Hitzarmen kolektibo duin bat eta soldatak inflazioari lotzea ozen eskatu dute Michelin Lasarteko langileek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 5a, 21:30

Goizean auto karabana eta elkarretaratzea, eta manifestazio jendetsua arratsaldean. Michelin Lasarteko Enpresa Batzordeak gaurko deitutako grebak %100eko erantzuna izan du ekoizpenean, komiteko kide diren sindikatuek nabarmendu dutenez. Mobilizazioa amaitu aurretik komunikatu bat irakurri dute, eta enpresaren zuzendaritzari eskatu "bermedun hitzarmen bat" ahalbidetzeko negoziazioei berrekitea.

Laugarren mobilizazio eguna izan da gaurkoa Lasarte-Oriako Michelingo langileentzat. Egunotan hainbat aldarrikapen ekintza aurrera eraman ostean, erabateko lanuztearekin hasi dute astelehena; ekoizpena erabat etenda. 09:30ean abiatu dira auto ilaran lantegi ataritik; txilibitu eta klaxon hotsek hartu dute herria. Bermeak dituen hitzarmena orain irakur zitekeen autoetako leihoetan itsatsitako afixetan, eta izan da, lantegiko kamiseta urdin-horia zintzilikatzera animatu denik ere. Erosteko ahalmena berrekuratzea da protestan ari diren langileen aldarri nagusia. Eguerdian elkarretaratze bat egin dute atarian.

Manifestazio jendetsua arratsaldean

Bazkaldu eta indarrak hartu ostean, eguneko mobilizazio jendetsuena egin dute, manifestazioa. Ehunka langilek bat egin dute enpresa batzordearen deiarekin, eta erdigunea zeharkatu bitartean ozen zabaldu dituzte euren aldarriak. Mobilizazioa hasi duten toki berean bukatu dute, lantegi atarian, eta komunikatu bat irakurri, euskaraz zein gaztelaniaz. 

"Prekarietatearen mamuarekin amaitu nahi dugu gure lantegian eta horretarako, batez ere, gure soldatek inflazioarekin lotuta egon behar dutela eskatu diogu zuzendaritzari", adierazi dute komiteko kideek. "Michelingo langileok behar eta merezi dugu hitzarmen duin bat, horren indarraldia amaitzen denean erosteko ahalmena berriro murriztuko ez digutela bermatzen duena". Argi adierazi dute "behin eta berriro" erakutsi dutela euren "lan ona eta konpromisoa", eta honezkero "bermatuta" izan beharko luketela enpresa kudeatzen dutenen "aitortza eta errespetua". 

Zuzendaritzari galdegin diote "gogoeta sakona" egin eta "harrokeria" alde batera uztea, hitzarmen kolektibo "bermedun" bat sinatzeko negoziazioei berrekite aldera. "Enpresaren balantze ekonomikoek argi erakusten dute langileon aldarrikapenei zailtasunik gabe aurre egin diezaieketela". 

Gasteizko lantegian ere greba egin dute gaur. Sindikatuen hitzetan, ekoizpen alorreko langileen %93k egin du lanuztea.