Oihan Agirretxe: "Estiloen koktelera bat gara, zuzeneko indartsu eta dantzagarria dugu"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2023ko eka. 2a, 08:30

Herritarrek gogotik gozatu zuten Rukulak Euskararen 10. Maratoialdian eman zuen kontzertuan.

OIHAN AGIRRETXE - RUKULA TALDEKO BATERIA JOTZAILEA

Zabaletako parranderoak dantzan jarriko ditu Rukulak bihartik etzira arteko gauean, 01:30etik aurrera. Traganarru lan argitaratu berria aurkeztuko du, nola ez, entzuleen altuera berean instrumentuak astindu bitartean.

Rukula taldeko Oihan Agirretxe (Lasarte-Oria, 1994) bateria jotzailearekin elkartu da TXINTXARRI. Ez dirudi azken elkarrizketa izango denik, album berria kaleratu berri izan arren abestiak sortzen jarraitzen dutelako. Rukulitisa desagertzetik oso urrun dago.

Ia behartuta nago galdera honekin hastera: zabaletar batentzat berezia izango da bere auzoan kontzertu bat ematea, ezta? 

Noski, nire auzoa da eta miresten ditut bertako festak. Iruditzen zait udako txosna giroaren sarrera moduko bat dela eta giro polita sortzen dela. Gainera, arantzatxoa atera ahalko dugu, iaz jo behar genuelako baina ezin izan genuelako azkenean, taldekide batek koronabirusa hartu zuelako. Beti da berezia norberaren herri eta auzoan jotzea, presio eta ilusio puntu bat ditut. Kontuan izanda gainera gure hirugarren lana kaleratu berri dugula, Traganarru, are bereziagoa izango da.

Dena den, etxeko kontzertuei buruz esan behar dut askoz gehiagotan jo dugula Usurbilen, Lasarte-Orian baino.

Maiatzaren 11n argitaratu zenuten lan berria eta kontzertu batzuk eman dituzue honezkero. Zer moduz joan dira? 

Oso esperientzia polita izan da, primeran tratatu gaituzte eta asko gozatu dugu, barre ederrak egin ditugu. Ziburun, Madrilen, Arrasaten eta Usurbilen izan gara. Lehen emanaldiak kanpoan egitea erabaki genuen arrazoi hauengatik: taldekide berri bat dugulako, Josu Furundarena, eta talde giroa indartu nahi genuelako bidaiak horretarako erabilita; ezagutzen ez dugun jendearen iritziak entzutea ere gustatzen zaigulako; eta etxekoen aurrean jo aurretik entrenatuta egon nahi genuelako.

Musika instrumentalaren bidez errazagoa da kanpoko entzuleekin harremantzea?

Mundu guztiak gure musika ulertzea ahalbidetzen du horrek. Gure kantuek letrarik ez duten arren, istorioak kontatzen dituzte, instrumentuen bidez. Jende berri asko ezagutzen dugu kanpora joaten garenean, zirkuitu instrumental berriak...Egia da nahi baino gutxiagotan ateratzen garela, gure bizitza pertsonalak eta profesionalak uztartu behar ditugulako. Posible dugun guztietan joaten gara. 

Estudiotik zuzenekora aldea egongo da, ezta?

Traganarru albuma oso ondo dago, baina zuzeneko talde bat gara gu. Baten batek ezagutzen ez bagaitu, kontzertu bat ikustera gonbidatzen dugu: estiloen koktelera bat gara, zuzeneko indartsu eta dantzagarri batekin.

"Traganarru albuma oso ondo dago, baina zuzeneko talde bat gara gu" 

Diskoa berria izanagatik, zuzenean jotzeko modua ere berrituko duzue ala lurrean jotzen jarraitu, entzuleen parean? Zuen elementu bereizgarri bat hori dela esango nuke.

