Santa Ana eguna ospatzen ari dira lasarteoriatarrak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 26a, 13:23

Santa Ana eguna da gaur, uztailaren 26a, eta Lasarte-Oriak urteroko usadioari eutsi dio aurten ere. Egun hori ospatzeko jarduera ezberdinak antolatu ditu Ttakun Kultur Elkarteak, udalarekin elkarlanean. Zaindariaren omenezko meza egin dute lehenik, eta hamaiketakoa gero. Dantza egin dute ostean, Santa Ana karkaban

Egun berezia izan ohi da Santa Ana eguna herritarrentzat. 11:00etarako fededunez bete da Ama Brigitarren komentua; zaindariaren omenezko elizkizunean parte hartu dute. Felix Garitanok eskaini die meza bertan bildutako sinestunei. Horietako zenbait zapi gorria lepoan jantzita bertaratu dira. Bertako mojak ere arduratu dira elizkizuna girotzeaz, eta Erketz EDTko kideek agurra dantzatu dute. Jarduera hori amaitu eta komentuaren kanpoan hamaiketako eder bat izan dute herritarrek; egunari eusteko goxo bete dituzte sabelak bertan bildutakoek. 

Eguerdian, berriz, Erketz EDTko dantzariak agurra dantzatu dute Santa Ana karkaba parean; hainbat udal ordezkari eta herritar ugari izan dituzte ikusle. 

Desfilea eta parodia

Ospakizunak arratsaldean izango du jarraipena. 18:30ean hasiko da iluntzeko parodian parte hartuko duten antzezleen desfilea; Jalgi Kafe Antzoki paretik abiatuko da ekimen hori. 20:00etan hasiko da eguneko ekitaldi nagusia, Santa Eguneko parodia. Urte zehar herrian gertatu direnak umoretik oholtzaratuko dituzte aktoreek epaiketa modura eta akusatuak sutan erreko dituzten ala ez erabakiko dute.

Pala txapelketako finalak

Udalak antolatutako Santa Ana Pala Txapelketako azken partidak ere gaur jokatuko dira. 17:30ean hasiko dira, Loidibarren pilotalekuan. Hirugarren eta laugarren postua jokatuko dituzte, eta hori amaitu ondoren izango da finala. 

Erlazionatuak

Santa Ana Eguna, Erketz EDTko kideen dantza

Txintxarri Aldizkaria 2023 uzt 26 Kultura