Euskal Jaia ospatuko dute azaroaren 11n

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 27a, 09:00

Mari Karmen Ormazabal eta Jon Antxordoki, Okendo plazan.

Aurtengoa 2023. urtea da, eta, beste ezaugarri batzuen artean, Euskararen Maratoirik edo Euskaraldirik gabekoa da. Edonola ere, Ttakun Kultur Elkarteak, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak diruz lagunduta, herriko euskaltzaleak biltzeko eta saretzeko ospakizuna aurrera eramango du azaroaren 11n, larunbatarekin, Okendo plaza eta inguruetan, 09:30etik aurrera: Euskal Jaia. "Urrian antolatu ohi dugu normalean, baina beste ekitaldi batzuk kontuan izanda atzeratzeko erabakia hartu dugu", azaldu dute Ttakun KEko kideek. "Salbuespena izatea nahiko genuke eta data bat finkatu, urriko hirugarren asteburua, egitasmoa sendotze aldera".

Euskal kulturan oinarritutako jaia izango da azaroaren 11koa, euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzea asmo duena. Horrekin batera, Ttakun KEk eta udalak martxan dituzten egitasmoei (Plaza Dantza, Solaskide, jantzi tradizionalen ikastaroa...) ikusgarritasuna eman nahi diete eta egitarauan txertatuko dituzte (arrosa koloreko zatiduran kontsulta dezakezue, osorik). Egun horretako ekimenen artean Lasarte-Oriako artisau eta ekoizleen azoka izango dela azpimarratu dute, euren ekoizpenak ikusarazteaz gain salerosketa harremanetan ere euskara bultzatzeko. Horretarako, merkatariek hizkuntza horretan artatuko dituzte bezeroak.

Herri bazkaria izango da beste jarduera nabarmen bat, Okendon, 14:00etan. Mahai, aulki eta edariak antolakuntzak jarriko ditu eta jatekoa norberak eraman beharko du.

Ttakun KEko lehendakari Mari Karmen Ormazabal eta udaleko Euskara saileko buru Jon Antxordokik eman dute aurtengo Euskal Jaiaren berri. Biek ala biek nabarmendu dute euskal kulturara hurbildu nahi duen guztiek ekimenetan parte hartu eta jai giroaz goza dezaketela. Halaber, antolatutako jardueretara baserritar jantzita etortzera animatu dituzte herritarrak.

Erlazionatuak

Egun osoko festa izango da Euskal Jaia

Txintxarri Aldizkaria 2023 urr 27 Euskara