Prest daudela eta gai direla aldarrikatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 26a, 12:17

Atzegiko kide eta familiak, udal ordezkariekin batera, aurkezpenean.

Adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko postuak eskuratzeko duten eskubidea ikusaraztea da Atzegiren sentsibilizazio kanpaina berriaren helburua. Ni prest nago, eta Gipuzkoa?  izena du egitasmoak eta zuzenean interpelatu ditu erakundeak, norabide horretan urratsak egin ditzaten. Legez, pertsona horiei tokien %2 dagozkie.

Funtzionarioa da Joana Regalado lasarteoriatarra eta gaur egun Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzan lan egiten du. Ordenantzako oposaketako azterketa Madrilen egin zuen eta akats bat bera ere egin gabe gainditu zuen, hori bai, "ordu asko" sartu eta gero. "Gureak-eko tutorearekin astero bi orduko eskolak izaten nituen, saio indibidualak ere bai, baina, horrez gain, ia edozein tarte baliatzen nuen ikasteko: lanera sartu aurretik eta ondorengo tarteak, treneko bidaiak, asteburuak, jaiegunak...".

Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren Buruntzaldeko aurkezpenean eman du testigantza hori Regaladok. Ni prest nago, eta Gipuzkoa? izena du ekimenak eta helburua da adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko postuak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatzea. "Gizartearen gehiengoak ez daki legez tokien %2 dagozkiela eta oraindik are gutxiago dira deialdiak egokitzeko ahalegina egin duten erakundeak", azpimarratu du Atzegiren eskualdeko arduradun Aloña Agirrek. Hori dela-eta, egitasmoaren aurkezpena baliatu dute administrazio publikoko entitateak zuzenean interpelatu eta norabide horretan urratsak egiten hasi edo jarraitzeko. "Prest gaude alor hori landu nahi duen edozeini lagundu eta aholkatzeko".

Norabide horretan, Agustin Valdivia alkateak adierazi du "lan asko" dutela egiteke administrazio publikoek, eta udalak Atzegirekin batera landuko duela gaia. Agirrek gehitu du "aukera paregabea" dela enplegu publikoko postuak lortzea adimen desgaitasuna dutenentzat, haien prestutasun eta gaitasuna gizartean ikusarazten laguntzen baitu.