"Ezin diogu borrokatzeari utzi aurrekaririk ez duen gertaera berri hauen aurrean"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 19a, 20:00

Palestinaren aldeko elkarretaratzea antolatu duten herritarrek manifestu bat irakurri dute Okendo plazara bertaratu den jende andanaren aurrean.

"Gaur hemen bildu gara, Euskal Herriko beste herri askotan bezala, PALESTINAREN ASKATASUNA berriro ere eskatzeko.

Azken urteotan, Euskal Herrian askotan bildu gara palestinarren alde gaudela adierazteko, “Israelen” erregimen sionistak, egunez egun, ezartzen duen okupazioa, legez kanpoko koloniak, espetxeratze sistematikoak, lurren lapurreta eta eguneroko krimenen zerrenda luzea salatuz, eta hilketak eta apartheida gaitzetsiz.

Baina, oraingoan, egoera mingarriagoa da.

Israelgo estatu sionistaren ordezkariek GENOZIDIO bat iragarri zuten letra guztiekin. Atzerako kontaketa jarri zuten martxan, eta oraingoz GAZAKO lurreko erasoa atzeratu egin den arren sionismoak baldintza onuragarriagoak izan arte, ezin diogu borrokatzeari utzi aurrekaririk ez duen gertaera berri hauen aurrean.

Ez da soilik iragarritakoa, ezta gehiegikeria hori guztia “defentsa-eskubide”-aren izenean justifikatzea ere; eskubide horrek kasu honetan erasotzailearentzat (kolonizatzailea) balio baitu, eta ez erasotuarentzat (kolonizatua).

Ez da soilik benetako giza tragedia eragiten aritzea, ordu gutxiko tartean, milioi bat pertsona baino gehiagok beren bizi osoa bertan behera utz dezaten behartuz, beren etxeetara inoiz ez itzultzeko aukeraren jakitun direlarik.

Ez da soilik exodo behartu hori (XXI. mendeko Nakba berri bat) gauzatu ezinezkoa dela; izan ere, ez baitute nora joan eta alde egitera mehatxatu dituzten horiek lekualdatzeko bidea egiten hasi orduko sionismoak berak bonbardatzen baititu.

Gainera, badakigu GENOZIDIO honek Mendebaldeko gobernuen babes esplizitu eta gogotsua duela, ez baitute atzamarrik mugitu duela 16 urtetik hona GAZA jasaten ari den blokeoaren aurka, eta kapitulu berri honen aurrean ere, korrika joan dira okupaziopeko lurraldeetan argazkiak ateratzera, laguntza ekonomiko, diplomatiko eta militar osoa eskainiz Israelgo herrialde sionistari. Gainera, guzti horiek “terrorismoari aurre egiteko borroka” aldarrikatzen dute, aitzakiatzat hartuta, beraien eta aliatuen ekintza inperialistak justifikatzeko, betiko moduan.

Baina ez gaitezen engainatu, Palestinak erantzungo ez balu, bere lurraldea nola lapurtzen dioten ikusten jarraituko beharko luke, “NAZIOARTEKO KOMUNITATEA” delakoak ez ikusiarena egin eta Israeli nahi duena egiten uzten dion bitartean.

Gaur hemen bagaude, zigorgabetasunaren eta Mendebaldeko gobernuen konplizitatearen aurka erreakzionatzen, Palestinar herriaren erantzun horrek GAZAko eta okupatutako gainerako lurraldeetako eguneroko egoeran fokua jartzera behartu gaituelako da.

Garai batean, Hego Afrikako Apartheidaren arraza-bereizkeriaren aurka Euskal Herriak argi eta garbi, eta baldintzarik gabe, hartu zuen jarreraren antzera, Palestinarekiko gure betebeharra da okupazioaren aurkako jarrera bera erakustea, ISRAELen estatu genozida salatuz eta ekintza politiko bidez erantzunez.

Eta ekintza politiko bidez erantzuteko, ezinbestekoa hona nola iritsi garen galderari erantzutea. 75 urteko okupazio amaigabe horretan bitartekari izan behar zuten nazioarteko erakundeek zergatik begiratu zuten beste alde batetara hamarkadetan zehar, Israelek gehiegikeriak egiten jarraitu duen bitartean. Zergatik masa-komunikabideek normalizatzen duten genozidio kriminal hori, eta lekua ematen dieten sionismoaren ordezkariei gezurrak eta gorrotoa zabaltzeko, biktimak terroristatzat joz eta benetako terroristak, berriz, biktimatzat. Zergatik munduko potentziak gehien interesatzen zaien tokian esku hartzeko “beste herrialde batzuek babestu beharra” hainbeste aldiz aipatzen duten, eta une honetan erasotzailearen alboan jartzen diren, honek hitzez hitz, haren indarkeriak “digeritzeko zailak diren irudiak” utziko dituela adierazten duenean. Zergatik egiten zaien entzungor, existituko ez balira bezala, beste herrialde batzuen proposamenei, gainbegiratutako suetena eta egungo “impasse” egoerari irtenbide politikoa emango liokeen berehalako bake elkarrizketa martxan jartzea eskatzen dutenean.

Iragarritako genozidio hau ezin liteke ulertu gure buruari galdera horiek egin gabe.

Baina gure herrietako plazetan palestinarren sarraskiaren amaiera eskatuz bildu baino zerbait gehiago ere egin genezake. Egun hauetan milioika gara mundu osoan. Baina plazetan biltzea ez da nahikoa.

Gure alea erantsi eta benetako ekarpenak egiteko ordua da Israelgo estatuaren eta haren interes ekonomikoen aurkako BOIKOT, DESINBERTSIO ETA ZIGORREN KANPAINA GLOBALARI (BDS) atxikiz.

Israelen legitimazioaren aurka erreakzionatu behar dugu. Beren burua moderno eta demokratiko gisa aurkezten duten bitartean, palestinarrak bortxaz eta beldurrez lekualdatzen dituzten kolonia ilegalen bidez zabaltzen baitute beren kontrolpeko lurraldea.

Eta, azkenik, ahalik eta era gehienetan salatu behar dugu Israelen atzean dagoen inperialismoa, mendebaldea aberasteko balio duten baliabide energetiko ugari ustiatzeko, Israel ekialde hurbileko lantzaren punta gisa erabiltzen den tresna baita.

HERRIEN AUTODETERMINAZIOAREN ALDE.

APARTHEIDAREN ETA OKUPAZIOAREN AMAIERARENGATIK.

GORA PALESTINA ASKATUTA!"