Erabateko lanuztea eta mobilizazioak, bermeak dituen hitzarmenaren alde

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 5a, 10:30

Lasarte-Oriako Michelin lantegiko langileek "Bermeak dituen hitzarmenaren alde" borrokan jarraitzen dute. Erabateko lanuzte eguna dute gaurkoa, eta ekoizpena guztiz etenda, auto ilararekin eman diote hasiera egunari. Eguerdian elkarretaratzea egingo dute, eta, arratsaldean, berriz, manifestazioa. 

Laugarren mobilizazio eguna da gaurkoa Lasarte-Oriako Michelingo langileentzat. Egunotan hainbat aldarrikapen ekintza aurrera eraman ostean, erabateko lanuztearekin hasi dute astelehena; ekoizpena erabat etenda. Hala iragarri zuten, eta 09:30ean abiatu dira auto ilaran lantegi ataritik; txilibitu eta klaxon hotsek hartu dute herria. "Bermeak dituen hitzarmena orain" irakur zitekeen autoetako leihoetan itsatsitako afixetan, eta izan da, lantegiko kamiseta urdin-horia zintzilikatzera animatu denik ere. Erosteko ahalmena berrekuratzea da protestan ari diren langileen aldarri nagusia. 

Gainerako deialdiak
Eguerdian, aldiz, enpresa atarian elkartu dira langileak. Ordu eta erdiz egon dira protesta egiten, eta hor ere txilibitu hotsak izan dira nagusi. Arratsaldean, berriz, manifestazioa deitu dute; 17:00etan abiatuko da, hori ere lantegi ataritik. 

Michelinek badu beste lantegi bat Gasteizen, eta bertako langileek gaur emango diote hasiera lau eguneko mobilizazioei.