SARETZEN

Herri anitza da Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 10:16

Saretzen egitasmoaren bidez, datu kazetaritza jorratzen ari dira EITB eta Tokikom tokiko hedabideen sarea. Bigarren atalean Hego Euskal Herriko immigrazioa aztertu dute, jatorriko herrialdeetan fokua jarrita. TXINTXARRI-k Lasarte-Oriara ekarri du gaia, erreportaje honekin 

Gizartearen bilakaera maiz norberak beren bizipenen bidez egiten du. Azentu edo azal, urria izanagatik berezi zena, ohiko bilakatu da urteen joan-etorrian, eta gazteenek ez dute bestelako errealitaterik ezagutu. Hamarkadetako aldaketa hori aspaldi hasi bazen ere, azken bietara mugatuta ere, argi ikus daiteke aldea. Hori islatzea da artikulu honen helburu xumea: Datuen bidez, 2002 eta 2021 urteen artean beste sorleku batzuetatik iritsitako lasarteoriatarrei buruzko zenbait zertzelada ematea.

Bi hamarkada atzera eginda, Lasarte-Oriak 17.628 biztanle zituen 2002. urtean. Horietako 443 (%2,51) jatorri atzerritarrekoak ziren. Urteek aurrera egin ahala, biztanleria hazten joan da 2021 urte amaieran 18.949 herritar izatera iritsiz. Orduan, etorkinen zenbatekoa 2.252 zen (%11,88). Epearen mutur horien artean lasarteorriatarren kopurua 1.321 lagunetan hazi zela kontuan izanda, hazkunde horretan pisu handiagoa izan dute immigranteek, bertakoen kopurua gutxitu egin baita (-188), 17.185 izatetik 16.997 izatera pasata. Aldiz, herrira etorri direnak %136,94 igo dira. Goranzko joera serie guztian mantendu da, eta orotara, bost aldiz gehiago dira.

Hamarretik zazpi, amerikarrak 
Jatorriari erreparatuz gero, kopuru handienetik txikienera banaketa honakoa da: amerikarrak, %71,27; europarrak (Estatu espainiarretik at) %15,07; afrikarrak, %7,9; asiarrak %5,69; eta ozeaniarrak, %0,07. Amerikarrak dira nabarmen hazi direnak:  2002. urtean 282 baziren, 2021ean 2.181 baitziren.
Kontinentetako banaketa gaindituta, lehen, herriko etorkinen gehienak Argentina, Ekuador, Kolonbia, Portugal eta Frantziatik zetozen. Egun, aldiz, Kolonbia, Maroko, Peru, Ekuador eta Errumaniatik datoz. Gainera,  hasierako zerrendan ez ziren Pakistan, Ukraina, Bolivia, Errusia, Paraguai, Polonia eta Senegal agertu dira.

Nolakoak dira etorritako herritar horiek? 1.729 emakumezkoak dira, eta 1.331, gizonezkoak. Ia erdi bat, %43,76 emakumezko amerikarrak dira eta %27,52 jatorri bereko gizonezkoak. Bien pisua handitu egin da erreferentziazko urteen atean, %28,77 eta %21,18 baitzen. Afrikarrek eta europarrek, aldiz, behera egin dute.

 

Nolako harrera herria da Lasarte-Oria? 

Liza Rendon Patiño - Kolonbia
23 urterekin iritsi nintzen, eta esan dezaket berriz ere nire herritxoa aurkitu dudala Euskal Herrian; sustraitzeko aukera eman dit. Beti esaten dut lasarteoriatarra naizela bihotzez, eta Kolonbiarra jaiotzez.

Izaera irekia dut, ez dut inguruarekin harremantzeko zailtasunik, eta hasieratik jaso nau ondo herri honek. Integrazioan sinesten dut, eta uste dut bizi naizen tokiko arauak, bertako bitza estiloa errespetatu behar direla. Aitortu behar dut zenbaitetan sentitu dudala atzerritarra izanagatik bertakoei baino zertxobait gehiago exijitu izan didatela zenbait egoeratan. Adibidez, etxebizitza bat alokatzerako orduan, edota lanean, baina oso kasu puntualak izan dira.

