Bea Egizabalek amets bat zuela aitortu zuen iazko Udaberriko Bertso Saioan: gai jartzaile izatea. Nahia betetzeko, ordea, oztopo –aurkezle– ugari izan zituen. Gaur, berriz, arantzatxoa kendu du, nahi beste gai jarrita. Etxeko lanak eginda, edo ohar ugari bilduta, behintzat; enkargua egoki betetzeko prest irten da agertokira. Orrietan idatzitakoa partekatu du bertaratutakoekin, eta beharrezkoak gainbegiratuta, ondorio xelebre batera iritsi da: bertso saio bat bertsolari gabe egin daiteke, ez ordea, gai jartzailerik gabe. Hala ere, Ane Labaka, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita etorri dira gaurkora. Saioaren izenburuarekin lotura eginez, azken bertsolari hori "tradizioari traizioa" dela bota du Egizabalek, normalean Maialen Lujanbio izaten baita hirukoteko osagaia. Eseri direnean, bideo bat izan dute ongietorri: bi mutikori hiruen argazki bana eman eta nor diren galdetu diete. "Bertsolaria" hitza ez da beraien erantzunetan agertu.
Bere estiloko gai jartzailea izan da sudur gorria; gaia behin bertsolariei azaldu (edo) eta beste behin publikoari kontatu baitio, entzun izan ez balute bezala. Ezarritako lehena erraza zen aurreikusten, tradizionala izanda: "Kaixo esan jendeari". Ondoren, ofiziotan jarri ditu Labaka eta Egaña. Lehen kolpean iturgin bilakatu nahi izan du zarauztarra, barreen ondoren, ordea, "Eskerrak gauzak aldatu diren" izan da gaia. Labakak, aldaketak aldaketa, "bion artean oraindik ere, iturgina zu zinake" zehaztu du, eta hurrengo bertsoan Lujanbiok behin esandakoa gogoratu du: "Dena aldatzen da aldatzen ez den oinarri baten gainean". Egañak horri eutsi dio erantzunean "baina aldaketa iristen bada, soil-soilikan azalera / garaiz gaude eta goazen, ba, Ane, oinarriak aldatzera".
Sortzaileen txokoa
Udaberriko Bertso Saioa herriko sortzaileen erakusleiho txikia ere bada. Agertokira irteten lehena Ibai Morales izan da, aita txalapartaria izan arren beatboxean aritzen da; eta horri tiraka, Egaña eta Enbeitarentzako zeregina: Zertan egin dioten traizio gurasoei. Aitortzak askotarikoak izan dira, esaterako, gurasoak ez bezala, zurruteroa eta ateoa dela Egañak; bezperan eta neska jaio izana edo Rocío Jurado gustatzen zaiola Enbeitak. Labakak bakarka egin du hurrengoa. Egizabalek elkarrekin Erradikalak gara eta Erradikalak ginen ikuskizunetan aurrera eramandako traizioetako batzuk aipatu ditu eta zer suposatu dioten galdetu. Bertsoaldian, ordea, lasarteoriatarrak onartu du ez dela nahiko lukeen bezain erradikala.
Dantzaren txanda izan da ondoren. Araitz Ramos eta Uxue Odriozolak euskal dantzatik jo dute eta Javier Herrerosek dantza urbano erakustaldia egin du. Hori Lekeitioko Kaixarranka emakume batek lehenengoz dantzatu izanarekin lotu du Egizabalek, horren ardura zuen gizona lesionatu izana kausa zela argituz. Enbeitari galdera probokatzaile bat proposatu dio: Hor egon behar dugu zain gizon guztiak lesionatu arte edo guk lesionatu behar ditugu? Txalo eta barreen ondoren ekin dio muxikarrak beste galdera bat eginez: "Alda ezina gauza bat dago, ta igual da eguzkia / beraz, zergatik ez da aldatu, aldatu ez den guztia?" eta aurkezleak egindakoari erantzunez, "beraz, nola ez, aurrerantzean zerbait egin dezakegu / eta aldaketa nahi ez dutenak lesionatu ditzakegu".
Tote bag-a edo makutoa
Muturreko neurri horretara heldu beharrik ez izateko, tradizioa nola sortzen eta aldatzen den azalatzen ahalegindu da Egizabal. Saiatu da, baina lortu duenik ezin da ziurtatu. Egaña berarentzat zelakoan altxa da, baina Labakak eta Enbeitak asmatu behar izan dituzte bertsoak marraztutako anabasari begira. Gero, Aiorak irakurritako poesian oinarritu behar izan du Egañak bere txandan. Eta jarraian, Earra bertso eskolako kideak jarri dira mikro aurrean. Gazte, lasarteoriatar, euskaldun eta bertsolari izateagatik traidore direla entzun behar izan dute maiz eta hori izan dute kanturako ardatz. Oholtzatik joan direnean, mutiko batek bertso eskolako poltsa bana oparitu dio bertsolari hirukoteari, eta horrek Egizabal haserretu du, izan ere, bera izanik garrantzitsuena, halakorik ez baitu jaso. Kexatu da eta berari ere eman diote. "Ez da beharrezkoa. Ze sorpresa! Ni naizen umila... Ez nuen espero", esanez eskertu du oparia.
Kopletarako gai erabili du poltsa eta bertan idatzitako "Errima bat falta zait" mezua. Lierni Rekondok eskusoinuarekin lagundu ditu azken ariketa horretako bertsoak. Sirimiria badago aterki gisa erabil dezakeela aipatu du Enbeitak, Egañak, hondartzarako, eta Labakak konpretarako: Ruizen, sagarrak, eta petxuga, Etxezarretan. Hurrengo bueltan, Enbeitak eta Labakak Egañaren itxurari erreparatu diote. Lehenak hala esan dio: "Ni Andoniri begira, poltsak sobakoan gira/pleistozenotik ez zara joaten harategira"; Egañak zuzendu dio "Makutoak modan zeuden gu gazteak ginenean"; eta Labakak gehitu: "Xelebretso zaude hara!/ Hau ote da jantzi dezun lehengo tote bag-a?". Ulertu ez duelakoan Enbeitak eskutan hartu du poltsa eta esan dio: "Hau tote bag da, laztana, asta labur bi dauzkana/makutoa zen luze eta gurutzatua zeukana". Zarauztarrak "Ez zaidazu esan, benga/makuto erraz esaten da/ Zuk nola jakingo dezu jaio gaberik zeuden-eta".
Amaitzeko, Earrako gazteen bideo labur bat ikusi, eta partaide guztiak agertokira irten dira. Haien aurrean egin dute bertsolariek agurra. Hau da, "esan agur jendeari".