriako Udala interpelatu dute, "arduraz" jokatu behar duela eskatzeko: "Egungo sistema mantentzen jarraitu beharrean, neurriak hartu eta baliabideak jarri behar ditu, gure herriko zaintza lan eta langileen eskubideak errespetatuak izan daitezen". 

Bukatzeko, azpimarratu dute gaurko lanuzte orokorra ez dela "helburu nagusia", "zaintza sistema publiko komunitario bat" ezartzeko bidean mugarri bat baizik. "Bizitza duinen aldeko borroka da hau, bizi artean zainduak izan eta konpromiso berarekin zaintzeko eskubidea lortzeko. Lanean jarraituko dugu, gora borroka feminista!".

Manifestua irakurri ostean iritsi da kantu eta dantza egin eta irrintziren bat edo beste (Arantxi Zumeta animatu da, birritan) botatzeko unea, Xumela koruko lagunen eskutik. Txoriak txori eta Epo i tai tai e abestiak plazaratu dituzte.

Erlazionatuak