Buruntzaldeko XV. Ibilbideen Eguna ospatuko dute hilaren 22an

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 11a, 12:13

Argazkia: Urnietako Udala

Buruntzaldeko ibilbideak egitasmoak edozein publiko motari  jarduera fisikoa egiteko aukera eskaintzeaz gain, eskualdea eta bere landa eremu naturala ezagutzeko ere ekimen egokia da.

Buruntzaldeko bidezidor eta bideak, landako paisaiatik barrena paseoez, belardiez eta basoez, baserri, baseliza zein karobiez gozatzeko aukera izango dute aurtengo Buruntzaldeko Ibilbideen XV. aldian parte hartuko dutenek. Bost ibilbideren eskaintza luzatu dute eskualdeko udaletako Kirol saileko ordezkariek. Hilaren 22an aurrera eramango dute aipatu jarduera, 08:00etatik 14:00etara.

Herri bakoitzean, ibilbide zatien inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude ere azaldu dute udal ordezkariek. Bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zutoinak jarri dituzte.  Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio koloreak aintzat hartuz ipini dituzte (Lasarte-Oria: urre zaharra, Urnieta: berdea, Usurbil: laranja eta Andoain: urdina); hala, partehartzaileek, bidea, seinale bat ikusten dutenean, zein ibilbidetan dauden jakin ahal izango dute. 

Hauek dira interesdunei egin dizkieten bost ibilbideen proposamenak:

  • ANDOAIN – LASARTE-ORIA (Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda). Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
  • ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
  • ANDOAIN – USURBIL (Andatzatik barrena). Koloreak, urdina eta laranja;  14,9 km.ko luzera du (luzeena da); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.
  • LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.
  • LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km.ko luzera du (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta  kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Kontrol guneak

Herri bakoitzean kontrol eremu bat egongo dela iragarri dute antolatzaileek (Usurbilen bi); horietan, argibideak emateaz gain, mokaduak eta edatekoak banatuko dituztela ere zehaztu dute. Honako lekuetan egongo dira aipatu gune horiek: 

  •  USURBILEN: Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginagan, Mapil inguruan
  • ANDOAINEN: Udaletxe azpian
  • LASARTE-ORIAN: San Pedro elizaren ondoko plazan
  • URNIETAN: Udaletxea azpian

Aplikazio lagungarri bat eta garraio zerbitzua

Navi Ruta izeneko aplikazioaren berri eman dute. Sakelako telefonoarentzat egokia da, eta horren bidez, Buruntzaldeko ibilbideetako edozein egiterakoan, sistemak modu jarraituan emango duen informazioa (kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak…) jaso ahal izango dute erabiltzaileek. Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerri bakoitzean jarriak dauden paneletan jarriko diren QR kodeak eskaneatu beharko dira; kode horiek kontrol guneetan ere eskuragarri egongo dira.

Partaide bakoitzak abiatzen denean txartel bat jasoko du, irteerako herriak zigilatuta; horietako batek bi ibilbide eginez gero, oroigarri moduan opari bat jasoko du. Salbuespenak, Andoain-Lasarte-Oria eta Andoain-Usurbil ibilbideak izango dira, edozein norabidean eginez gero aipatutako oparia lortuko baita.

Bestalde, 12:00etan, Aginagan, Ezpaldiko gasolindegitik abiatuta autobus zerbitzua izango da partehartzaile bakoitza abiatu den herrira itzul dadin. Zerbitzu hau erabiltzeko, ezinbestean, hasieran jasotako txartel zigilatua aurkeztu beharko dela ohartarazi dute arduradunek. Autobus zerbitzuaren ordutegia ondokoa izango da:

AGINAGA

USURBIL

LASARTE-ORIA

ANDOAIN

URNIETA

Ezpaldiko gasolindegia

San Inazio borobilgunea 

Dorretxeko biribilgunea

Goiko plazaren atzealdean

 

Kiosko geltokian

12:00

12:07

12:15

12:30

12:40

13:00

13:07

13:15

13:30

13:40

14:00

14:07

14:15

14:30

14:40 (zerbitzu amaiera)