Zer da baterajotzea?
Elkargune fisiko bat baino askoz gehiago da. Tailerrak, mahai inguruak, otorduak, kontzertuak… eta askoz gehiago. Euskal Herriko txoko guztietako gazte feministak elkartu nahi dituen egitasmoa da, elkarrekin ikasi, eztabaidatu, dantzatu eta konspiratzeko. Azken finean, neska* gazteon mugimendu zabalaren elkargune nazionala da.
Euskal Herriko neska* gazteok elkartu eta eztabaidarako espazioa da, elkarrekin Euskal Herria feminista irudikatzeko eta eraikitzeko tokia, saretu eta antolatzeko aukerak eskaintzen dituena. Aurten, Utopiak lehertzeraino lemapean, Usurbilen elkartuko gara urriaren 13tik 15era bitartean.
Nondik gatoz?
Egia da Baterajotzearen formatua errepikatuko dugun bigarren aldia dela, baina asko dira aurrez antolatutako egitasmoak. Badira urte batzuk neska* gazte subjektua antolatzeari ekin genionetik.
2016an egindako Eraikuntza lanetan ari gara eta Barañainen burututako GaztEraiki topaketetan emandako asanbladetatik sortutako proiektuak izan ziren lehenak. Feminismoaren bueltan bildu ginen 150 bat neska*, hiru proiektu genituelarik esku artean: biltegi digitala, talde osasun gida eta gazte udaleku feministak. Hala ere, emandako eztabaidetan zenbait korapilo gelditu zitzaizkigun. Horiek askatzen hasteko Udaleku Feministak izan genituen lehenengo parada. Neska* gazteok elkar ezagutzeko eta batera hausnartzeko espazio feminista bat sortzea helburu, 2017ko irailaren 1etik 4ra Ozaetako Garaion Sorgingunean 100 neska* gazte batu ginen. Aurreko Udalekuen arrakasta ikusita, 2018ko abuztuaren 30ean II. Udaleku Feministak antolatu genituen berriro ere Ozaetan. Lau egunez hainbat ekintzaz beteriko egitarauaz gozatzeko aukera izan genuen bertaratu ginen Euskal Herriko neska* gazteok, tailer, hitzaldi eta mahainguruez osatutakoa. Gerora etorri dira 2019ko Egin dezagun topa! jardunaldiak Lizarran, 400 neska* gazte baino gehiago batu ginenekoa; 2021ean Elizondon aurrera eraman genuen Baterajotzea, pandemiaren ondoren gure mugimenduaren oinarriak berriz ere sendotzeko; eta iazko udalekuak, barne eztabaidetan sakondu eta nukleoa are gehiago trinkotzeko.
Zein da aurtengo erronka nagusia?
Aurten erronka berri bat dugu Mugimendu Feministako kideok. Greba feminista orokor bat izango dugu azaroaren 30ean, egungo sistema goitik behera aurkaratzen duena. Gazteok lanuzte horren antolakuntzan ezinbestekoak izanik, zaintza sistema iraultzea helburu duen ekintza hori indartu eta gazte perspektibatik proposamen propioak egikaritu nahiz antolatzeko, elkargune bat beharrezkoa dugu. Paraleloki, ezinbestekoa dugu sistema bortitz eta distopiko honetan utopia berriak irudikatu eta honetarako tresnak sortu eta partekatzea, erresistentzia eta alternatiba berrietan sakontzea, eztabaida estrategikoei ekitea nahiz hausturak kolektiboki antolatzea.
"Gure aurtengo erronka azaroaren 30eko greba feminista orokorra izango da"
Zergatik orain eta hemen Baterajotzea? Eta zergatik Usurbilen?
Baterajotzea ez dugu noiznahi eta nonahi planteatu. Izan ere, testuinguruak zeharkatutako egitasmoa da, Greba Feminista Orokorraren atarietan kokatu duguna. Ez da ausazko erabakia izan. Izan ere, honi begirako ekarpena artikulatzeko espazio gisa irudikatzen dugu. Oraingo honetan, zaintzaren auzia eztabaidatzea dagokigu, guk ere honen inguruan badugulako zer esana. Gaztetasunetik ekarpena egin nahi diogu zaintza problematizatu eta hau sozializatzeari, eta bide horretan noski, neska* gazteok ahots propioa dugu. Zaintza neska* gazteok nola zeharkatzen gaituen hausnartu nahi dugu ere. Baterajotzera hilabeteetako lanketa batekin heltzen gara. Zaintzarik gabe, bizitzarik ez! dinamika martxan jarri genuen otsailaren 10ean egindako ekimenarekin. Horren ostean, beste hainbat mugarritan ere zaintzaren gaiarekin neska* gazteok bizi dugun problematika sozializatu dugu.
Bestalde, aurtengo Baterajotzea Usurbilen egiteak neska* gazteon mugimendua Buruntzaldean trinkotzeko eta Gipuzkoan azkenaldian sortu diren talde ugariak ezagutzeko aukera ematen digu.
