Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 7a, 12:53

Ostegun iluntzean egin dute aurkezpena, Okendo plazan, eta azaldu dute 2021. urtean egindako lehenengoaren ondotik, oraingoan zaintzaren auzia eztabaidatzea dagokiela, gaiaz badutelako zer esan. Bizitza eta kapitalaren arteko talka areagotu egin dela ikusten dutela azalduz hasi dute hitzartzea, eta amaieran, egitaraua zein izango den ere aurkeztu dute. Hiru eguneko egitasmoa izango da; urriaren 13tik 15era, Usurbilen.

Hau da helarazi duten idatzia: 

Azken urteotan areagotu egin dira mundua amaituko denaren eta distopiara bidean goazenaren mundu ikuskerak.

Bien bitartean, bizitza vs kapitalaren arteko talka areagotu egin dela ikusten ari gara: prekaritatean murgildurik eta lanerako bizi gara, eta gero eta gehiago dira eraso arrazista, klasista eta matxistak. Familia eredu heteronormatiboak osatzera bultzatzen gaituzte, hori omen baita etorkizun zoriontsua izateko egin beharrekoa. Beraz, esan genezake distopia ez dela etorkizuneko zerbait, orain bizitzen ari garen unea baizik, sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialaren lurreratzea.

Argi dugu gure kontra egunero erreproduzitzen den sistema distopiko hau guk ez dugula erreproduzituko; orain da antolatzeko unea, iraultza feministara batzekoa, erresistentzia egitekoa. Erresistentziatik bestelako munduak irudikatzeko saltoa ere ezinbestean eman behar dugu. Utopiak lehertu behar ditugu eta gaurdanik eraiki, txikitasunetik sortu osotasuna eraldatzeko anbizioaz.

Aipatutako bizitza vs kapitalaren talka honetan zaintza lanen pribatizazio eta merkantilizazioan sakondu dute. Zaintza eskubidea izatetik urrun, pobrezia eta betebehar gisa inposatzen digute sistematikoki erakunde publikoek, enpresek eta gizonek. Modu disparekoan, doakoan edo prekarizatuan egiten dugu lan. Eta hau ez da kasualitatea; ezinbestekoa zaie botere kapitalista, patriarkal eta kolonialei, biziraun dezaten.

Horregatik, zaintza-sistema irauliz beste sistema bat irudikatzea posible delako, alternatibak gaurdanik eraikitzeari ekin behar diogu. Utopiak sortzeko bidean ezinbestekoa izango zaigu Mugimendu Feministatik udazkenean deituko dugun Greba Orokor Feministaz baliatzea. Grebaren bitartez borrokak artikulatu eta mugimenduak hauspotu, urgentziazkoak diren aldaketak abiarazi, arrakalak sortu eta eraldaketan sakontzen joateko aurrebaldintzak sortuko ditugu. Langile klasearen tresna historikoa da greba, Mugimendu Feministak forma berri bat ematen jakin duena eta martxan jartzea dagokiguna, emakumeak, langileak, migratuak, bollerak, denok helburu estrategiko partekatuen baitan artikulatzeko gaitasuna duena.

Mugimendu Feministak denbora darama mobilizazio gaitasun ikaragarria erakusten. Honen erakusle dugu, 2019ko Martxoaren 8an burututako Greba Feminista. “Heteropatriarkatu kapitalistari planto” lelopean kaleak hartu genituen, bizitzak erdigunean jartzeko aldarria eginez. Bost ardatzetan antolatu genuen greba: pentsiodunena, ikasleena, zaintzarena, enpleguaren arlokoa eta kontsumoarena. Berriro ere dugun potentzialtasuna baliatuko dugu zaintza eskubide izatea eta lan honen gaineko erabaki gaitasun kolektiboa edukitzea exijitzeko, gazte bezala ekarpen propioa eginez.

Zergatik beste baterajotze bat? 

2021.urteko Baterajotzean indar erakustaldia egin genuen, antolakuntzarako dugun gaitasuna argi utziz. Oraingo honetan, zaintzaren auzia eztabaidatzea dagokigu, guk ere honen inguruan badugulako zer esana. Honetaz gain, sistema bortitz eta distopiko honetan utopia berriak irudikatzea beharrezkoa zaigu. Honetarako tresnak sortzeko eta partekatzeko, erresistentzia eta alternatiba berrietan sakontzeko eta eztabaida estrategikoak emateko espazio propio bat behar dugu. Horregatik, Greba Orokor Feministaren aurretik, Euskal Herriko gazte feministentzat elkargunea izango den Baterajotzea antolatuko dugu.

Egitaraua

Urriaren 13tik 15era Usurbilen egingo dugu Neska* Gazteon Baterajotzea. Hiru eguneko egitasmoa izango da eta bertan gaua pasatzeko aukera egongo da. Horretarako materiala eraman beharko dugu (lo zakua, esterilla, kanpin denda...). Ostiral arratsaldean emango diogu hasiera Baterajotzeari eta igandean amaituko da egitasmoa. Hiru egun horietan zehar, askotariko eskaintza egongo da, prestatzen ari garen egitarau zabalaren baitan: hitzaldiak, tailerrak, aisialdi eskaintza... Euskal Herriko neska* gazte guztiontzako espazioa izango da. Gazte feministok ikaragarrizko potentzialtasuna dugu, eztanda egingo dugu Baterajotzean!

Utopiak lehertzeraino, Neska* Gazteok Baterajotzera!