Michelingo hitzarmenek zapore "gazi-gozoa" utzi diote LAB sindikatuari

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 23a, 18:12

Lasarteko lantegiko beharginek hobekuntza batzuk erdietsi dituela azpimarratu du LABek eta zoriondu egin ditu, haien "borroka eta konpromisoari esker" enpresa negoziatzera behartu duelako. Bestalde, ez dago pozik Gasteizko fabrikan gertatutakoarekin, izan ere, bertako langile gehienek akordioa ez onartzea bozkatu arren, estatuko zentroartean gailendutako baiezkoari men egin behar izan diote.

Gasteizko lantegian gertatutakoaren ildotik, LABek nabarmendu du "beharrezkoa" dela estatuko negoziazio esparruetatik kanpo egotea. "Euskal Herrian lan egin, Euskal Herrian negoziatu eta Euskal Herrian erabakitzen dugu". Bidenabar, iragarri du erreferendum bat bultzatuko duela Arabako hiriburuko fabrikan, eremu horretatik at egon dadin, Michelin Lasarte bezala.

Hori horrela izanik, Michelin Lasarten erdietsitakoa balioan jarri du sindikatuak. "Enpresak negoziazioaren hasieran aurkeztu zuen proposamena atzerakoia izan zen, lan baldintzak okertzen zituelako. Langileen haserrea eragin zuen horrek, eta haien borroka eta batasunarekin, atzera egitea behartu zuten, negoziatzera". Horrek erakusten du azken asteetan aurrera eramandako mobilizazio eta grebek "merezi" izan dutela, LABen iritziz. 

Horri esker, langileriak honako neurriak lortu ditu: 1.500 euroko prima eta KPIaren araberako igoera, enpresen emaitzak direnak direla, %5eko igoera aurten, %3koa 2024an eta %2koa bai 2025ean bai 2026an. 

Erlazionatuak