"Aurrekoa baino gogorragoa da 'Etsaiarekin dantzan' diskoa"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2023ko uzt. 21a, 08:30

Kinadako laukoteak dena eman zuen Sorgin Jaietako kontzertuan.

JAGOBA MENDIZABAL - KINADA TALDEKO ABESLARIA

Kinada talde lasarteoriatarreko abeslariarekin hitz egin du TXINTXARRI-k, laukoteak kaleratu berri duen 'Etsaiarekin dantzan' diskoari buruz. Estudioko bigarren lana da.

Estimuluekin egin beharreko bidaia bat proposatu ziguten aurrena, eta norberak bere barrurako egiteko ariketa bat oraingoan. Kinada laukote lasarteoriatarrak bigarren estudioko lana kaleratu berri du, Etsaiarekin dantzan, ordu erdi baino zertxobait azkarrago eta abiada bizian entzuteko zortzi abestiz osatutako diskoa. Taldeko abeslari Jagoba Mendizabalek eman dizkio TXINTXARRI-ri album horren nondik norakoak.

Estudioan landu eta ondutako diskoa herrian bertan defendatu zenuten zuzenean aurrenekoz, Sorgin Jaietan eman zenuten kontzertuan. Zer moduz joan zen?

Disko hau bi zatitan grabatu dugu: lehenengoa, lau abesti, 2022. urte amaieran, eta bigarrena, Aste Santuen bueltan. Kontuan izanda entseatzeko denbora gutxi izan dugula, gustura geratu gara. Iazko arantzatxoa atera dugu, festetan jo genuelako baita ere, baina guztia handi geratu zitzaigun. Pixkanaka, eboluzionatzen ari gara talde bezala, ikasten, zuzeneko kontzertuetan eta beste aspektu askotan: rider-ak egiten [musikarien behar teknikoen dokumentu moduko bat, baldintza onenetan jotzeko aukera izan dezaten] teknikariekin konfiantzaz eta argi hitz egiten, eta abar.

Eboluzionatzen ari zaretela aipatu duzu. Kaleratu berri duzuen diskoa horren isla da? Zeintzuk dira ezaugarri nagusiak?

Aurrenekoa, Estimuluen bidaia, oro har, sinpleagoa zen; abestien barruko erritmo aldaketetan, adibidez. Etsaiarekin dantzan gogorragoa da musikalki, instrumentuei eta koruei dagokienez. Oraindik, zenbaitetan, kosta egiten zait ahotsa gogortzea eta popero deitzen didate (barreak).

Estilo desberdinekin jolastu duzue?

Esango nuke ahotsean metal kutsu bat duela Su etena abestiak, eta, Etsaiarekin dantzan kantuak, rock and roll ukitu bat. Beraz, bai, ari gara nahasketa horiekin jolasten, zati goxoagoak eta gogorragoak tartekatzen. Trantsizio horiek asko gustatzen zaizkit niri.

Letrek ere izan dute bilakaera?

Ez naiz ikaragarri pila irakurtzen duen pertsona bat, baina hasi naiz poesia liburuak-eta begiratzen, gauzak kontatzerakoan baliabide gehiago izateko, hiztegi aberatsagoa; den-dena ez dugu literalki kontatu nahi. Abesti batzuk deskriptiboak dira, eta besteak, abstraktuagoak.

Zergatik jarri diozue izenburu hori diskoari? Nor edo nortzuekin ari zarete dantzan?

Gogoratzen naiz inprobisazio edo jam session moduko entsegu batean, gustatu zitzaigula abesti baten soinua; ez dakit nork bota zuen kontzeptua, baina erabaki genuen bigarren disko bat egiten bagenuen Etsaiarekin dantzan izango zela izenburua. Talde askok lan bateko abestiek egiten duten bidearen arabera titulatzen dute; guk, oraingoan, alderantziz.

Horri buruz pentsatu eta filosofatu dugu: nortzuk dira gure etsaiak, norekin ari gara dantzan? Ba egunerokotasunean izan ditzakegun arazo, mamu, oztopo eta bestelakoekin. Gutako bakoitzak ditu bereak, diskoa entzuterakoan bere egoera pertsonalera eramango du entzuleak. Etsaiarekin dantzan-en, adibidez, iraganeko bizipen txarrez abesten dugu; Esklabu eta Not found kantuak, bestalde, gaur egungo gizarte ereduari buruzkoak dira, eta, bereziki, langileriaren zapalkuntzari buruzkoak.

Abesti horien guztien aurretik, '20160' izeneko intro bitxia; diskoaren sarrera. Lasarte-Oriako posta kodearen zenbakia da... eta zer gehiago?

Sarrerako abestia izan zen azkena. Islatu dugu gure herriarekiko dugun harreman bitxia: batetik, harro sentitzen gara lasarteoriatarrak izateaz, eta, bestetik, amorrua ematen digu gauza askok nola funtzionatzen duten. Hortik dator Sorgin Jaietako kontzertuko keinu ironikoa: hiru taldekidek I love LO jartzen zuen kamisetekin jo zuten. Horrez gain, kanpora goazenean, jotzera edo parrandara, gustatzen zaigu esatea nongoak garen, ereserki eta guzti. Beti izan dugu nolabaiteko fetitxe bat horrekin.

Lehen esan duzunez, 'Etsaiarekin dantzan'-en lehen zatia 2022 amaierarako prest zenuten. Noiz erabaki zenuten bigarren diskoaren bila joatea?

Naturalki atera zitzaigun. Iazko uda eta gero jarri ginen abesti berriekin serioago. Esango nuke presioaren arabera funtzionatu izan dugula, Jurgirengana [Taboada] ongi landutako zati bat behintzat eraman nahi genuelako.

Jurgi Taboada aipatu duzu oraintxe, Ozen Estudioaren jabea. Disko hau ere berarekin grabatu duzue, gustura ari zareten seinale. 

Makina hutsa da, oso pertsona naturala. Erraz lan egiten dugu berarekin, are errazago elkarren arteko konfiantza areagotu dugunean. Gertukoa da, agenda kontuengatik estu bazabiltza beti ateratzen du tarte bat zurekin egoteko, ateak ez dizkizu inoiz ixten. Gozamen hutsa da hori. Lehen diskoarekin bezala, landuta genuena eraman eta ekarpen ugari egin ditu: zer aldatu edo moldatu, nola hobetu, eta abar.

Diskoaren azala, berriz, beste herritar batekin elkarlanean ondu duzue, Sara Etxeberria 'Basoko Maxuxta'-rekin hain zuzen.

Artista hutsa da Sara, azalaz gain beste elementu grafiko guztiak berak egin ditu: ikaragarri gustatzen zait, adibidez, letren liburuxkaren fondoko kea. Berarekin ere oso erraz egin dugu lan, askatasun osoa izan du guk emandako zenbait irizpiderekin sortzeko: akelarrea, sua, sugeak, kateak, hostoak...

'Etsaiarekin dantzan' kaleratuta, zuzeneko kontzertuen ordua da orain, ezta? Nola duzue agenda?

Udan, gure agendengatik, emanaldi gutxi izango ditugu; proposamen batzuk ezin izan ditugu onartu. Irailetik hasi eta Eguberrietara arte gehiago lotuko ditugu. Horietako bat, agian, En Diskordia talde bartzelonarrarekin batera izango da, ea elkarrekin aritzeko aukera dugun.

'Ez dago bi hiru gabe' dio esaerak... Beste disko bat bai, gutxienez?

Nik uste dut hirugarrena eroriko dela, ziur. Hortik aurrera, auskalo. Motibatuta gaude sortzen jarraitzeko.