Aipatu bost musikari horiek Lasarte-Oriako talde historiko horren errepertorioko abestiak joko dituzte. Ondoren, The Noise Makers-en txanda izango da: 80. hamarkadako punk eta rock abesti ezagun asko bertsionatuko dituzte Andatza plazan bertan, 23:15etik aurrera.
Hirugarren omenaldia
Rafa Lopezek eta Juan Mari Cerezok eratu zuten aipatu taldea joan den mende amaieran; 2000. urtean maketa bat argitaratu zuten. Hori izan zen laukotearen (Bittor eta Unai ziren beste bi kideak) garai mugituena, ia astebururo jotzen baitzuten. Hiru urte geroago, Cerezo hil zenean, jotzeari utzi zioten. Lehen aintzatespen ekitaldia urtebete geroago egin zuten, eta, bigarrena, 2010ean, lasarteoriatarraren heriotzaren zazpigarren urteurrenean. Urte horretako kronikan TXINTXARRI-k jaso zuenez, Lasarte-Oriako rock giroan oso ezaguna zen Cerezo; berak sortzen zituen abestiak.