"Etxean jasotzen dugun aldizkaria da, Lasarte-Oriako notiziak biltzen dituena"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 29a, 09:47

UNAI BERASATEGI - Herritarra

TXINTXARRI-ren egun berean beteko ditu urteak. 20 urteko aldea dago bataren eta bestearen artean, eta  adin tarte hori baliatu nahi izan dugu, aldizkaria ezaguna duen ala ez galdetzeko

10 urte beteko ditu Unai Berasategik TXINTXARRI-k 30 beteko dituen egun berean: etzi, urriaren 1ean. Hala jakin dugu, bere ama Leire Berasategik bidalitako mezu bati esker. Izan ere, aldizkariaren urtebetetze egun berean jaiotako lasarteoriatarrik ba ote zen galdegin genuen sare sozialetan, eta horrela izan dugu gaztetxoaren berri. 20 urteko adin tartea dago herritarraren eta aldizkariaren artean, baina gaztea izanagatik ere, aukera baliatu nahi izan dugu begirada horretatik aldizkaria nola bizi duen galdetzeko. Hau da kontatu diguna.

Ezagutzen al duzu TXINTXARRI? Zer da?

Bai ezagutzen dut. Etxean jasotzen dugun aldizkari bat da; Lasarte-Oriako notiziak biltzen dituena. 

Uste duzu garrantzitsua dela lasarteoriatarrek horrelako aldizkari bat izatea?

Bai garrantzitsua da herritarrentzat, bizi diren herrian zer gertatu den jakiteko aukera ematen baitie. 

Irakurtzen al duzu tartetxoren batean?

Ez dut tartetxorik hartzen irakurtzeko. 

Inoiz atera al zara bertan?

Koronabirusaren garaian atera nintzen, beste bi lagunekin batera; eskolara maskara jantzita joan behar garaian. Horren inguruan galdetu zigun kazetariak; jakin nahi zuen nola sentitzen ginen.

Eta nolako esperientzia izan zen? Gustatu zitzaizun zure burua hor ikustea?

Polita izan zen aldizkarian ateratzea, gustatu zitzaidan bai. 

Aldizkariak zure egun berean beteko ditu urteak. Zuk 10, eta TXINTXARRI-k, berriz, 30. Urte asko direla iruditzen zaizu?

Bai, dezente. 

Agian etorkizuneko TXINTXARRI aldizkariaren irakurlea ere izango zara.

Beharbada bai. Lasarte-Orian zer gertatu den ikusteko, kirol agenda kontsultatzeko, eta abar.