Hori ez da aldatuko, oro har: Zabaletako kontzertua, adibidez, lurrean izango da. Hau da gure ideia: entxufe batekin funtzionatu ahal izatea, argiak modu jakin batean kokatuta. Iruditzen zait entzuleekin gertuko harreman bat sortzea ahalbidetzen digula horrek, gustatzen zaigu. Dena den, prest gaude beste era batzuetan aritzeko, tokian tokiko baldintzetara egokitzen gara. Askotan esaten dut gozamena dela oholtza baten gainean musika ekipo on batekin jotzea.

Rukularen hirugarren albuma da Traganarru. Zer esan nahi du hitz horrek?

Izaki mitologiko bat da, itsasoarekin eta marinelekin zerikusia duena. Zurrunbilo bat da, lasaitasuna hankaz gora jartzera datorrena. Horregatik jarri diogu izenburu hori lanari, uste dugulako gure musikak baduela horretatik. Gustatzen zaigu abesti bakoitzak bere unibertso propioa izatea, asko hausnartzen dugu horri buruz. Diskoko zortzi abestietako batek ere Traganarru izena du.

Albumaren azalean azaltzen den tramankulua Traganarru bat da?

Garbigailu baten danborra da, hasieratik izan da Rukularen sinbolo edo logotipo moduko bat; era batera edo bestea, orain arte kaleratu ditugun hiru lanetan azaldu da. Tresna hori martxan dagoenean hartzen du Traganarru baten itxura, zurrunbiloaren mugimenduagatik...Horrekin jolastuta diseinatu du portada Ibai Arrieta argazkilariak.

Kontzeptu orokorretik abiatu eta abestiak sortu dituzue, ala alderantziz?

Abestiak izan ziren lehenengo. Esan dezakegu bi fasetan egin dugula albuma, pandemia sartu zelako tartean. Kantuak egin, lan batean bildu eta grabatu aurrena, eta egoerak ahalbidetu digunean zuzenean aurkeztu gero. Entseguen erritmoa igo egin dugu, lokalean ordu asko sartu, dena freskatu eta prestatzeko. 

Horrela lan egiten dugu, kantuak egin eta batzuk ditugunean, erabaki album bat egiteko adina diren ala ez, eta, urrats hori egiterakoan, kontzeptu orokor bat eman.

Pandemiagatik aldatu egin behar izan zenuten sortze prozesua?

Bai, garai horietan etxean geundela egin genituen abestiak, ordenagailu batekin. Horren ostean, ohiko jarduna berreskuratu dugu, lau taldekideak lokalean elkartu eta elkarrekin sortzearena. Mugikor bat jartzen dugu grabatzen eta momentuan etortzen zaiguna jotzen dugu, 15-20 minutuz, eta gero entzun egiten dugu. Gehien gustatzen zaizkigun zatiak hartu eta aztertzen dugu nola garatu gero, zein zatirekin eta nola lotu. 

Sortzeko modu bat edo bestea, zein nahiago?

Taldekideekin askoz nahiago dut.

Lau izanda, erraz jartzen zarete ados?

Musika subjektiboa da, eta guk egiten duguna, instrumentala, agian gehiago. Kosta egiten zaigu abesti batekin 'bukatu da' esatea, beti aldatu edo hobetu dezakezu zerbait. 

"Kosta egiten zaigu abesti batekin 'bukatu da' esatea"

Zortzi abesti ditu Traganarru-k. Kantu kopurua mugatzea ere kosta zaizue, ala garbi zenuten horiek izango zirela?

Argi genuen aurreko biak [Rukula eta Hazi beltzak] baino lan luzeago bat egin nahi genuela, abesti gehiago eta iraupen luzeagokoa. Gainerakoan, era naturalean atera zaigu osaera.

Diskoaren ezaugarrietatik, zeintzuk azpimarratuko zenituzke?

Abestiak konplexuagoak dira, detaile gehiago dituzte eta zailagoak dira jotzeko, teknikoki. Horrez gain, analogikoan grabatzea gustatzen zaigu, bobinan, denok elkarrekin, soinu berezi hori lortzeko. Albumean entzungo dutena zuzenean jotakoa izango da, tranparik gabe; abestiak ez dira perfektuak. Horrelakoak gara gu, gure beste elementu bereizgarrietako bat da.