Duela urte eta erdi jarri nuen martxan nire taberna, eta lasarteoriatarrek horri ere nola erantzuten ari diren ikustea eskertzekoa da. Babes eta laguntza asko izan dut.

Bizi asko duen herria da Lasarte-Oria, eta hori balioan jarri behar dela uste dut. Denontzako ona da hori. 

Loreto Lopez Henriquez - Txile
Hiru urte igaro dira nire jaioterria utzi eta Euskal Herrira bizitzera etorri nintzenetik. Sentitzen dut migratzea zaila dela, korapilatsua. Noski, emozionalki, baina logistika aldetik are konplikatuagoa, tramiteak egiteko bidea zailtasunez betea baitago. Europaren mugen politikari egin nahiko nioke kritika; Latinoamerikako eta Afrikako herrialdeekin alderatuta, murrizketa ugari ditu. Mundua ez zen mugekin sortu; horiek arduradun politikoen imajinazioak baino ez dira, eta ez dute ezer onik ekartzen.

Lasarte-Orian bizitzeak eta herri honetan nire integrazioak alderdi positibo gehiago ditu negatiboak baino. Herri txiki bat aukera asko ematen dizkizu. Erraz joan zaitezke medikuarengana adibidez, edo udalera, nahiz eta bertan ez zaituzten beti modurik onenean artatzen. Hemengo idiosinkrasiara ere ohitu egin behar izan dut. 
Herrian eraikitzen ari naizen familiak gehitzen dizkio puntu gehien migratzearen bizipenari.

Poz handia da niretzat hauteskunde hautean boza hemen eman ahal izatea.

Ondina Perez Casco - Nikaragua
Hogei urte daramatzat Lasarte-Orian bizitzen, eta hona iritsi nintzen unetik jende ona topatu dut beti. Bi seme-alaben ama bakarra nintzen Nikaraguan, eta eta han une hartan zegoen egoera politiko eta ekonomiko zailagatik ez nuen migratzea beste aukerarik izan. Haurrak Nikaraguan utzita etorri nintzen, eta hemen lau urte egin nituenean ekarri nituen nirekin. Hirugarren seme bat ere badut; hori hemen jaio zen. Hasierako urte haietan babesa eman zidan jende askok hemen. Egia da modu xenofoboan tratatu nautenak ere topatu ditudala, baina gutxiengoa izan da.

Iritsi nintzen lehen unetik aritu naiz lanean, baina bertakoen arteko integrazioa nire kasuan ez da hain erraza izan; hizkuntzarekiko zailtasuna izan dut, adibidez. Saiatu nintzen euskara eskolak hartzen, baina lan ordutegiak zirela eta, ezinezkoa izan zen. Dena den, lasarteoriatarrekin tratu ona izan dut beti; atseginak dira, sinpatikoak. Gustura bizi naiz Lasarte-Orian. 

Victoria Chernenko - Ukraina
Duela urtebete etorri nintzen Lasarte-Oriara, gu bizi ginen hiria (Kramatorsk) lehen aldiz bonbardatu zutenean. Nire semearen eskolako motxila ekarri nuen nirekin: gauza pertsonal batzuk eta dokumentuak zeuden barruan.

Herrira etorri naizenetik oso gustura bizi naiz. Herritarrei eskertu nahi diet nirekin beti jatorrak eta adeitsuak izateagatik. Gaztelania ikasteko eskoletara joaten naiz HHI-EPA zentrora, eta erraza izaten ari ez den arren, gogor saiatzen ari naiz. Leire, Arantxa eta Mikel dira irakasleak, oso onak dira hiruak.

Duela gutxi, Usurbilera txango bat antolatu zuten Arantxak eta Mikelek. Artzabal jatetxera joan ginen, nire akuarela margoekin egindako erakusketa bat ikustera, ederki pasa genuen. Ukrainan artista eta margolaritza irakasle izan naiz 30 urte baino gehiagoz. Margotzen dudanean, bizirik sentitzen naiz. Eskola batzuk ematen dizkiet herritarrei, adibidez, Rosari. Oso zoriontsu naiz une horietan.