Zergatik animatzen dugu jendea Baterajotzean parte hartzera?
Gazte feministok beharrezkoa dugu antolaketa propio bat, gure egoera problematizatu eta proposamen propioek ere tokia izan dezaten, gure mundu ikuskera zabaldu dezagun eta iritzi sortzaile izan gaitezen. Horregatik, Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu, greba bera indartu eta antolatu, nahiz eskuartean ditugun eztabaidetan sakontzeko sistema iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatzeko, utopiak pentsatzeko eta hausturak kolektiboki antolatzeko.
"Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu"
Baterajotzea eta gero, zer?
Bertan sortutako eztabaidak eta indarra herri, auzo eta unibertsitateetara eramango ditugu. Ez da Usurbilen hasi eta bukatuko den zerbait, aurretik dator eta jarraipena izango du. Udazkenean datorren greba feministara begira jartzeko eta bertan neska* gazteok izango dugun paperaz hausnartzeko balioko digu. Baterajotzean metatutako harreman, indar eta ilusio guztiak grebarako azken bultzada izan daitezen nahiko genuke, prozesu horren motore baikara. Greba ostean ere ez da ezer bukatzen. Gure auzo eta herriak feminismotik eraldatzen segiko dugu.
Zer egitarau antolatu dugu?
Egitarau zabala prestatu dugu, eduki aldetik, plano desberdinak uztartzen dituena: zaintzaren auziari ertz ezberdinetatik heldu nahi diogu, horren izaera transbertsala berretsi eta intersekzionalitatearen ideia sakontzeko; Mugimendu Feministan indarra hartzen ari diren gaiek tokia izango dute, lodifobiaren aurkako feminismoa edo subjektuaren eztabaidek, kasurako; marko teorikoaren eta borroken lurreratze praktikoa uztartu nahi ditugu, utopiak eraikitzeko gakoei lekua eginez; eta, noski, greba feminista orokorraz eta horretan neska* gazteok izango dugun paperaz hitz egiteko parada izango dugu, mahai inguru zentraletako batekin.
Hitzaldi eta mahai inguruetatik harago, bestelako tailer eta aisialdi espazioz osatutako egitarau zabala osatu dugu, baita umoreari eta musikari ere tartea eskainiz. Gauean aisialdi eskaintzak aurrera eramango ditugu, Baterajotzearen helburuak badirelako ere, azkenean, elkar ezagutu, dantzatu eta saretzerako aukerak ematea.
Zer-nolakoa izan da prestaketa?
2022ko udan egindako udalekuetan baterajotzera begira lehen barne eztabaidak izateko aukera izan genuen, baita gure arteko harremanak sendotzeko ere. Izan ere, aipatu bezala, lan hau guztia aurrera eramango zuen talde zabal bat trinkotzeko balio izan zuen. Hilabete batzuen ostean heldu genion planteamendua sendotu eta lan taldeak sortzeari, antolakuntzarako ikusten genituen beharren arabera: eduki politikoa, azpiegitura, egitaraua, komunikazioa, saretzea, diru zaintza, protokoloa... Urte osoan zehar ibili gara lanean, talde hauen guztien arteko koordinazioa mantenduz eta Baterajotzea aurrera ateratzeko behar
zen guztia prestatuz. Antolakuntza lan taldeetatik haratago, neska* gazte taldeak dira Baterajotzearen aurrelanketarako zutaberik nagusienetarikoak. Azken finean, auzo eta herrietan dagoelako muina. Egitasmoa aurkeztu, sozializatu, harremanak egin… Balioan jartzekoa da egunerokoan egiten den lana. Udako jaiak ere baliatu ditugu propagandarako, milaka neska*
gazteri Baterajotzearen berri emanez. Eta noski, Baterajotzea ez litzateke posible montaje eta desmontajean zein asteburuan
zeharreko txandetan egongo diren ehundaka neska* gazteei esker. Autogestioz eta antolakuntzaz eraikitako egitasmoa izango da Baterajotzea.
Zergatik aukeratu dugu 'Utopiak lehertzeraino' leloa?
Gureak ez diren utopiak lehertu nahi ditugu. Era berean, gure utopia propioak leherketetatik etorriko dira. Utopia egoera bakar eta perfektu gisa irudikatu izan da, paradisua bailitzan. Ordea, utopia hauek subjektu hegemonikoarentzat (zeina unibertsaltzat hartu den) dira perfektuak, eta beraz, ez dira gureak. Alde batetik, utopia hauek lehertzeari egin nahi genion erreferentzia. Ez dugu sinisten inposatzen diguten utopia horretan. Ez dugu sinisten ere utopia bakarrean, ahots konkretu batzuek planteaturikoa. Eta, beraz, zentzu horretan mahaigaineratzen dugu inposaturiko hori lehertzearen beharra. Bestetik, utopiak ortzimuga berriak dira, proiektu politiko berrietan lurreratuko direnak, norabidetzat izango ditugunak; ez perfektuak, baizik eta ugari eta osagarriak, hemen eta orain baliagarri izango zaizkigunak.