Talde ederra sortu dute Earra bertso eskolan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2023ko maiatzaren 5a

Earra bertso eskolako ikasleak, mikrofonoen aurrean, Bea Egizabal gai jartzailearen jarraibideak entzuten, Udaberriko saioan.

Plazaz plaza dabiltza azkenaldian Earra bertso eskolako ikasleak, astero ikasten dutena praktikan jarri eta bertsolaritzaz gozatzen. Errimaz errima eta puntuz puntu, eskolaz kanpoko ekimen zena talde eder bilakatu da. Irakaslearekin eta ikasle batzuekin elkartu da TXINTXARRI.

Artikulu hau idatzi duen kazetariak askotan pentsatu du, kronometro bat aurrean jarriz gero, titular bat zenbat denboran idatziko lukeen. Izerditan hasi da jakin duenean Earra bertso eskolako ikasleek bete beharreko baldintzak zeintzuk izan ziren, martxo amaieran Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan parte hartu zutenean: ofizioetan 30 segundo eta bakarkakoan minutu bat, bertso bat osatzeko. Ez da batere lan makala, kontuan izan behar duten guztia aintzat hartuta: nola bukatu, gaia zein ideiekin josi, nola errimatu... 

Gauza horiek guztiak eta gehiago lantzen dituzte Earra eskolako partaideek Lierni Rekondo irakaslearekin, Oriarte institutuko Landaberri eraikinean aurrera eramaten dituzten saioetan. Liernirekin berarekin eta zenbait ikaslerekin elkartu da TXINTXARRI, esku artean dutenari buruz gehiago jakiteko: Maddi Lasa, Araitz Ramos, Nikola Iraola eta Xuban Urdalleta. Gaurkotasunak agintzen omendu kazetaritzan, eta, horri helduta, apirilaren 29ko Udaberriko Bertso Saioan bizitakoari buruzkoa izan da lehen galdera –6. orrian irakur eta ikus ditzakezue saioaren kronika eta argazkiak–.

Gustura izan da erantzunetan gehien errepikatu duten hitza. Nikola: "Gure herrian horrelako aukera bat izatea pozgarria da; lasai eta gustura aritu nintzen". Maddi ere antzera aritu zen, baina onartu du kultur etxeko auditorioan bildu ziren ikus-entzuleak ikusteak inpresioa egin ziola. "Eskolarteko txapelketa hilabete bat lehenago jokatu genuenez, horrek lagundu zidan urduritasuna hobeto kudeatzen, baina egia da presio pixka bat ere nabaritu nuela Ane Labaka, Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bezalako bertsolariekin batera aritzean", adierazi du Xubanek. Nerbioak nerbio, ekitaldi horretan parte hartu zutenak elkarrekin igo ziren oholtzara, eta horrek lasaitu zituela esan dute lauek.

Gazte, lasarteoriatar, euskaldun eta bertsolari izateagatik entzun behar izaten dituztenei buruz abestu zuten; hori izan zen gaia.  "Ikuspuntu ezkor batetik" heldu zion gaiari Nikolak, nahiz eta balioan jarri duen bertso eskolan egiten ari direna: "Herri erdaldun izatearen fama du Lasarte-Oriak, eta bada, asko, baina beno, hemen gaude gu, hamabost bat kide gara eta horietako bost Eskolarteko txapelketan izan ginen. Bestalde, egia da hemen gaudenak euskara sustatzen aritzen garela beste alor batzuetan, 'betikoak' garela". Martxo amaierako lehiaketa horri heldu zion Xubanek, kontraesan bati buruz aritzeko: "Horra iritsi izana meritu handia izan da batzuontzat, baina beste askok ez dute ezagutu ere egiten".  

Gai hori interesgarria dela onartu dute lauek, baina Araitz eta Maddik gogoeta hau egin dute: ez zela errazena izan, kontuan izanda bertsoak bat-batean bota behar dituztela. "Hasieran konplikatua iruditu zitzaidan, baina ikaskideek nola lantzera zihoazen ikustean, lasaitu eta heldu nion nik ere", esan du Araitzek. Horri lotuta, berehalakotasun horren gauza zailenetako bat da bakoitza esatera doana kontrolatzea uneoro, dena delakoa bota eta gero ez damutzeko. "Baina tira, bertsoak egiteko modu horren gauzetako bat da hori".

