Euskara ikasi, mihia zorrozteko

Erredakzioa - Eskualdea 2023ko ira. 8a, 09:57

Eskualdeko euskaltegietako ordezkariak. Argazkia: 'Aiurri' aldizkaria.

Uda amaitzearekin batera, ikasturte berriaren jardunari ekin diote berriro ere askok. Maletak hustu eta eguneroko martxari eusteko unea ailegatu zaio bati baino gehiagori, iraileko lehen egunetan. Arduren, zereginen eta erantzukizunen artean, bada, ordea, motibaziorik. Hori horrela, urtero-urtero, euskaran trebatzeko konpromisoa hartzen dute zenbait herritarrek, AEKren eta udal euskaltegien laguntzarekin, aurrera egiteko grinez. 

Askotariko helburuak medio egiten dute bat herritarrek euskara ikasteko bidean. Hala, premia orori, dagokion doinu eta neurrian, erantzuteko prest dira eskualdeko euskaltegiak: maila eta behar guztietara egokitutako eskaintza daukate aukeran. 

Euskara ikasteko arrazoi adina aukera bermatzen ditu Buruntzaldeak. Guztira, zortzi euskaltegi biltzen ditu eskualdeak; bana, Andoainen, Urnietan eta Usurbilen; bina, berriz, Hernanin eta Lasarte-Orian. Goiz, eguerdi eta arratsalde, astelehenetik ostiralera bitarte, aukera sorta zabala dute eskuen artean euskaran trebatzeko gogoa duten herritarrek, aurrez aurreko ikastaroaren bidez, baita autoikaskuntza hautatuta ere. 

Hori gutxi balitz bezala, diruz laguntzen dute eskualdeko udalek ikasketa prozesua: tokian-tokian baldintzak eta ezaugarriak aldakorrak izan arren, udalerri guztiek bermatzen dute gutxieneko babes ekonomikoa. Halaber, HABEk ere diru-laguntzak ematen ditu, baldin eta erakundeak ezarritako maila edo baliokidea eskuratzen badu ikasleak.

Ateak irekita

Prest da Hernaniko Udal Euskaltegia 2023-24 ikasturteari begira euskaran trebatzeko gogoa duten herritarrak jasotzeko. Bada, bertako irakasle da Izaskun Arrieta eta elkarren artean antzekotasunik ez duten bi mailatan egiten du lan: batetik, hasi berri direnekin, alegia, A1 mailakoekin, eta, bestetik, 17 urteko nerabeekin, C1aren prestaketan. Profil anitzeko jendea biltzen da euskaltegian; hortaz, bakoitzaren neurrira egokitutako estrategiak erabiltzen dituzte irakasleek hizkuntza erakusteko. Ildo beretik, gustuko du kontrastea Arrietak, maila bakoitzak bere exijentziak eta pazientziak eskatzen dituelako. Dena dela, maiz, hizkuntza bat ikasteak dakartzan buruhausteak buruhauste, irakaslearen hitzetan, "ederra izaten da ikasturte amaieran emaitzak ikustea, aurrerapausoak eman dituztela antzematea". Askorentzat egindako lanaren aitortza da titulua eskuratzea, baina ikasketa prozesuan ere begirada ipini du irakasleak: "Jende asko euskaldundu da gurean". Egunero, ordea, makina bat erronkarekin egiten dute topo irakasleek: "Atzean gelditu den hori nola motibatu asmatzea ere badugu xede". 

Azken hiru hamarkadei erreparatuta, euskarak prestigioa galdu duelakoan da Arrieta, nerabeen artean, besteak beste. Era berean, irakaslearen esanetan, "behe urratsetan", Euskal Herria zer den ez dakitela gerturatzen dira asko euskaltegira, izena ematera. Hori horrela, hutsune horri erantzute aldera, hizkuntza bera ikastea ez ezik, euskal komunitatera ere ateak irekitzen dizkie euskaltegiak ikasleei, beren egunerokoan, erreferentziak eta euskaraz jarduteko espazioak izan ditzaten, bai ikasgelan, bai bertatik kanpo egiten dituzten jardueretan. 

Taldean ikasteko aukera

Motibazioa soberan dauka Rocio Arias Andoainen bizi den urnietarrak urtero-urtero herriko AEK euskaltegian izena emateko. Ezer gutxi zekien euskaraz lehen, ikasketa guztiak gaztelaniaz egin baititu. Horrela, hutsetik hasi zen hizkuntzan trebatzen eta sei urte daramatza buru-belarri bertan, aurrez aurreko klaseak jasotzen. Egun B2-B1 mailan dago (entzumena/irakurmena-idazmena/mintzamena). Titulurik ez duela behar dio, eta, horrela, haren hitzetan, ez dio gehiegizko presiorik jartzen bere buruari: "Oso gustuko dut hizkuntza taldean ikastea, eta harreman polita dugu irakaslearekin. Gelakide asko ez nituen lehenago ezagutzen, gainera". Elkarri laguntzen diotela azaldu du ikasleak, eta klaseak "dinamikoak, arinak eta erosoak" iruditzen zaizkio: "Jakin-mina izanez gero, proba dezala jendeak". Gauzak horrela, irakurle, eskuen artean duzu ikasturteari begirako erronka berria: euskaltegian izena eman eta euskaran trebatzea, mihia zorroztea.