Tantaka-tantaka iritsi dira herritarrak Okendora, Palestina askatzea eskatu duen olatu bat osatu arte. Palestinako sarraskia gelditu. Israeldar kolonialismoari stop! lelodun kartela erakutsi dute antolatzaileek. Herrialde horren aldeko beste afixa batzuk eta banderak ere ez dira falta izan. Manifestua irakurtzerakoan mezu ugari zabaldu dituzte, besteak beste, hau: "Gure herrietako plazetan bildu eta sarraskia amaitzeko eskatzea baina gauza gehiago egin ditzakegu: gure alea erantsi eta benetako ekarpenak egiteko ordua da, Israelgo estatuaren eta haren interes ekonomikoen aurkako BDS delakoari (Boikot, Desinbertsio eta Zigorren Kanpaina Globalari) atxikita".
Ekintzarekin amaitu aurretik, oroitarazi dute larunbatean manifestazio bat egingo dutela Donostian. 17:30ean ekingo diote ibilbideari, Antiguoko tuneletik abiatuta.