HAUTESKUNDE OROKORRAK

PSE-EEk irabazi ditu hauteskundeak Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 23a

Espainiako gobernua nork osatuko duen jakiteko egunak itxaron beharko dira, eta emaitzak ikusita, tratugile onenak lortuko du agintea. Gertatuko denaren zain, herriko emaitzek udal hauteskundeetako joera berretsi dute: sozialistak izan dira garaile eta EH Bildu da bigarren indarra.

Ezustekorik gabe eta gehiegi itxaron beharrik gabe bozkatu dute lasarteoriatarrek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Goizeko bederatzietan ireki dituzte hamar hauteslekuak eta 22 mahaietako batzuetan lehen orduan ilarak osatu dituzte botoa lehenbailehen eman nahi dutenek. Eguerdi partean ia itxaron beharrik gabe bozkatzeko aukera izan dute bai udaletxean bai kultur etxean zeuden hautesmahaietan. Hautetsontzi batzuen edukierak erakusten zuen herritarrak parte hartzen ari zirela eta sentipen bera zuten mahaietan zeuden ahaldunek: goiza lasai zihoala eta lasarteoriatarrak botoa ematen ari zirela. 

Barne Ministerioaren datuen arabera, 14.671 herritar deituta zeuden botoa ematera eta horietako 9.491ek parte hartu dute gaur hauteslekuetara joanda edo posta bidez aurreko egunetan. Batera edo bestera, parte hartzeak behera egin du hiru puntutan 2019ko azaroaren 10ean aurrera eramandako hauteskundeekin alderatuta.  Bozketarako hautatutako datak zeresanik izan dezake horretan, baina, egia da, maiatzeko udal hauteskundeekin alderatuta gora egin duela. Orduko hartan, abstentzioa %42,64 izan zen, gaur baino 7,34 puntu altuagoa. 

Emaitzei dagokienez,  PSE-EE izan da alderdi bozkatuena, 3.437 boto eskuratuta (%36,45). Gora egin du boza eta ehunekoan. Duela lau urte 2.985 jaso zituen, %31,04 (+5,42) . Bigarren postuan aldaketa izan da. 2019an EAJ-PNV izan zen sozialisten ondorengo alderdia, oraingoan, berriz, EH Bildu da. 2.155 boto eskuratu ditu, %22,85 (+4,62). Nabarmen behera egin du EAJ-PNV-k, 6,13 puntu, 1.103 boto jasota, %13,83. Elkarrekin Podemosen ondorengotzat har daitekeen Sumar-ek 1.103 boto lortu ditu, %11,70, aurreko koalizioak baino 539 gutxiago. PP-k %2,61 egin du gora, 973 botorekin, eta Vox-ek %0,57, 293 botorekin. Gainerako alderdien alde egin dute 113 herritarrek. Horrez gain, 49 boto zuri eta 64 baliogabe ere izan dira. 

Erlazionatuak