Nicu Denisov - Errumania
erri ona da bizitzeko, polita, eta ongi kokatua. Hamabi urte daramatzat hemen bizitzen; Euskal Herrian, 22. Tulcea hirikoa naiz ni jaiotzez. Marinel aritu nintzen etorri aurretik, eta, gaur egun, Gizarte Etxea tabernaren jabea naiz. Edariak eta jatekoa zerbitzatzeaz gain, bataioak, jaunartzeak eta urtebetetze festak egiten ditugu. Horrez gain, Gobernuz Kanpoko Erakunde gisa lan egiten dugu Lasarte-Oriara etorri berri den jendearekin, goizetan batez ere: harrera, aholkularitza, lana bilatzen lagundu...Oso langileak gara errumaniarrak: gaur egun, adibidez, obra gutxi ikusiko dituzu jatorri horretako langilerik gabe; aldamioetan, soldatzaile gisa...Edozertan. Jende askori lagundu diogu.

Decebal Errumania-Euskadi elkarteko lehendakari ere banaiz. Abenduaren 1ean ospatzen dugu jaioterriaren eguna: ehun bat pertsona elkartzen gara eta gure musika, janari eta kultura izaten da festaren ardatza. 

Mohamed Gougam - Aljeria
Ia hamar urte daramatzat Euskal Herrian bizitzen. Lasarte-Orian bizi aurretik, Donostian bizi nintzen, eta handik etorri nintzen hona. Familia bat osatu dut herri honetan, eta nire dendatxoa ere badut. Negozioaren gaineko eraikinean bizi naiz; bertan daramatzat bederatzi urte.

Atsegin dut herri honetan bizitzea. Euskal Herrira etorri aurretik Alemanian eta Finlandian bizi nintzen eta izugarrizko aldea dago. Hemen nire herrian nagoela sentitzen dut, iparraldeko herrialde horietan, aldiz, atzerritarra nintzela sentitzen nuen uneoro. Hemen oso ondo jaso nau jendeak, orokorrean. Bizilagunekin, adibidez, sekulako tratua dut. Euren bizitza ezagutzen dut, eta eurek nirea ere bai. Gustura aurkitzen naiz Lasarte-Orian. Pentsa, Alejiara, nire jaioterrira  joaten naizenean sentitzen naiz atzerritar orain. 

Uugantsetseg Batsukh - Mongolia
Duela sei urte inguru etorri nintzen Lasarte-Oriara bizitzera. Ez da erraza izaten bizilekuz aldatzea eta ez nintzen berehala moldatu, baina gaur egun oso gustura bizi naiz hemen. Iruditzen zait oso bizia dela herria, haurrentzako nahiz helduentzako jarduera ugari egiten dituzte eta asko dibertitzen naiz, egia esan. Gainera, herritarrak oso atseginak direla iruditzen zait. Uste dut Lasarte-Oria oso ongi kokatuta dagoela eta erraza dela beste toki batzuetara mugitzea naturaz gozatzeko: hondartzak, mendiak, eta abar. Beraien herrialdeetatik Euskal Herrira etortzen direnei gomendatzen diet Lasarte-Oria.

Hizkuntzekin ongi moldatzen bazara ez zait zaila iruditzen lan bat topatzea; beste gauza bat da zure gustukoa izatea edo ez, denbora gehiago behar izaten da horretarako. Ahal izanez gero, atsegin duzun horretan formatzea aukera ona izan daiteke.

An Liu - Txina
Zortzi urte daramatzat Lasarte-Orian bizitzen. Bertako jendeak ondo jaso nau; lasarteoriatarrak oso atseginak dira, eta esan dezaket gustura bizi naizela hemen. Oso maitagarria da jendea. Nire negozioa martxan jartzeko aukera izan dut, eta horri dagokionez, azaldu nahi dut jendeak oso ondo erantzun diola; lasarteoriatarrak baloratzen du egiten dudan lana. Bi seme-alaba ditut, eta herriko ikastetxean ikasten dute. Gustura dabiltza horiek ere.