Eskolarteko txapelketa

Udaberriko Bertso Saioa apirilean, eta Eskolarteko txapelketa martxoan. Liernik gogoratu duenez, urtarrilean hasi ziren lehiaketa hori prestatzen: "Azkartasuna landu genuen hasieran, gero esan behar genuena nola esan, gero txukuntasuna...". Araitz: "Exijentzia igo egin genuen pixkanaka". Egindako ibilbidea aztertu du Xubanek: "Eboluzionatu egin dugu: hasieran bertsoak denborari begiratu gabe botatzen genituen, gero azkarrago, gero kronometroa eta guzti jarrita... Bat-batekotasuna landu dugu". Ikasturte hasieran bi talde desberdinetan aritzen ziren lau ikasle horiek, baina elkartu egin ziren Eskolartekoa prestatzeko. "Oso polita izan da ikustea nola sortu duten talde handi bat", adierazi du, harro, irakasleak.

Zarauzko kanporaketan aritu ziren Araitz eta Maddi; Nikola, Xuban eta beste taldekide bat, Oihan, Amezketan. "Gogoratzen dut oso urduri izan nintzela aurreko egunetan; momentua iristea eta bukatzea nahi nuen", oroitu du Nikolak. Gero, ordea, "asko" gozatu zuen, ez bakarrik saioaz, baita afariaz ere: "Jende bikaina ezagutu genuen". Maddik, esaterako, uste zuena baino askoz hobeto kudeatu zuen presioa: "oso urduria" izan arren. Araitzek, aldiz, justu kontrakoa sentitu zuen, abesten hastekoa zenean kirioak dantzan zituelako, Xubanek bezala. Edonola ere, egindakoarekin gustura geratu ziren biak.

Ikus-entzuleen artean aurpegi ezagunak ikusi zituzten Araitzek eta Maddik, familiakoak batez ere. Nikolak eta Xubanek, kuadrillakoak ere bai. "Ederra izan zen gure fazeta hori ezagutzea lagunek: gu, bertsotan". Liernik gogoratu duenez, irakasleekin batera joan ziren gazteak. "Oso polita da lortu dutena ikustea".

Eskolartekoaren bueltan dena ez zen presioa eta urduritasuna izan, ordea. Finalaren asteburuan, apirilaren 21etik 23ra artekoan, Lasturren izan ziren asteburu pasa, bertsolaritzaz gozatzen eta jende berria ezagutzen. "Ikaragarri ondo pasa genuen, oso plan polita da eta bertsolaritzaren bueltan dabilen jende asko ezagutzeko aukera ematen dizuna", nabarmendu du Maddik.

Jarduera bat baino gehiago

Polita da baita ere saioz saio, ariketaz ariketa eta esperientziaz esperientzia landu duten giroa, bat-batekotasuna lantzetik abiatu eta iraunkorra izango dena. "Eskolartekoa eta Udaberriko Bertso Saioa tarteko, azken asteburuak elkarrekin pasa ditugu", adierazi du Liernik. Ariketa, errima eta bertsoetatik harago proiektu batzuk martxan jartzen ari dira: kirol jertse batzuk egin nahi dituzte, esate baterako. Hori aurrera eramateko dirua lortzeko, etxez etxe abestu zuten Eguberrietan, eta poltsa batzuk salgai jarri dituzte. 

Aurreratu dute ikasturte amaieran Eskolarteko txapelketaren antzeko saio bat egingo dutela, Lasarte-Oriari begira, orduan egin zituzten ariketetan oinarrituta: hasierako eta amaierako agurrak, lau oinak emanda, ofizioetan bina bertso, puntuka trikitixarekin, puntu-erantzuna eta bakarkakoa. Beste proposamen batzuk ere jaso dituzte, aztertu eta adosteke dituztenak.
Txantxetan esan dute "erdi sekta" bilakatzen hasiak direla, "gurekin aritu eta atera ostean, berriro biltzen direlako gugana". Dena den, Earra ez da talde itxi horietako bat, kontrakoa baizik: "Edonor etor daiteke". Eskolan izena eman nahi dutenek earrabertsoeskola@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali behar dute, arduradunekin harremanetan jartzeko.

Erlazionatuak