Lan hau ere Garate Estudioetan ondu dugu, Martxel [Arkarazo] taldekidea bertako teknikaria da eta berak grabatu eta masterizatu du. Plazera da guretzat aukera hori izatea.

Talde batek elementu bereizgarriak izatea garrantzitsua izango da besteengandik bereizteko, ezta? Gero eta zailagoa da ikusgarritasuna izatea, eskaintza inoiz baino handiagoa da.

Ez gara talde mainstream bat, jende askorengana iristea zaila da baina zale oso fidelak ditugu. Zortedunak gara kontzertuak ez zaizkigulako falta, adibidez. Pozik gaude.

Abesti mota horiek Rukularen eboluzioaren adierazgarri dira?

Egia da, esan bezala, konplexuagoak direla, baina aldi berean taldearen esentzia mantendu dugu, sinpletasuna eta dantzagarritasuna. Ez dugu izaera galdu nahi eta etorkizunean oreka horri eusten saiatuko gara. Gure eboluzioak ez du zertan oinarritu behar zailtasun teknikoan, badaude garatzeko beste elementu asko: soinua, erritmoa...Gauza berriak probatu eta sartu bai, baina esentzia mantenduta. Nork daki zer gertatuko den, baina uste dugu hori izango dela gure bidea aurrerantzean ere.

Nolakoa izango den bainoago, Rukularen bideak jarraitu egingo duela da azpimarragarriena, hortaz. 

Bai. Ilusionatuta eta gogotsu gaude, entsegu lokalean ongi pasatzen dugu eta horrela jarraitu nahi dugu. Era berean, espektatiba handirik ez dugu, nik ez behintzat, ez dut musikarengandik asko espero: une onak bizitzen jarraitu nahi dut, taldekideekin dibertitzen, kulturaz gozatzen, jendea eta lekuak ezagutzen. 

Traganarru oraintxe argitaratu dugu baina ez diogu sortzeari utzi, dagoeneko baditugu abesti berri batzuk eginda etorkizunean beste album bat ateratzeko. Ea noiz den posible.

"Dagoeneko baditugu abesti berri batzuk eginda etorkizunean beste album bat ateratzeko"

Non eskura dezakegu Traganarru?

Diskoa ez ezik, biniloa ere editatu dugu lehen aldiz, oso pozik gaude. Bandcamp atarian entzun eta eros dezakete entzuleek, sarean. Fisikoki eskuratu nahi badute, gure kontzertuetan izango dute aukera; kamisetak ere atera ditugu. Hemengoa ez den norbaitek nahiko balu, jar dadila harremanetan sare sozialen edo posta elektronikoaren bidez eta erantzungo diogu.

Hasieran esan duzu udako txosna giro eta festen sarrera direla Zabaletako jaiak. Garai ona izaten da hori musika taldeentzat; kontzertuak han eta hemen. Non ariko zarete zuek?

Ekaineko kontzertuak hauek dira: 9an, Aizarotzen; 18an, Abadiñon; eta 30ean, Berrizen. Uztail hasieran Lasarte-Oriako eta Usurbilgo jaietan joko dugu; 14an, Añorgakoetan; 24an, Ermuan izango gara; eta 29an, Zubietan. Abuztuan jaitsi egingo dugu erritmoa, oporrak hartuko ditugulako. 

Bestalde, Urmuga egitasmoan parte hartuko dugu, gure bi abesti orkestratuko dituzte. Orkestra batekin batera jotzeko aukera izatea opari bat da guretzat.

Erlazionatuak

Rukularen kontzertua

Txintxarri Aldizkaria 2022 urr 23 Euskara

Rukula taldearen kontzertua, iruditan

Txintxarri Aldizkaria 2021 aza 21 Kultura