XX. Mende hasierako lasterketak oroitu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 6a, 10:30
Argazkia: Isaac Farre.

Lasarteko automobilismo zirkuitua Europako onenetako bat izan zen XX. mende hasieran, 1923tik 1935era. Makina bat lasterketa jokatu zituzten hamahiru urte horietan, eta inauguratu zutenetik 100 urte beteko direnez aurten, rally bat egin zuten asteburuan Donostian eta Lasarte-Orian, garai horretako probak nolakoak izaten ziren gogoratzeko. 

Pilotuak irteten ziren gunean Txartel hotela dago gaur egun. Toki horretan bertan aparkatu zituzten auto klasikoak gidariek, Kale Nagusia zeharkatu eta gero. 11:30ean XX. mende hasierako lasterketa baten irteera irudikatu zuten.

Lasarteko zirkuitua 1923ko uztailaren 23an inauguratu zuten. Garaiko kazetariek idatzi zituzten kroniketan jaso zutenez, proba horiek "milaka" pertsona erakartzen zituzten, ez soilik gure herriko edo inguruetakoak, baita nazioartekoak ere. Ibilbideak ia 18 kilometro zituen eta eskualdeko beste herri batzuk zeharkatzen zituen: Urnieta, Andoain eta Hernani. Hamahiru urtetan makina bat lasterketa jokatu zituzten, azkenekoa, 1935eko Espainiako Sari Nagusia. Hurrengo urteko altxamendu militarraren eta gerraren ondorioz, itxi egin zuten eta urte batzuk geroago berriz martxan jartzen saiatu arren, ez zuten lortu, gutxira hasi baitzen II. Mundu Gerra.